Segurtasun Saila

Argitalpen-data: 2017/06/04

Bertan behera utzi dira Galdamesen hildako espeleologoa erreskatatzeko lanak.

Kobazuloaren ezegonkortasuna eta horrek erreskate-lanetan ari direnentzat izan dezakeen arriskua ikusita.

Galdamesen hildako espeleologoaren erreskate-lanetan parte hartzen ari diren larrialdietako kidegoek (Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre egiteko teknikariak, Ertzaintzako espezialistak, Euskal Espeleo Laguntza Taldeko kideak eta Asturiseko Printzerriko Meatzeetako Salbamendu Brigadako meatze-ingeniariak) erabaki dute erreskate-lanak bertan behera uztea, kobazulo barruan luizi eta haustura gehiago agertu direla ikusi ondoren.

Larrialdietako kidego horien ustez, kobazuloa ez da batere egonkorra, eta kolapso eta buxadura arrisku handiaren ondorioz berriz ere luiziak gerta daitezkeenez oso arriskutsua izan daiteke erreskatatzaileentzat.

Gaur goizean, esate baterako, 4:30 inguruan, une batez bertan behera utzi dira erreskate-lanak barrunbeko punturik kritikoenean izandako arazo baten ondorioz.

Iturrien arabera, sistema mugimenduan dago eta ez dago jakiterik zer portaera izango duen.

Hildako espeleologoaren familiari eman diote erabakiaren berri, eta hemendik aurrera behar diren neurriak hartuko dira halako zerbait berriz gerta ez dadin.