Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Lan- espazioari lotutako neurriak

Espazio-neurriak lana egiten den lekuari eragiten dioten neurriak dira, eta honako galdera honi erantzuten diote: non egiten da lan?

Neurri horiek bizitza pertsonala, familia-bizitza eta lan-bizitza uztartzea errazten lagun dezakete, bereziki joan-etorriak murriztea edo lana egiten den lekua behar jakin batzuetara egokitzea ahalbidetzen dutenean.

Espazio-neurrien artean dago urrutiko lana, modu erregularrean egiten denean legez araututa dagoena. Urrutiko lanaren barruan sartzen da telelana; telelana baliabide eta sistema informatiko, telematiko eta telekomunikaziokoen erabilera esklusibo edo nagusiaren bidez egiten den urrutiko lanaren modalitatea da.

Horrez gain, erakundeek lan-lekuarekin lotutako beste neurri batzuk ezar ditzakete, beren ezaugarrien eta plantillaren beharren arabera kontziliazio-aukerak hobetzeko.

Jarraian, urrutiko lana xehetasun handiagoz azaltzen da.

DESKRIBAPENA

Urrutiko lana lana antolatzeko modu bat da, zeinaren bidez lan-jarduera, modu erregularrean, langilearen etxean edo hark aukeratutako beste leku batean egiten baita, lanaldi osoan edo lanaldiaren zati batean.

Telelana urrutiko lanaren modalitate bat da, eta baliabide eta sistema informatiko, telematiko eta telekomunikaziokoen erabilera esklusibo edo nagusiaren bidez egiten da.

Urrutiko Lanari buruzko uztailaren 9ko 10/2021 Legearen bidez arautu da urrutiko lana, modu erregularrean egiten denean. Ondorio horietarako, urrutiko lana erregularra dela ulertzen da hiru hilabeteko erreferentzia-aldi batean gutxienez lanaldiaren % 30 urrutitik egiten denean, edo kontratuaren iraupenaren arabera dagokion ehuneko proportzional baliokidea egiten denean.

Urrutitik lan egiten duten pertsonek aurrez aurre lan egiten duten pertsonek dituzten eskubide berberak dituzte, modalitate honen berezitasunak alde batera utzi gabe.

FUNTZIONAMENDUA

Urrutiko lana, oro har, borondatezkoa da bai langilearentzat, bai enpresarentzat, eta urrutiko lanerako akordioa idatziz formalizatzea eskatzen du.

Akordioa hasierako kontratuan txerta daiteke edo geroago formalizatu.

Besteak beste, honako alderdi hauek jaso behar ditu:

  • Urrutiko lana egiteko beharrezkoak diren bitartekoen, ekipoen eta tresnen inbentarioa.
  • Modalitate horrek sor ditzakeen gastuen zerrenda eta horiek konpentsatzeko modua.
  • Lan-ordutegia eta, hala badagokio, erabilgarritasun-arauak.
  • Aurrez aurreko lanaren eta urrutiko lanaren arteko ehunekoa eta banaketa.
  • Urrutitik lan egiten duen pertsona atxikita dagoen enpresako lantokia.
  • Urrutiko lana egiteko aukeratutako lekua.
  • Itzulgarritasuna baliatzeko aurreabisurako epeak, hala badagokio.
  • Jarduera kontrolatzeko enpresaren bitartekoak.
  • Zailtasun teknikoak gertatuz gero jarraitu beharreko prozedura.
  • Datuen babesari eta informazioaren segurtasunari buruzko jarraibideak.
  • Urrutiko lanerako akordioaren iraupena.

Gainera, Langileen Estatutuak lana egiteko moduan egokitzapenak eskatzeko eskubidea aitortzen du, urrutiko lana barne, kontziliazio-beharrak daudenean, betiere eskatutako neurriak arrazoizkoak eta proportzionatuak badira langilearen beharrekiko eta enpresaren antolaketa- edo ekoizpen-beharrekiko.

ONURADUNAK

  • Enpresarekin urrutiko lana egitea adosten duten langileak.
  • Legeak edo negoziazio kolektiboak urrutiko lanerako berariazko eskubidea aitortzen dien pertsonak.
  • Kontziliazio-beharrengatik egokitzapen-neurri gisa urrutiko lana eskatzen duten langileak, legez aurreikusitako baldintzetan.