Kontziliazio baimenak
Bizitza pertsonala, familia-bizitza eta lan-bizitza uztartzea kontziliazio-eskubide eta -neurri desberdinen bidez gauzatzen da. Eskubide eta neurri horiek behar pertsonal, familiar eta zaintza-behar jakin batzuei erantzuteko aukera ematen dute.
Neurri horiek, besteak beste, denbora jakin batez lanera ez joatea, lanaldia egokitzea edo murriztea, eszedentzia hartzea edo lana egiteko baldintza jakin batzuk aldatzea izan daitezke.
Eskubide edo neurri bakoitzak bere baldintzak, iraupena, eskakizunak eta ondorioak ditu. Batzuk ordainduak dira; beste batzuek, berriz, diru-sarreren murrizketa edo aldi baterako etetea ekar dezakete.
Kasu bakoitzean zer eskubide eta neurri dagozkion jakiteko, garrantzitsua da kontuan hartzea non dauden araututa:
- Lan- edo enplegu publikoko araudian, aplikatu beharreko oinarrizko eskubideak eta baldintzak ezartzen baitira. Araudi nagusiak Langileen Estatutua (LE) eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua (EPOE) dira.
- Aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan, legez ezarritako eskubideak zehaztu, garatu edo hobetu baitaitezke, eta haren aplikazio-eremuaren barruan bestelako kontziliazio-neurriak ere jaso daitezke.
- Enpresaren edo erakundearen berezko akordio, itun eta neurrietan, baldintza onuragarriagoak ezar edo kontziliazio-neurri osagarriak txerta baitaitezke, betiere aplikatu beharreko araudia eta hitzarmen kolektiboa errespetatuz.
Horregatik, kontziliazio-eskubide edo -neurri bat eskatu edo baliatu aurretik, komeni da egiaztatzea zer araudi aplikatzen den, zer ezartzen duen hitzarmen kolektiboak eta erakundeak baldintza horiek hobetzen dituzten berezko akordio, itun edo neurririk duen.

