Segurtasun Saila

Larrialdiei Aurre Egiteko bidea

Euskadiko Herri Babeseko Plana edo Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea-LABI Gobernu Kontseiluaren akordio bidez onartu zen, 1997ko ekainaren 24ko bileran, Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibilerako Batzordeak aldeko irizpena eman eta gero.

Euskal Autonomia Erkidegoan, plan hori dugu larrialdien kudeaketa antolatzeko tresna nagusia; hor dauzkagu zehazturik plangintza-lan horrek Euskadin bete behar dituen irizpide orokorrak; hor dago taxuturik babes zibila erakunde-maila guztietan planifikatzeko prozesu osoa; eta hor dago taxuturik orobat Euskadiko babes zibilerako lurralde-plana bera, hau da, antolakuntza-eredu orokor edo arrisku askotarako bat, balio duena hondamendi-larrialdiei aurre egiteko, haietarako plangintza berezirik eduki ez, eta zuzentze-lanak edo koordinazio-lanak erkidego-mailan egin behar direnean.

Indarraldia eta operatibitatea noiz-nola errebisatu behar zaizkion ere badakar. Berrazterketa batzuk urtero-urtero egin daitezke, esate baterako baliabideei eta bitartekoei buruzko informazioan ezer aldatu behar bada, edo mantenimendu-programaren garapenean antzemandako hobekuntzak ere biltzeko; edo berrazterketa bereziak egin daitezke, baldin eta eskarmentuak edo arauetan edo antolakuntzan izandako aldaketek planaren funtsezko zatietan eraginik badute.

Joan da denbora apur bat martxan jarri zenez geroztik, eta bitarte horretan ikusi-ikasiak erakutsi digu LABIren operatibitatea aldatzea komeni dela, babes zibilerako planen –hainbat baitago– edu- kiak berdintzeko, eta hartara, guztietan ere larrialdi-fase berberak egon daitezen aurreikusita. Alerta-aldien, larrialdi-aldien eta errekuperazio-aldien definizioa eta martxan jartzea da aztertu beharrekoa.

Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibilerako Batzordeak txostena egin ondoren, Segurtasuneko sailburuak proposaturik, eta Jaurlaritzak 2015ko urtarrilaren 13ko bileran eztabaidatu ondoren, Euskadiko Herri Babeseko Planean (LABIn) berrazterketa berezi bat egitea onartu da. Berrazterketa horren ondorioz, V. tituluko III. kapitulua, planaren operatibitateari buruzkoa, aldatu da.

Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea (LABI), testu kontsolidatua, 2015eko urtarrilaren 23koa (PDF, 460 KB) (Testu honek informazio-izaera du. Finkatutako araudia da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako egintza edo xedapenetako testuetan beren-beregi adierazitako aldaketak, loturak eta indargabetzeak jasotzen dituena. Testu kautoak dagozkien Aldizkari Ofizialetan argitaratutakoak dira.)

Larrialdiei aurregiteko bidea (PDF, 327 KB) (153/1997 Dekretua, 1997ko ekainaren 24koa, Larrialdiei aurregiteko bidea-LABI deritzan Euskadiko Herri Babeseko Plana onartzen duena eta larrialdiei aurre egiteko euskal sistemak dituen integrazio-bideak arautzen dituena)

Larrialdiei aurregiteko bidearen berrazterketa berezia (PDF, 225 KB) (1/2015 Dekretua, urtarrilaren 13koa, zeinaren bidez onartzen baita berrazterketa berezi bat egitea Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea-LABI deritzan Euskadiko Herri Babeseko Planean)

Azken aldaketako data: 2016/03/01