Segurtasun Saila

Baso suteen arriskuen aurreko herritarrentzako gomendioak

Aurrezaintzako neurriak

  • Seguru asko zure Lurraldeko agintariek uda garaian sua egitea debekatu dute, eta ez dute baimenik emango uztondorik edo bazkarik erretzeko, ezta barbakoarik edo suterik egiteko ere (horretarako prestatutako eremuetan ere ez). Sute-arriskua oso handia denean, txinpartarik edo sugarrik txikienak ere hondamena eragin dezake. Kontsulta ezazu.
  • Dena den, agintarien iritziz sute-arriskua ertaina, handia edo oso handia denean, debekaturik dago mendian sua piztea. Haizea badabil, edo ura hurbil ez baduzu ere, ez piztu surik.
  • Onena mendian surik ez piztea da, baina baimenduta badago, lur garbian eta toki ireki batean egin ezazu, eta suaren inguruan harriak jarri. Ondo itzal ezazu, ura bota eta lurrarekin estali.
  • Ez bota pospolorik edo zigarro-mutxikinik, ezta paperik, plastikorik, beirarik edo sua sorrarazi dezakeen bestelako hondarrik edo material erregarririk ere.
  • Baso-lurretan ez erabili sasi-garbitzeko makinarik, motozerrarik, soldadura-talderik, disko-makinarik edo erradialik.
  • Sute-arriskua dagoen garaietan, mendian sartzeko ona izango litzateke lurra, komunikazio-bideak eta ordezko bideak ondo ezagutzea, eta beti ikuspen handiko lekuetatik ibiltzea. Mendi-ibiliak egiteko, batez ere umeekin edo pertsona nagusiekin bazoaz, seinalatuta dauden bideetatik ibili.

Zer egin baso-suteren batean bazaude

  • Sute bat ikusten baduzu, deitu beti larrialdietarako 112 telefonora.
  • Suaren norabideari erreparatu eta ihes-bidea aurrez ikusi.
  • Su-puntua txikia bada, saia zaitez itzaltzen adarrekin, ura botata edo lurrez estalita.
  • Ezin baduzu itzali, ez zaitez goraka joan, alde egin alboetatik maldan behera eta beti haizearen kontra.
  • Lasai egon, ez korrika egin, eta zapaltzen duzun lurrean arreta jarri.
  • Ahal baduzu, joan zaitez landaredirik gabeko eremu batera edo jada erreta dagoenera. Ez ihes egin sakonune edo sakanetarantz.
  • Haizearen norabideari eta bere aldaketei erreparatu.
  • ke-eremuan bazaude, ahoa eta sudurra musuzapi bustiarekin estali. Likido asko edan.
  • Kea edo sua dauden tokiak ez zeharkatu oinez edo ibilgailuz; ondo ikusten ez baduzu, istripu bat izan dezakezu eta.
  • Zalantzarik baduzu, deitu 112 telefonora eta esaten dizutena egin.
Azken aldaketako data: 2012/09/14