Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

A new measure of poverty for the UK. Pobrezia neurtzeko era berri bat Erresuma Batuan

Argitalpen-data: 

Koordinazio Soziosanitarioko taldea

Social metrics Comissionek Erresuma Batuan pobrezia neurtzeko modu berri baten inguruko ikerketa aurkeztu zuen irailean.

Diru sarreren eta pobreziaren inguruko adierazle ugari badaude ere, Erresuma Batuan ez zegoen haurren pobrezia neurtzen zuen adierazlerik, ezta helduena edo erretiratuena ere. Honek politikarien lana zailago egiten du, ezin baitituzte beren erabakien emaitza eta aurrerapenak neurtu.

Social Metrics Comission (SMC) batzorde inpartziala da, profil eta eskarmentu ezberdineko profesionalek osatzen dutena; analistak, politikariak, gizarte langileak…

Batzordea pobreziaren inguruko ikuspuntu berri bat garatzeko bildu zen, Erresuma Batuko familia mota ezberdinak islatzen dituena, eta baita hauek bizi eta pairatzen dituzten esperientziak ere. Gainera adierazle amankomun bat eta pobreziaren kontrako zenbait neurri adosteko ere lagungarri gerta liteke.

Dokumentu hau SMCk azken bi urte t’erdian egindako lanaren emaitza da. Bertan pobrezia neurtzeko modua nola hobetu azaltzen dute, bai Erresuma Batuan baita beste edozein herrialdetan ere.  Batzordeak proposatutako neurketa sistema honek:

  • Baliabide material guztiak hartzen ditu kontuan, ez diru sarrerak bakarrik. Hau da, familia bakoitzak bere eskura dituen baliabideen kalkulu bat egiten du.
  • Zenbait familiek dituzten gastu saihestezinak kontuan hartzen ditu, familia hauek pobrezia sufritzeko arrisku handiagoa izaten baitute. Gastu saihestezinak desgaitasunekin erlazionatutakoak, umeenak edo hipotekak lirateke, besteak beste.
  • Pobreziaren inguruko ikuspuntua edo honen esanahia zabaltzen du, etxebizitzaren egokitasunaren kalkulua ere bertan sartzeko; honela , kalean lan egiten duten guztiak pobrezian daudela ulertzen da
  • Pobreziaren neurketa,  neurketa-marko  zabalago batean sartzen du eta honek pobreziak Erresuma Batuan duen izaera ulertzen laguntzen digu.

Lau puntu hauek oinarri hartuta, informeak neurketa-marko honen inplementazioa azaltzen du, gaur egun Erresuma Batuan dituzten datu eta ikerketak uzten dieten era zabalenean. Honela, lortutako emaitzak eta egindako aurkikuntzak aurkezten dituzte (emaitza guztiak txosten honetan topatuko dituzu)

Informazio hau ezinbestekoa da erabakiak hartu ahal izateko, pobrezian bizi diren pertsonen bizitzak hobetzea helburu dutenak, eta hauek pobreziatik irten ahal izateko ezinbesteko direnak.

Horregatik da horren garrantzitsua pobreziaren inguruko ikuspuntu hau zabaltzea, gobernuek eta pobreziarekin aurrez aurre lan egiten duten pertsonek neurketa-sistema edo metodo bera erabil dezaten. Horretarako zabalkunde edo hedapen plan bat diseinatu da, non SMCk erabilitako metodologiaren inguruko argitalpenak egingo dituen eta erabilitako programazio-kodea ezagutzera eman eta eskainiko duen.

Metodologia eta ikuspuntu honen inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, dokumentu honetan topatuko duzue.