Segurtasun Saila

Argitalpen-data: 2017/04/25

Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du biharko, asteazkena, apirilak 26, elurragatik goietan

Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du biharko, asteazkena, apirilak 26, 00:00etatik 12:00etara, elurragatik goietan; eta abisu horia aktibatu du etzirako, osteguna, 00:00etatik 9:00etara izotzagatik.

Euskalmet, Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenen arabera, datozen egunotan nabarmen jaitsiko dira tenperaturak. Gaur iluntzetik aurrera elur-maila 1.200 metro inguruan kokatuko da eta bihar, asteazkena, 1.000 metrotik behera. Tenperaturak igo egingo dira ostegun arratsaldetik aurrera.

Euskalmeten arabera, tenperatura hotzak batez ere bihar, asteazkena, eta ostegunean nabarituko dira. Bi egun horietan maximoak ez dira 10ºC-ra iritsiko barnealdean, eta 11-12ºC inguruan geratuko dira kostaldean, urte sasoi honetako batez bestekoaren azpitik geratuko dira, beraz.

Aipatzekoak dira tenperatura minimoak ere, batez ere ostegun goizaldekoak, izotz-arriskua izango baita ia Araba osoan, bai eta, agian, Kantauri ertzeko barnealdeko punturen batean ere.

Ezegonkortasunaren eta gaur iluntzean eta gauean bata bestearen atzetik pasatuko diren fronte hotzen ondorioz, euri ugari egingo du, eta sarri, Kantauri ertzean, eta prezipitaziorik ugarienak eta iraunkorrenak gaur arratsaldetik asteazken eguerdira bitartean izango dira. Hainbat puntutan ekaitza edo txingorra ere izango da.

 Elur-maila 1.200-1.300 metrora jaitsiko da gaur, asteartea, iluntzerako; eta bihar, asteazkena, goizaldean, 800-1.000 metro inguruan kokatuko da, eta halaxe mantenduko da egun osoan zehar eta ostegun goizean. Hala ere, kontuan izan behar da prezipitaziorik esanguratsuenak gaur arratsaldean eta bihar goizean izango direla, eta gutxitzen joango direla asteazken eguerditik aurrera. Ostegunean euria, izatekotan ere, goizean egingo du, eta gutxi eta oso tarteka.

Azpimarratu behar da gaur arratsaldetik aurrera eta datorren ostegunera arte haizeak nabarmen joko duela batez ere agerian diren tokietan edo ekaitza izaten den lekuetan, eta haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke. Ostiraletik aurrera eta asteburuan tenperaturek, segur aski, gora egingo dute, batez ere larunbatean. 

Oharra: Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (ww.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez.