Justizia eta Giza Eskubideen  Saila

Azken eguneratzea: 2012/04/19

"Gizarte-prestazio guztiek enplegurako aktibazioari lotuta egon behar dute

Garitano jaunak gustukoago du Espainiako eredua Europakoa baino. Eusko Jaurlaritza hau da laguntza horiek lan-aktibazioari lotuta ematen dituen bakarra Estatuan" esan du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak

Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntza izenarekin Gipuzkoako Aldundiak atzo iragarritako prestazioa dela-eta, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak adierazi du Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE), Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak osorik kudeatutakoa, Euskadi egituratzen duen prestazioa dela, herrialdea elkartzen duena eta, batez ere, hartzaileak lanerako aktibaziora eta lan-aukeretara eramaten dituena. Europako iparraldeko beste herrialdeetan dagoen eredu bera da, besteak beste Norvegian, Finlandian eta Suedian.

“Lehenik azpimarratu nahi dugu Gipuzkoako Aldundiak proposatu duen Diru‑sarrerak Bermatzeko Laguntza (DBL) ez dela ezer berria”, esan du Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarteratzeari buruzko 29/2009 Foru Dekretuak laguntzak aurreikusten ditu DBE jasotzeko baldintzak betetzen ez dituztenentzat. “Horrek esan nahi du gizarte-laguntzak ez direla DBErekin agortzen, ez lehen, eta ez orain. Beraz, iragarritakoa Gipuzkoako Aldundiak jadanik ezarrita zeukan diru-laguntza bat baino ez da”.

“Bigarrenik, gure ustez oker handia da gizarte-prestazioak ez egotea enplegu‑zerbitzuei lotuta. Europa iparraldean inon ez dago enplegu-zerbitzuekin loturarik ez duen diru‑prestaziorik, ez Suedian, ez Finlandian ezta Danimarkan ere”, nabarmendu du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak. “Izan ere, gizarte-prestazioen sistemak, beste ezeren gainetik, irtenbide bat izan behar du, eta irtenbide horrek enplegurako aktibazioa baino ezin du izan”. “Martin Garitanok gustukoago du Espainiako eredua Europakoa baino”, esan du Zabaletak, Lanbideko Administrazio Kontseiluko presidenteak. Guk, berriz, Estatuko gainerako erkidegoetan gertatzen ez den bezala, prestazioa enpleguarekin lotzen dugun bakarrak gara.

“DBEren moduko prestazioak ezin dira betiko aterpea izan, gizarte-babesa izan behar dute, eta Euskadiko kasuan intentsitate handiko babesa, baina hartzaileari prestaziotik irteteko tresnak eman behar dizkio”.

“Azken babes-aukera”

Lanbidek kudeatzen duen DBEk urtebeteko erroldatzea eskatzen jarraitzen du, laguntza jasotzeko baldintza gisa. “Baldintza horri buruzko gaizkiulertuak saihesteko, adierazi nahi nuke sartu den bakarra Estatuan bost urteko lan-bizitza izateko baldintza izan dela, Euskadin gutxienez hiru urte erroldatuta daramaten eskatzaileentzat”, gaineratu du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak.

“Salbuespenak salbuespen, DBE azken babes-aukera izatea nahi dugu, ez lehenengoa. Ez gaude ados DBEren bidez mantenua bilatu eta hor gelditzearekin”, jarraitu du Zabaletak. “Horren ildotik, prestazio horiek lan-aktibazioari lotzea da gure proiektu garrantzitsuena, Europako herrialde garatuenetan bezala".

“Gainera, Diru-sarrerak Bermatzeko Legearen erreformak —joan den urtearen amaiera aldean onartu zen Eusko Legebiltzarrean— lan-karga kentzen die oinarrizko gizarte‑zerbitzuei, Lanbidek DBEren kudeaketa osoa bere gain hartzen duelako”, gehitu du. “Aldundiaren proposamenak kontrakoa eragingo luke. Azkenean horrela egiten badu, espero dezagun Aldundiak zerbitzu horiek ordaintzea, Jaurlaritzak lehen errefortzuko teknikariekin egiten zuen moduan”.

Gipuzkoako Aldundiak murrizketak egin izana leporatuz egin dituen adierazpenei dagokienez, “gogorarazi nahi dugu Eusko Jaurlaritza historiako apusturik handiena egiten ari dela gizarte-babesa emateko. Aldudiak DBLrako urtebteko epean 1,4 milioi euroko aurrekontua aurreikusten duen bitartean, Eusko Jaurlaritzak hilean 5,6 milioi baino gehiago gastatzen ditu Gipuzkoan bertan”. Joan den urtean Lakuako gobernuak 64 milioi euro gastatu zituen, Gipuzkoan, Diru‑sarrerak Bermatzeko Errentan eta Etxebizitza Gastuetarako Prestazio Osagarrian.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailburuaren adierazpenak  (mp3, 5 Mb) (gaztelaniaz)