Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Kontzilia Aintzatespenak

Kontzilia Aintzatespena, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak sustatua eta EUSKALITekin lankidetzan garatua, erakundeen kudeaketan bizitza pertsonalaren, familiarraren eta lanaren arteko bateragarritasunaren integrazio-maila aitortzea du helburu.

Ekimenaren oinarria EUSKALITek garatutako Kontziliazioaren Kudeaketarako Gida da, eta Kudeaketa Aurreratuaren Ereduarekin lerrokatuta dago. Helburua da kontziliazioa modu zeharkakoan txertatzea estrategian, pertsonetan, bezeroetan, gizartean, berrikuntzan eta emaitzetan.

Programa Euskadin jarduera duten edozein erakunde publiko zein pribaturi zuzenduta dago, sektorea, tamaina edo forma juridikoa edozein dela ere. Izaera progresiboa du, eta helburua da kontziliazioaren integrazio egituratua sustatzea, erantzunkidetasuna eta aukera-berdintasuna bultzatzea, eta lehiakortasun jasangarrian laguntzea.

Kontzilia Aintzatespena lau mailatan egituratzen da, eta erakundeen heldutasun-maila desberdinak islatzen ditu:

  • Kontzilia URDINA: kontziliazio-plan bat (edo baliokidea) izatea eskatzen du, aurretiazko diagnostiko batean oinarritua, erakundera egokitua, parte-hartzailea eta helburu, neurri eta jarraipen sistema definituekin.
  • Kontzilia BRONTZEA: aurrekoaz gain, gutxienez hobekuntza-ziklo bat garatuta izatea, autodiagnostiko bat egitea Kontziliazioaren Kudeaketarako Gidaren bidez eta hobekuntza-plan bat edukitzea eskatzen du.
  • Kontzilia ZILARRA: gutxienez bi urtez kudeaketa sistematikoa izatea eskatzen du (baliabideekin, adierazleekin eta langileen pertzepzioaren azterketarekin). Horrez gain, kanpo-ebaluazio bat gainditu behar da, eta gutxienez “garatua” maila lortu Estrategia eta Pertsonak ataletan.
  • Kontzilia URREA: maila aurreratu eta sendotua aitortzen du, emaitza frogatuekin eta garapen-maila altuarekin; aurreko baldintzez gain, gutxienez lau ataletan “garatua” maila lortzea eskatzen du, tartean Estrategia, Pertsonak eta Emaitzak.

Programa urtero egiten diren deialdien bidez garatzen da. 2026ko edizioan, eskaerak aurkezteko epea martxoaren 1etik maiatzaren 31ra egongo da zabalik, eta dokumentazioa aurkezteko epea ekainaren 30era arte (Urdina eta Brontzea mailak) eta uztailaren 31ra arte (Zilarra eta Urrea mailak) luzatuko da.

Eskaera plataforma digitalaren bidez egin behar da: erakundea erregistratuz, eskatzen den informazioa betez eta hautatutako maila adieraziz.

Informazio gehiago eta programarako sarbidea

Kontziliazioaren Kudeaketarako Gida (PDF, 965 KB) (leiho berri batean irekitzen da)