Segurtasun Saila

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du biharko eta ostiralerako elurragatik

Argitalpen-data: 

Ostegun goizaldean elur-maila 300 metrora jaits daiteke

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du elurragatik bihar osteguneko 18:00etatik ostiraleko 12:00etara arte goi latitudeetan aire-masa hotza eta hezea sartuko denez, horren ondorioz tenperaturek nabarmen egingo dute behera, prezipitazio ugariak izango dira, batez ere kantauriar isurialdean, eta elurra oso behean egingo du.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, bihartik, otsailaren 1etik, aurrera, egun osoan euria izango dugu eta elur-maila jaisten joango da egunaren bigarren zatian 400-600 metroan kokatu arte, eta egunaren amaierarako hortik behera ere jaits daiteke. Trumoiko zaparradak izan daitezke eta txingorra ere egin dezake eguerditik aurrera, eta elur-maila, berriz, 400-500 metroan koka daiteke.

Ostiralean, hilaren 2an, euria egiten jarraituko du, batez ere egunaren lehenengo erdian, eta berriz ere trumoiko zaparradak izan ditzakegu eta txingorra egin dezake. Egunaren lehenengo erdian elur-maila 300-400 metro inguruan kokatuko da, eta elurra beherago ere egin dezake batez ere zaparraden intentsitatearen arabera. Egunaren bigarren erdian egoera hobetzen joango da, eta euri gutxiago egiteaz gainera elur-mailak gora egingo du 500-600 metroan kokatu arte.

Asteburuan euria egiten jarraituko du eta tenperatura baxuekin jarraituko dugu, eta litekeena da larunbatean, hilaren 3an, atsedenalditxo baten ondoren, berriz ere elurra egitea nahiko behean,  ziurgabetasuna handia bada ere.

Euskalmeten iragarpenen arabera, itsasoaren egoerak ere okerrera egingo du bihartik, hilaren 1etik, aurrera eta ipar haizea indartsu samar ibiliko da eta olatuak 3-4 metrotik gorakoak izan daitezke. Olatuen altuera ez da oso adierazgarria izango, baina egun hauetan marea oso biziak ere izango ditugunez, kostaldeko inpaktua espero dugu, bereziki ostiraleko, hilaren 2ko, lehenengo itsasgoran. Itsasgora hori goizaldeko 5:46an izango da, eta itsasaldiaren altuera 4,89 metrokoa izango da.

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza

Prebentzioko neurriak:

Bidaiatuz gero:

  • Errepideko egoerari eta eguraldiari buruzko informazioa aurretik eskatu. Euskalmet-era jo, edota deitu Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzako telefonora: 011.
  • Eguraldia benetan txar-txarra bada, hobe da bidaian ez atera. Ahal dela, erabili garraio publikoa.
  • Alabaina, bidaiatzea ezinbestekoa baduzu, ziurtatu pneumatikoak, galgak eta izotz-kontrakoa ondo daudela, kateak beti eraman, erregai¬tanga bete eta hartu berokiak. Ahal baduzu, telefonoa eraman beti; are gehiago, bigarren mailako errepideetan gidatu behar baduzu. Neguko pneumatikoak erabiltzea komenigarria da.
  • Poliki ibili, izotz-plakarik balego adi; batez ere, laiotzean.
  • Aurreko autoari tarte handia lagata ibili, normalean uzten den tartea baino handiagoa.
  • Ez aldatu noranzkoa tupustean. Bolanteari gozotasunez eragin.
  • Izotza dagoen zonaldera sartzean, ez zapaldu galga, utzi ibilgailuari bere inertzia hutsez aurrera egiten.
  • Izotza edo elur gogorra topatuz gero jarri kateak, baita zirkulazioko agenteek agintzen dizutenean.
  • Irratia oso lagungarria izan daiteke une oro ondo informatuta egon nahi izanez gero.

Mendira baldin bazoaz:

  • Hobe litzateke mendiko txango eta ibilaldiak bertan batera uztea. Irtenez gero, nondik nora ibiliko zaren esanda utzi.
  • Joan nahi duzun lekurako zer eguraldi-aurreikuspen dauden jakin, eta kontuan hartu ez dela harritzekoa mendian eguraldia bat-batean aldatzea.
  • Eraman ekipamendu eta arropa egokia. Motxilan erretserbako jan-edanak eraman.
  • Aukeratu leku egokia, zure sasoiaren, praktikaren eta lekuaren arabera. Ez eman balio handiegirik zure egoera fisikoari ezta zurekin doazenen egoerari ere ez, batez ere umeak badira.
  • Ahal baduzu ez joan bakarrik, eta ahal izanez gero, eraman telefono mugikorra.
  • Aurrez jakizu aterpe edo bordak non dauden, tenperatura asko jaitsi, ekaitza lehertu edo bestelako arazo meteorologikorik izango balitz ere babestu ahal izateko.

Etxean:

  • Kontuz ibili berogailu lagungarriekin (estufa edo sutontziekin), ezustekoren bat gerta daiteke eta.

Elurretan ibilgailuaren barruan geratzen bazara:

  • Ez atera autotik, denboraleak barruan zaudela harrapatzen bazaitu.
  • Motorra piztuta eta berogailua jarrita eduki; tarteka, berriztatu airea.
  • Saiatu loak ez hartzen. Tapakiren bat eskuratu, eta bero jantzita ibili.

Larrialdietan, deitu 112 zenbakira

Oharra: Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez.