Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila

Ikuskaritzaren Alta

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen VII. titulua Ikuskaritzari eta Arau-hausteen eta Zehapenen Araubideari buruzkoa da. Titulu horren I. kapitulua GIZARTE ZERBITZUETAKO ZERBITZU ETA ZENTROEN GOI IKUSKARITZARI buruzkoa da.

 

* ESPARRUA (82. artikulua)

Eusko Jaurlaritzari dagokio gizarte-zerbitzuen arloko goi-ikuskaritza egitea, gizarte-zerbitzuetarako eskubide subjektiboa benetan erabiltzen dela eta aplikagarri den ordenamendu juridikoa bete eta gordetzen dela bermatzeko (hala ere, gizarte-zerbitzuetarako eskubide subjektiboaren erabilerari buruzko kexak banan-banan ez ditu aztertuko).

 

* EGINKIZUNAK (83. artikulua).

  1. Gizarte-zerbitzuetarako eskubidea bermatzen duten oinarrizko baldintzak betetzen direla zaintzea.

  2. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak ematen dituen zerbitzu eta prestazioen maila nola egokitzen zaien Prestazio eta Zerbitzuen Karteran ezarritako baldintzei begiratzea.

  3. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren antolamendu orokorrean ezarritako baldintzak nola betetzen diren begiratzea honako hauei dagokienez: gizarte-zerbitzuen plangintza eta programazioari, erakunde zerbitzu-emaileak baimentzeari eta ikuskatzeari eta balorazio- eta diagnostiko-eginkizunei.

  4. Itunak eta gizarte-zerbitzuen kudeaketarako kontratuak nola egokitzen zaizkien egiaztatzea lege honetan eta bere garapen-xedapenetan ezarritako baldintzei dagokienez.

 

* JARDUERA (84. artikulua).

  1. Goi Ikuskaritzako langileek, beren eginkizunetan dihardutela, agintaritza publiko gisa jardungo dute ondorio guztietarako eta agintariei eta egoki iritzitako pertsona fisiko eta juridikoei eskatu ahal izango diete beharrezko duten laguntza beren eginkizunak betetzeko.

  2. Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluari eta Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoari emango zaie Goi Ikuskaritzak burututako jardueren berri, bai eta egindako txosten eta irizpenen berri ere.

 

* FUNTZIONAMENDU ARAUBIDEA ETA LANKIDETZAKO BETEBEHARRA. (85. artikulua)

  1. Eusko Jaurlaritzak, gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituzten gainerako herri-administrazioei entzun ondoren, Goi Ikuskaritzaren funtzionamendu-araubidea eta jarduteko prozedurak arautuko ditu.

  2. Goi Ikuskaritzak ahalmena du, bere eginkizunetan diharduela, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek hornitzen dituzten gizarte-zerbitzuei buruzko dokumentu, datu estatistiko eta txostenak ikusteko, bai eta beharrezkotzat jotzen dituen azalpen guztiak eskatzeko ere. Goi Ikuskaritzari laguntzeko eta haren egitekoa errazteko betebeharra izango dute ikerketa pean dauden pertsona fisiko eta juridiko guztiek; laguntzarik ez ematea eta egiaztatze- eta ikuskatze-jarduerei eragozpenak edo trabak ipintzea oztopatzea dela ulertuko da.

 

* ANTOLAMENDUA ETA LANGILEEN ARAUBIDEA. (86 artikulua)

  1. Goi Ikuskaritza gizarte-zerbitzuen arloan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita egongo da.

  2. Eusko Jaurlaritzak arautuko ditu Gizarte Zerbitzuen Goi Ikuskaritzako antolamendua eta langileen araubidea.

Azken aldaketako data: 2010/05/25