Segurtasun Saila

Segurtasun Sailak, Itsas Salbamenduko eta Segurtasuneko Sozietateak (SASEMAR) eta AZTIk informazio ozeano-meteorologikoa trukatzen jarraitzeko lankidetza berretsi dute

Argitalpen-data: 

Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, Itsas Salbamenduko eta Segurtasuneko Sozietateak (SASEMAR) eta AZTI Fundazioak berretsi egin dute informazio ozeano-meteorologikoa trukatzeko abian jarritako lankidetza, joan den martxoaren 22an hiru erakundeek izenpetutako protokoloaren ondoren deitutako lehenengo jarraipen-batzordean.

 

Jarraipen batzorde horretan, besteak beste, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendari Pedro Anituak, Jovellanos Itsas Segurtasuneko Zentro Integralaren zuzendari Julián Camusek eta AZTI Fundazioaren balio-zuzendari Adolfo Uriartek parte hartu dute.

Protokolo horri esker, hiru aldeek batez ere Euskadiko Ozeanografia Operazional Sistematik (EuskOOS) datozen datu ozeano-meteorologikoak eta SASEMARek Kantauriko eremuan eta bilaketen eta erreskateen eta itsasoaren kutsaduraren aurkako borrokaren esparruan garatzen dituen aldian behingo ariketetako informazioa trukatuko dituzte.

Segurtasun Sailak, SASEMARek eta AZTI Fundazioak elkarlanean kudeatuko dituzte jitoan dauden buiak jaurtitzeko eskaerak, eta lankidetzan jardungo dute Itsasertzaren (Ribera del Mar) kutsadurari aurre egiteko EAEko Larrialdietarako Plan Bereziak lortutako emaitzen ebaluazioan eta hedapen eta dibulgazio zientifikoan ere.