Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

COVASADE

Zer da COVASADE?

Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentazioaren Balioespenerako, Aukeraketarako eta Dokumentaziora Jotzeko Batzordea (COVASADE) da euskal erakunde publikoek sortzen dituzten dokumentu segida (edo serie) guztiak balioesteaz arduratzen den organoa, baldin erakundeok batzorde propiorik ez ba dute eta Euskal Autonomia Erkidegoko Artxiboen Sistemari atxikita badaude. Dokumentu seriea (edo segida) da denboran zehar jarraituan ekoitzitako dokumentuen multzoa, funtzio edo jarduera beraren emaitza gisa.

COVASADE diziplina anitzeko organoa da; hauxe da, arlo ezberdinetakotan adituak diren hainbat pertsonak osatzen du: dokumentu kudeaketa integrala (artxibogintza barne), administrazio elektronikoa, datuen babesa, tokiko erakundeak, historia garaikidea, etab. Horri esker ziurtatzen du bere irizpenek dokumentazioaren askotariko balioak kontuan hartuko dituztela.

Zertan datza dokumentuen balioespena?

Dokumentuak balioestea da horien edukia eta beste zenbait ezaugarri aztertzea, ea Administrazioarentzat eta herritarrentzat garrantzia duten zehazteko, hainbat ikuspuntutatik: administratiboa, legala, juridikoa, fiskala, historikoa, zientifikoa, kulturala, testimoniala eta informatiboa. Baliook zehazten dute dokumentuen kontserbazioa, iraunkorra (osoa edo partziala) edo aldi baterakoa, edo ezabatzea; hots, haien bizi-epea.

Balorazioak, gainera, dokumentazioa eskuratzeko mailak ezartzen ditu, kontuan hartuta ea bereziki babestutako datuak dituen: osasunari, ideologiari eta sinesmenei, sexu-orientazioari, jatorri etnikoari eta genetikoari buruzkoak, besteak beste.

Administrazio Publikoko datuak eta dokumentuak garbitzeko (suntsitu edo ezabatzeko), ezinbestekoa da seriea baloratuta izatea. Halaber, paperezko dokumentazioaren ordez bere kopia elektroniko autentikoa erabiltzeko eta, ondorioz, hura deusestatzeko.

Jakin nahi baduzu Artxibo Nagusiak gordetzen dituen dokumentu serieen kontserbazio epea, kontserbazio egutegiak kontsulta ditzakezu, non informazio guztia jasotzen den.

Nirekin lotutako dokumentaziorik ezabatu ahal du Artxibo Nagusiak?

Bai, baldin eta COVASADEk (edo COVASED bere aurrekoak) dokumentu segida baloratu badu eta kontserbazio iraunkorrekoa ez dela ezarri badu. Artxibo Nagusiak modu kontrolatuan gauzatzen du ezabatze (edo garbitze) bakoitza beti, dokumentazioa sortzen duen administrazio unitatearen berariazko onespenarekin.

Herritar guztiok baloratutako dokumentazioaren bizi epeak ezagutu ditzagun, EAEko sektore publikoaren kontserbazio egutegiak argitaratzen dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Artxiboaren dagokion webgunean.

Zer xedapenek arautzen du COVASADE?

COVASADEren funtzionamendua arautzeko bi xedapen dago: 5/2022 Legea (leiho berri batean irekitzen da), ekainaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu-kudeaketa Integralaren eta Dokumentu-ondarearena (26. eta 27. art.); eta 59/2024 Dekretua (leiho berri batean irekitzen da), maiatzaren 7koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentazioaren Balioespenerako, Aukeraketarako eta Dokumentaziora Jotzeko Batzordearen osaera, antolaketa eta funtzionamenduarena.

59/2024 Dekretuak indargabetu zituen COVASAD eta COVASED balorazio batzorde zaharrak arautzeko xedapenak. Hala ere, batzordeon erabaki guztiak indarrean daude.

COVASADE batzordea atxikita dago artxiboen eta dokumentu-ondarearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren zuzendaritzari; Artxibo Nagusia, berriz, herri-administrazioan sail eskumendunaren Baliabide Orokorren Zuzendaritzari.

COVASAD

Aholkularitza organo bat zen COVASAD, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Dokumentazioaren Baloraziorako, Aukeraketarako eta Dokumentaziora Jotzeko Batzordea. Eginkizun nagusia zuen jasotzen zituen kontserbazio egutegien proposamenei buruzko irizpena ematea. Irizpenok COVASADEri helarazi zizkion, azken erabakia har zezan.

COVASAD batzordea arautzeko honako bi xedapen hauek zegoen: 174/2003 Dekretua (leiho berri batean irekitzen da), uztailaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Sistemaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzkoa; eta 2005eko abenduaren 19ko Agindua (leiho berri batean irekitzen da), Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena; horren bidez, agiriak identifikatu eta baloratzeko prozedura eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administra zioko Dokumentazioaren Baloraziorako, Aukerake tarako eta Dokumentaziora Jotzeko Batzordearen (COVASAD) funtzionamendua ezartzen dira.

COVASED

Dokumentazioa Balioesteko eta Hautatzeko Batzordea (COVASED) diziplina anitzeko kide anitzeko organoa zen, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari atxikita.

Haren jardun eremua Artxiboen Sistema Nazionalaren artxibo zerbitzuak ziren. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Artxibo Sistema zegoen zerbitzuon artean.

Bere funtzio nagusiak bi ziren: lehena, Covasadek informatutako dokumentu segiden kontserbazio egutegiak ezartzea; bigarrena, dokumentazioa balioesteko irizpide orokorrak finkatzea eta behar bezala aplikatzen ote ziren kontrolatzea.

Hauxe zen COVASED arautzen zuen xedapena: 232/2000 Dekretua (leiho berri batean irekitzen da), Artxibo Zerbitzuen Erregelamendua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu Ondarea arautzen duten arauak onartzen dituena.

Azken aldaketako data: