Kontziliazio politikak Europar Batasunean: egungo erronkak eta etorkizunerako aukerak
Azken urteotan, Europar Batasunak lan-bizitzaren eta bizitza pertsonalaren arteko kontziliazioa hobetzeko arau-esparrua garatu du. Eskubide Sozialen Europako Zutabea, Zainketen Europako Estrategia eta Genero Berdintasunerako Europako Estrategia gida tzat hartuta, kontziliazioaren arloko funtsezko arauetako bat onartu da: 2019/1158 (EB) Zuzentaraua, eta Europako politika horiek dira lan baimenen, genero berdintasunaren eta lan malguaren aldeko neurri berrien bultzatzaileak.
Zuzentarau horrek hainbat oinarrizko eskubide aitortzen ditu kontziliazio arrazoiengatik lanpostuan ez egoteko baimenen arloan. Alde batetik, aitatasun-baimena, semea edo alaba jaio ondoren gutxienez ordaindutako 10 egun bermat zen dituena. Guraso-baimena, guraso bakoitzari 4 hilabete ematen dizkiona –haietako bi ezin zaizkio besteari transferitu–. Zaintzaileentzako baimen bat ere aurreikusten da, non urtean 5 egun ematen diren arreta beharrak dituzten senideak artatzeko. Gainera, langileek lan modalitate malguak eskatzeko eskubidea dute, hala nola telelana edo lanaldi murrizketa, kasu askotan kontziliazioa errazteko. Azkenik, eskubide horiek onartzen laguntzeko, EBk langileak babesten ditu, eskubide horiek baliatzeagatik egindako kaleratze diskriminatzaileen .
Hala ere, aurrerapenak aurrerapen, kontziliazioak oztopo handiak ditu. EBn egindako erreformek aurrerapen esanguratsuak ekarri dituzte lana eta familia bateragarri egiteko, berdintasuna eta gizarte-ongizatea sustatuz. Hala ere, oraindik badira heldu beharreko egiturazko erronkak. Lana digitalizatzeak eta biztanleria zahartzeak irtenbide berriak bilatzea eskatzen dute, bizitza pertsonalaren eta profesionalaren arteko benetako oreka bermatzeko. Etorkizun hurbilean, Europako legeria erronka horiei aurre egiten saiatuko da, urrutiko lanari eta deskonexio digitalari buruzko arau-proposamenen bidez.
Lana eta bizitza pertsonala uztartzea gero eta lehentasun handiagoa da EBn. 2017tik, Eskubide Sozialen Europako Zutabea onartuta, hainbat estrategia garatu dira langileen bizi kalitatea hobetzeko. Familia-bizitza eta gurasoen eta zaintzaileen bizitza profesionala uztartzeari buruzko 2019/1158 (EB) Zuzentarauak lan baimenen eta malgutasunaren gutxieneko estandarrak ezarri zituen, eta Zainketen Europako Estrategiak (2022), berriz, arreta-zerbitzu merkeak eta kalitatezkoak eskuratzea bermatu zuen. Espainiak araudi horiek egokitu ditu, eta haiek ezartzeko sortu diren erronkei aurre egin behar izan die.
EBko Zuzenbidea hainbat arau motatan oinarritzen da: erregelamenduak zuzenean eta nahitaez aplikatu behar dira estatu kide guztietan; zuzentarauek helburuak finkatzen dituzte eta herrialde bakoitzak bere legeriaren bidez bete behar ditu epe jakin batean, eta, azkenik, erabakiak nahitaezkoak dira haien xede diren subjektuentzat (herrialdeak, enpresak edo bestelako eragile espezifikoak).
Europako sistema kontziliazioa sustatzera bideratutako lan-baimen batzuk bermatzen saiatzen da. Aitatasun-baimenak gutxienez 10 lanegun ematen ditu, gaixotasunagatiko baja gisa ordainduta, semea edo alaba jaio ondoren. Guraso-baimenak guraso bakoitzeko 4 hilabeteko banakako eskubidea aitortzen du, eta horietatik 2 besterenezinak dira, bi gurasoen inplikazioa orekatzeko. Era berean, zaintzaileentzako baimenak aukera ematen du urtean gutxienez 5 egun izateko arreta-premia larriak dituzten senideak artatzeko. Lan-malgutasunari dagokionez, langileek lan modalitate malguak eskatzeko eskubidea dute, hala nola telelana, lanaldi murriztua edo ordutegi malguak, bereziki zaintza-ardurak badituzte. Azkenik, debekatuta dago baimen horiek eskatzearekin edo erabiltzearekin lotutako kaleratzea edo tratu kaltegarria, eta estatu kideei eskatzen zaie banakoentzako legezko babes eraginkorra bermatzea.
Espainiak zenbait lege-erreforma egin ditu Europako zuzentarauak egokitzeko. 5/2023 Errege Lege Dekretuak kontziliazioa errazteko aldaketak egin zituen. 7/2023 Errege Lege Dekretuak lan malgua sustatzeko neurriak sartu zituen. Azkenik, 2/2024 Errege Lege Dekretuak Langileen Estatutua eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua egokitu zituen kontziliazio eskubideak zabaltzeko. Hala ere, Europako Batzordeak ohartarazi du Espainiak oraindik ez duela erabat burutu 2019/1158 Zuzentarauaren transposizioa, batez ere guraso-baimenaren azken asteetako ordainsariari dagokionez, eta, ondorioz, arau-hauste prozedura bat ezarri da Europar Batasuneko Justizia Auzitegian.
Oinarrizko araudi horrekin batera, Europar Batasunaren arau-esparruak beste zuzentarau batzuk ere baditu, kontziliazioan zentratutako zuzentarauak izan ez arren, zuzeneko eragina dutenak. Ordainsari berdintasunari eta soldata gardentasunari buruzko 2023/970 Zuzentarauaren helburua da EBn soldaten diskriminazioari aurre egitea eta generoko soldata-arrakala murriztea, azken hamarkadan % 13 inguruan mantendu baita. Bestalde, itxaroteko moduko lan baldintza gardenei buruzko 2019/1152 Zuzentarauak bermatu nahi du EBko langile guztiek, baita enplegu forma ez-konbentzionalak dituztenek ere, beren lan-baldintzak ezagutzea lan-harremana hasten denetik. Gutxieneko eskubideak ezartzen ditu, hala nola lantokiari, lan motari, lanaldiari eta ordainsariari buruzko informazioa. Azkenik, laneko genero-berdintasunari buruzko 2006/54/EE Zuzentarauak lan-eremuan gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunari buruzko Europako legeria finkatu eta eguneratzen du. Debekatu egiten du sexuan oinarritutako zuzeneko eta zeharkako diskriminazioa, enplegua lortzeari, lanbideko prestakuntzari, lanpostuz igotzeari eta lan-baldintzei dagokienez, besteak beste. Haurdunaldiarekin eta amatasunarekin lotutako diskriminazioa ere lantzen du, eta aukera eta tratu berdintasuna sustatzen du. Espainiak barne ordenamendu juridikoan txertatu ditu arau horiek guztiak, Langileen Estatutua, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra eta lege mailako beste lege eta arau batzuk aldatuz.
Legedian hainbat aurrerapen egin diren arren, lana eta familia bateragarri egiteak erronka handiak ditu oraindik. Lehenik eta behin, genero-desberdintasuna egiturazko arazoa da oraindik ere, emakume askok jarraitzen baitute ordaintzen ez den zaintza-lan gehiena egiten, eta horrek eragin negatiboa du haien garapen profesionalean. Bigarrenik, zaintzarako azpiegitura falta nabarmena dago, hala nola haurtzaindegiak eta adinekoentzako arreta zentroak, eta horrek familien gaineko karga areagotzen du, kasu askotan ez baitute zerbitzu publiko egokirik premia horiei aurre egin ahal izateko. Gainera, lan-eredu tradizionalen zurruntasunak eta presentismoaren kulturak zaildu egiten dute lan modalitate malguagoak ezartzea, esaterako, telelana edo ordutegi egokituak, eta horrek nabarmen zailtzen die hainbat langileri kontziliazio eskubideez benetan baliatzea. Bestalde, pandemiaren ondoren lanaren digitalizazioa bizkortu egin da, eta kontziliaziorako aukera handia da, baina, aldi berean, gizabanakoentzat arriskutsua ere bada, hiperkonektibitatea eta bizitza pertsonalaren eta profesionalaren arteko banaketa falta ekar baitezake, eta, beraz, beharrezkoa da deskonexiorako eskubideari buruzko arau esparru argi bat egotea. Azkenik, Europako biztanleriaren zahartzeak iraupen luzeko zainketen eskaera gero eta handiagoa dakar, eta zaintzaileei laguntzeko politika espezifikoak ezartzea eskatzen du, bai formalak bai informalak, eta gizarte-babeseko sistemak errealitate berri horretara egokitzea.
2024-2029 aldirako, Europar Batasunaren lehentasun politikoen artean ez egon arren, telelanarekin, deskonexio digitalarekin, genero berdintasunarekin eta zaintzaileei laguntzearekin lotutako ekimenak garatzen jarraitzea espero da, gizarte bidezkoago eta kohesionatuago baterantz aurrera egiten jarraitzeko funtsezko neurriak dira eta. EBk aurrerapen garrantzitsuak bultzatu ditu lana eta familia bateragarri egiteko, eta langileen eta zaintzaileen eskubideak onartzen dituen lege-esparru komun bat ezarri du. Hala ere, erabat aplikatzea zailtzen duten egiturazko desberdintasunak eta oztopoak daude oraindik, eta funtsezkoa da etxeko erantzukidetasuna indartzea eta zaintza-azpiegiturak hobetzea, legeria Europako egungo testuinguru digital eta demografikora egokituta.
Azken aldaketako data:
