Segurtasun Saila

Argitalpen-data: 2017/04/06

Euskalmeten aurreikuspenen arabera Aste Santuaren hasieran eguraldi egonkorra eta tenperatura altuak izango dira.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren aurreikuspenen arabera, Aste Santuaren lehenengo egunetako eguraldia egonkorra eta eguzkitsua izango da, eta tenperaturak altuak.
 
Euskalmeten arabera, datorren asteburuan hegoaldeko haizea izango da nagusi, eta tenperaturek, beraz, gora egingo dute. Urte-sasoi honetarako tenperatura altuak izango dira, bereziki kantauriar isurialdean, eta bero-sentsazioa izango da.  

Kostaldean beharbada haize leunak joko du, batez ere larunbatean, hilaren 8an, eta giroa apur bat freskatuko da.  Gainerako lekuetan, tenperatura maximoak altuak izango dira eta 20-25 ºC inguruan ibiliko dira, kantauriar isurialdeko hainbat puntutan 25ºCtik gorakoak ere izan daitezke.

Datorren astearen hasieran presio altuen eraginpean jarraituko dugu, nahiz eta ipar-ekialdeko haizea izango den nagusi, eta tenperaturek, beraz, beherantz egingo dute eta beharbada hodeiak agertuko dira, bereziki kantauriar isurialdean. Giroa, beraz, asteburu honetakoa baino freskoagoa izango da, batez ere itsasertzean, eta tenperatura maximoak 15ºC inguruan geratuko dira. Barrualdean tenperatura atseginak izango ditugu, eta maximoak 20ºC ingurukoak izan daitezke.  

Ostegunetik, hilaren 13tik, aurrera, ziurgabetasuna handia bada ere, eguraldiak aldaketa handirik gabe jarraitzeko probabilitate handia dago, eta presio altuak eta eguraldi egonkorra nagusiko dira, beraz.

Bestalde, datozen egunotan, eta datorren astean, itsasoaren egoera ona izango da, ez da olatu handirik izango eta uraren tenperatura 14 ºC ingurukoa izango da.

 

Oharra: Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez.