Zer da kontziliazio erantzunkidea?
Kontziliatzea bizitzako bi eremu edo gehiago bateragarri egitea da. Bizitza pertsonala, familia-bizitza eta lan-bizitza uztartzeaz hitz egiten dugunean, pertsonen bizitzaren parte diren hainbat eremu modu orekatuan eta gogobetegarrian garatzeko aukeraz ari gara:
- Eremu pertsonala: atsedena, norberaren zaintza, aisia, denbora librea, gizarte-partaidetza…
- Familia-eremua: harreman afektiboak, hazkuntza, hezkuntza eta zaintzak.
- Lan-eremua: jarduera profesionala, lan-garapena eta baliabide ekonomikoak eskuratzea.
Eremu horiek bateragarri egiteak pertsonen beharrak kontuan hartzen dituen gizarte- eta lan-antolaketa eskatzen du. Horregatik, kontziliazioa erantzunkidetasunaren ikuspegitik landu behar da; hau da, erantzukizunak modu orekatuan banatuz pertsonen, familien, erakundeen eta administrazio publikoen artean.
Erantzunkidetasunak hainbat eremutan egon behar du:
- Familietan, etxeko lanak, hazkuntza eta zaintzak familia osatzen duten pertsonen artean modu orekatuan banatuz, erantzukizun horiek nagusiki emakumeen gain gera ez daitezen.
- Lan-eremuan, enpresen eta langileen konpromisoaren bidez, antolaketa- eta ekoizpen-beharrei zein pertsonen eta familien beharrei erantzuteko formulak bilatuz.
- Gizartean, zaintzak, berdintasuna eta kontziliazioa erraztuko dituzten politika publikoen, zerbitzuen, hezkuntza-ereduen, hiri-inguruneen eta gizarte-antolaketaren bidez.
Kontziliazio erantzunkideak hainbat eragileren parte-hartzea eskatzen du:
- Familiei, etxeko erantzukizunak, hazkuntza eta zaintzak modu bidezkoan banatuz, familia-unitatea osatzen duten pertsonen adinera eta gaitasunetara egokituta.
- Enpresei eta erakundeei, berdintasun-politikak eta langileen bizitza pertsonala, familia-bizitza eta lan-bizitza uztartzea erraztuko duten neurriak txertatuz.
- Administrazio publikoei, berdintasuna, erantzunkidetasuna eta kontziliazioa sustatuko dituzten politikak, zerbitzuak eta baliabideak garatuz.
- Sindikatuei eta langileen ordezkaritzari, kontziliazio- eta erantzunkidetasun-neurriak negoziazio kolektiboan txertatzea sustatuz.
- Langileei, kontziliazio-neurriak eta -eskubideak erabiliz eta lan-ingurune erantzunkideak eraikitzen parte hartuz.
