Segurtasun Saila

Euskalmetek eguraldi aldakorra iragartzen du Santu guztien zubirako

Argitalpen-data: 

Iragarpenen arabera, tenperatura goxoak eta prezipitazioak izango ditugu ostegunean eta ostiralean, eta giro eguzkitsua asteburuan.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenen arabera, Santu guztien zubian eguraldi aldakorra izango dugu, eta tenperatura goxoak eta prezipitazioak izango ditugu lehenengo bi egunetan eta asteburua, berriz, eguzkitsua.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, ostegunean eta ostiralean borraska txiki batek prezipitazioak utziko dizkigu, batez ere ostiralean, azaroaren 2an, eta tenperatura goxoak izango ditugu: 14-15 ºC-koak kostaldean eta 10-15 ºC-koak barrualdean.

Larunbatean eguzkia nagusitzen joango da eta tenperatura maximoak igo egingo dira, eta igandean egoera beretsua izango dugu. Kasu horretan, tenperatura maximoak 15 ºC-tik gorakoak izango dira.

Iragarpen zehatza

Osteguna (2018/11/01)

Orokorrean hodei ugari izango ditugu, eta prezipitazioak batez ere Kantauri isurialdean izango ditugu egunaren hasieran eta amaieran. Eguneko ordu zentraletan euria tarteka egin dezake. Haizeak mendebaldetik joko du. Tenperatura maximoak 15 ºC ingurukoak izango dira itsasertzean eta 10-15 ºC ingurukoak barrualdean.

Ostirala (2018/11/02)

Egun iluna izango da, prezipitazioak orokorrak eta ugariak izan daitezke Kantauri isurialdean. Haizeak ipar-mendebaldetik joko du, eta boladakakoa izango da itsasertzean. Tenperatura maximoak bere horretan mantenduko dira, 10-15 ºC inguruan.

Asteburua (2018/11/03 eta 2018/11/04)

Asteburua eguzkitsuagoa izango da, eta ostarteak nagusituko dira larunbat arratsaldean eta igande goizean, batez ere barrualdean. Haize leuna ibiliko da. Tenperatura maximoek gora egingo dute apur bat, eta orokorrean, beraz, 15 ºC-ak gaindituko dituzte.

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.net) eta Twitter (@Euskalmet) bidez.