Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Sindikatuak

Sindikatuek, langileen interes profesional, ekonomiko eta sozialen defendatzaile eta sustatzaileak diren aldetik, funtsezko zeregina dute familia eta lana bateragarri egitean.

Negoziazio kolektiboa eremu pribilegiatua da oraindik lan-merkatuan dirauten genero–desberdintasunak zuzentzeko, batetik, eta bestetik, langileen familia eta lana hobeto uztartzen uzten duten irtenbideak ezartzeko.

Lan-hitzarmenen bitartez, enpresariek eta langileek, adostasunean mugatu eta arautzen dituzte euren erakundeetako lan-baldintzak eta produktibitatea, eta alderdi bakoitzari dagozkion eskubide eta betebeharrak. Hitzarmenen izaera berriztatzailea, eta enpresa bakoitzari, bere berezitasunei eta bertan diharduten pertsonen egoerei egokitzeko duten garrantzizko ahalmena direla medio, emakumeen eta gizonen artean benetako berdintasuna lortzeko tresnarik onenetariko bat bihurtzen dira.

Zentzu horretan, beharrezkotzat jotzen da sindikatuek era aktiboan lan egitea, lan-hitzarmenen negoziaketetan, familia eta lanaren kontziliazioari lehentasuna emateko; horrela, lan-hitzarmenetan neurri gehiago sar daitezen, neurrien inguruan dauden lege-aurreikuspenak hobetuz eta, horiez gain, araudian aurreikusita ez dauden egoerei erantzuteko bestelako neurriak ezarriz.

Hitzarmen kolektiboetan, familia eta lana bateragarri egitea denon eginkizun moduan planteatu behar da; hau da, gizarte-eskubide kolektibotzat hartu behar da. Halaber, kontziliazioa ulertzeko moduan, pertsonen bizitzaren hiru denborak hartu behar dira kontutan (ekoizte-lana, familiarentzako denbora eta aisialdia), ez bakarrik lehenengo biak, non gizonek eta emakumeek eskubideak eta betebeharrak dituzten.

Ikuspuntu horretatik, beharrezkoa da sindikatuek aurreraeginezko estrategia ezartzea -ez hain moldaerazkoa-, familia eta lana bateragarri egiteari buruzko lege-testuetan jasota dagoena kopiatzearen erosotasunean geratu gabe, bateragarritasun-eskubidea defendatzeko eta emakumezko eta gizonezko langileen beharrei era berdinean erantzuteko moduan.

Sindikatuek honela izan daitezke lagungarri familia-kontziliaziorako:

  • Negoziazio kolektiboan familia eta lana bateragarri egiteko neurriak sartuz, araututa daudenak hobetzeko, eta egungo legediak betetzen ez dituen bateragarritasun-behar berriei erantzuna emateko.
  • Negoziazio kolektiboan parte hartzen duten eragileak, familia eta lana bateragarri egitearen arloan trebatuz.
  • Gaur egun bateragarritasunaren arloan dauden araudiak eta neurriak langileei ezagutu araziz eta horren inguruan sentsibilizatuz.

Azken aldaketako data: