Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Artxibo Nagusiaren historia

Uztailaren 22ko 174/2003 Dekretuak, EAEko Herri Administrazioko Artxibo Sistemaren antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoak, lege-estaldura ematen dio laurogeiko hamarkadatik funtzionatzen daraman sistema horri, hain zuzen lehenengo Eusko Jaurlaritza eratu zenetik.

Artxibo Nagusiak, Liburutegi Nagusiak eta Argitalpen Zerbitzu Nagusiak egoitza, giza baliabide eta material berberak partekatzen dituzte eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Baliabide Orokorren Zuzendaritzari atxikita daude.

Lehenbiziko eskuduntza-transferentziak 1980an egin ziren, eta ordutik aurrera Artxibo Nagusian dokumentuak gordailutzen hasi ziren, are hura formalki eratu baino lehenago.

Artxibo Nagusia beti egon da bere erabiltzaile nagusiarengandik –Euskal Administraziotik– hurbil, eta harekin batera haziz joan da. Hasieran Gasteizko Wellingtongo Dukea kaleko eraikineko behe-solairuan eta sotoan kokatuta egon zen.

1997an Donostia kaleko eraikin berrira eraman zuten, eta bertan behe-solairuaren zati bat eta lehen eta bigarren sotoak hartu zituen. Hala ere, 2010. urtera arte 1992an abiarazitako kanpo-zaintzako sistemari eutsi zitzaion.

2010ean artxiboaren gordetegiaren eraikin berria eraiki zen, egoera horri amaiera emanez, eta Artxibo Nagusiak orduan lortu zuen zaintza-, kontserbazio- eta kontsulta-zerbitzu osoa emateko nahikoa azpiegitura.

Artxiboaren gordetegiaren eraikin berria Iñaki Aspiazu (1954-2014) arkitektoak egin zuen eta hura ere Gasteizen kokatu zen, 9.582 m2-ko lurzatia hartuta, 6.011 m2-ko azalera eraikigarriarekin.

Zerbitzu osoa automatizatua duen logistika-gune handia da, eta, bertan, bi robot korridoreetan zehar gidatzen dituen programa informatiko batek ibilbideak optimizatu eta dokumentu-kaxen kokalekua kudeatzen du.

Eraikinaren ezaugarriak ezagutzeko bisitaldi birtuala gomendatzen da: