Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Nola eskatu baimen bat

Jarraian, zure enpresan baimenak eskatzeko ereduak emango dizkizugu.

Informazio gehiago edo zalantza bat argitu nahi baduzu, jar zaitez harremanetan gure kontsulta-zerbitzura mezu bat bidalita. Zerbitzu hori "informazio orokorra" atalean aurkituko duzu.

Lanaldi-murrizketa Langileen Estatutuaren 37.6, 37.7 eta 34.8 artikuluetan arautzen da. Eguneko lanaldia murrizteko aukera da, eta, horren ondorioz, soldata proportzionalki murriztuko da.

Familia-arrazoiengatik 3 lanaldi-murrizketa daude:

  • Legezko zaintza dela eta (Langileen Estatutuaren 37.6 artikulua):
    • 12 urtetik beherakoak edo desgaitasuna duen eta ordaindutako jarduerarik egiten ez duen pertsona bat zaintzeko.
    • Adinagatik, istripuagatik edo gaixotasunagatik bere kabuz baliatu ezin den eta ordaindutako jarduerarik egiten ez duen senideren bat (odolkidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko 2. mailara artekoa) zaintzeko.
    • Ezkontidea edo izatezko bikotekidea zuzenean zaintzeko, adinagatik, istripuagatik edo gaixotasunagatik bere kabuz baliatu ezin bada eta ordaindutako jarduerarik egiten ez badu.

Lanaldi-murrizketak kotizazioaren ehunekoan du eragina. Lehen kasu horretan, lehenengo 3 urteak 100% kotizatutzat hartuko dira erretiroagatik, ezintasun iraunkorragatik, heriotzagatik eta biziraupenagatik, jaiotzagatik eta adingabea zaintzeagatik Gizarte Segurantzak ematen dituen prestazioen ondorioetarako. Langabezia-prestazioari dagokionez, berriz, lanaldi osoan edo partzialean (murrizketarik gabe) lan egin izan bazen moduan kalkulatuko da. 

  • Minbizia (tumore gaiztoak, melanomak eta kartzinomak) edo iraupen luzeko ospitaleratzea dakarren eta etengabe zaindu behar den beste edozein gaixotasun larri duen ardurapeko adingabea (ospitalean eta tratamendu jarraituan) zaintzeko(Langileen Estatutuaren 37.6 artikulua):

Kasu horretan, lanaldi-murrizketaren aldi osoan, Gizarte Segurantzako kotizazioak zenbatuko dira langilea lanaldi-murrizketarik gabe egon izan balitz bezala. Hau da, zenbatekoaren % 100a kotizatuko du, erretiroagatiko, ezintasun iraunkorragatiko, heriotza eta biziraupenagatiko, adingabearen jaiotza eta zaintzagatiko, haurdunaldiko arriskuagatiko, edoskitzaro naturaleko arriskuagatiko eta aldi baterako ezintasunagatiko prestazioen ondorioetarako. Langabezia-prestazioaren oinarri arautzailea kalkulatzeko ere % 100ean zenbatuko dira.

  • Seme-alaba garaia baino lehen jaio baldin bada eta erditzearen ondoren ospitalean egon behar badu(Langileen Estatutuaren 37.7 artikulua).

ESKAERA EREDUA: 

lanaldiarenmurrizketa.docx (DOCX, 24 KB) 

Langileen Estatutuaren 46. artikuluak borondatezko zein nahitaezko eszedentziak arautzen ditu. Aukera ematen die langileei lan-harremana eteteko, edozein interes pertsonal edo profesionalengatik. Borondatezko eszedentzien artean daude, besteak beste:

  • Norberaren interesagatiko borondatezko eszedentzia (Langileen Estatutuaren 46.2 artikulua): enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten langileek eskubidea dute borondatezko eszedentzia hartzeko, gutxienez 4 hilabetekoa eta gehienez 5 urtekoa. Pertsonak ez du inolako ordainsaririk jasotzeko eskubiderik, eta aldi hori ez da zenbatuko antzinatasunaren, kotizazioen edo gizarte-prestazioen ondorioetarako.
  • Seme-alabak zaintzeko borondatezko eszedentzia (Langileen Estatutuaren 46.3 artikulua): langileek gehienez hiru urteko eszedentzia hartzeko eskubidea izango dute seme-alaba bakoitza zaintzeko, baita adoptatua bada ere, edo adopzio-helburuko zaintza edo harrera iraunkorrerako bada (jaiotza-datatik edo, hala badagokio, ebazpen judizial edo administratiboa ematen denetik zenbatzen hasita). Eszedentzia-aldian Gizarte Segurantzaren prestazioen ondorioetarako kotizatuko da: erretiroa, ezintasun iraunkorra, heriotza eta biziraupena, amatasuna eta aitatasuna. Antzinatasunerako ere zenbatuko da, eta altarekin parekatutako egoeratzat hartuko da langabezia-prestazioak lortu ahal izateko.
  • Ahaidea zaintzeko borondatezko eszedentzia (Langileen Estatutuaren 46.3 artikulua): langileek gehienez bi urteko eszedentzia hartzeko eskubidea izango dute (negoziazio kolektiboan iraupen luzeagoa zehaztea posible da) ezkontidea edo izatezko bikotekidea zaintzeko, edo odolkidetasuneko eta ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailarainoko senide bat zaintzeko, izatezko bikotearen odolkidetasunezko ahaidea barne, baldin eta adinagatik, istripuagatik, gaixotasunagatik edo desgaitasunagatik bere kabuz baliatu ezin bada eta ordaindutako jarduerarik betetzen ez badu. Kasu horretan, kotizatutakotzat joko dira eszedentzia-aldiko lehen hiru urteak, Gizarte Segurantzaren prestazioen ondorioetarako, erretiroagatik, ezintasun iraunkorragatik, heriotzagatik eta biziraupenagatik, amatasunagatik eta aitatasunagatik. Antzinatasunerako ere zenbatuko da.

ESKAERA EREDUA: 

Zaintzarakoeszedentzia.docx (DOCX, 25 KB) (leiho berri batean irekitzen da)

Langileen Estatutuaren 34.8 artikuluak honela arautzen du lanaldiaren egokitzapena:

"Langileek eskubidea dute lanaldiaren iraupenaren eta banaketaren egokitzapenak eskatzeko, lan-denboraren antolamenduari eta moduari dagokienez, baita urruneko lana eskatzea ere, familia eta lana bateragarri egiteko duten eskubidea gauzatzeko. Egokitzapen horiek zentzuzkoak eta proportzionatuak izan beharko dute, langilearen premiei eta enpresaren antolamendu edo produkzio beharrei dagokienez. 
Seme-alabak badituzte, seme-alabek hamabi urte bete arte langileek eskaera hori egiteko eskubidea dute.
Era berean, eskubide hori izango dute hamabi urtetik gorako seme-alabak zaintzeko, langilearen ezkontideak edo izatezko bikotekideak, bigarren mailara arteko odol-ahaidetasunezko ahaideek, baita mendekotasuna duten beste pertsona batzuk zaintzeko ere. Azken kasu horretan, etxebizitza berean bizi direla, eta adinagatik, istripuagatik edo gaixotasunagatik beren kabuz moldatu ezin direla, eta besteak beste, eskaera oinarritzeko inguruabarrak justifikatu beharko dituzte. (...) "

Negoziazio kolektiboan zehaztuko da nola baliatu, eta hori izan ezean, langileak eskaera bat egin beharko dio enpresari, enpresak negoziazio-prozesu bat irekiz. Prozesua ahalik eta azkarren egin beharko da, eta gehienez ere 15 egun iraungo ditu. Epe horretan arrazoitutako aurkakotasunik agertzen ez bada, onartu egin beharko da. Negoziazio-prozesua amaitutakoan, enpresak idatziz jakinaraziko du eskaera onartu duela. Bestela, proposamen alternatibo bat egingo du, langilearen kontziliazio-beharrak ahalbidetzeko. Kasu horietan, arrazoitu egin beharko ditu erabakia hartzeko arrazoi objektiboak.

Lanaldia egokitzeko aukera lanordurik eta kotizaziorik galdu gabe antolatzeko eta bateratzeko formula eraginkorra da; izan ere, adingabeak edo adinekoak zaintzeko ardurak direla eta, aukera bakartzat lanaldia murriztea ikusten dutenei aukera bat ematea lortzen da. Murrizketa batek berehalako soldata murriztea dakar, baita etorkizuneko prestazioak jaistea ere. Hala, lanaldia egokitzea, soldata murriztea ez dakarrenez, kontuan hartu beharreko tresna da kontziliazio erantzukidea errazteko.

ESKAERA EREDUA: 

lanaldiarenegokitzapena.docx (DOCX, 23 KB) 

Langileek bularreko haurra zaintzeko eskubidea dute, eta baimen hori Langileen Estatutuaren 37.4 artikuluan araututa dago:

  • Lanetik ordubetez ateratzea. Baimena 30 minutuko bi zatitan banatu daiteke.
  • Lanaldia ordu-erdiz murriztea, lanaldiaren hasieran edo amaieran. Langileak baimen hori baliatu nahi badu beranduago sartzeko edo lanaldia baino lehen irteteko.
  • Denbora pilatu eta lanaldi osoetan metatzea (hitzarmenak hala arautzen badu).
  • Baimena adingabeak 9 hilabete bete arte har daiteke, baina bi gurasoek, adoptatzaileek, zaintzaileek edo hartzaileek iraupen eta erregimen berarekin baliatzen badute, bularreko haurrak 12 hilabete bete arte luzatu ahal izango da (9. hilabetetik aurrera soldata proportzioan murriztuko da).


Langileak gutxienez 15 egun lehenago jakinarazi beharko dio enpresari zein egun eta nola hartuko dituen, edo hitzarmen kolektiboan zehazten den moduan.

ESKAERA EREDUA: 

Bularreko-haurren-zaintzarako-baimen-eskaera.docx (DOCX, 18 KB) (leiho berri batean irekitzen da)

Baimen hori Langileen Estatutuaren 48. artikuluak arautzen du, eta langileei eskubidea ematen die seme-alabak edo harreran hartutako adingabeak zaintzeko urtebetetik gorako baimena izateko, adingabeak zortzi urte bete arte.

Gehienez ere zortzi asteko iraupena du, jarraituak edo etenak, eta lanaldi oso edo lanaldi partzialeko erregimenean har daiteke, erregelamenduz ezarritakoaren arabera.

Guztira 8 aste dira, eta ez urteko 8 aste.

Langileari dagokio hartzeko aldiak noiz hasi eta amaituko diren zehaztea, eta hamar egun lehenago jakinarazi beharko dio enpresari, edo hitzarmen kolektiboetan zehaztutakoa. Ezinbesteko kasuetan izan ezik, enpresaren egoera eta enpresaren antolamendu-beharrak kontuan hartuko dira. Baimena hartu bitartean, enpresak alta eta kotizazioa mantendu beharko ditu, langileari dagokionez.

ESKAERA EREDUA: 

8astekobaimenaeskatu.docx (DOCX, 24 KB) (DOCX, 24 KB) (leiho berri batean irekitzen da)