Segurtasun Saila

Segurtasun Sailak asteazkenerako, apirilaren 3rako, elurragatik abisu horia aktibatu du Euskal Autonomia Erkidegoaren barrualdean

Argitalpen-data: 

Udaberriko eguraldiko aldi luze baten ondoren, datozen egunetan negu-giroa itzuliko da Euskadira

Segurtasun Sailak asteazkenerako, apirilaren 3rako, elurragatik abisu horia aktibatu du Euskal Autonomia Erkidegoaren barrualdean 12:00etatik 24:00etara.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, egoera egonkorreko egun askoren ondoren, elur-kota 1.000 metroren azpitik egongo da asteazken arratsaldean, eta 600-800 metro inguruan egunaren amaiera aldean. Ostegunen goizaldean 500-700 metro artean egon daiteke. Dena dela, elur-kotaren inguruko ziurgabetasuna handia da oraindik, eta nabarmen alda daiteke.

Euskalmeten iragarpenek adierazten duten bezalaxe, datorren asteazkenean fronte hotz bat iritsiko da, eta aire hotza sartuko du atmosferaren goiko geruzetan. Horrek ezegonkortasuna eragingo du. Euri-zaparradak ugariagoak eta maiztasun handiagokoak izango dira isurialde kantauriarrean. Horrez gain, ekaitzak izan daitezke, eta txingorra ere bota dezake, asteazken arratsaldean, asteazkenetik ostegunera bitarteko gauen eta ostegun goizaldean.

Aldi berean, haizeak ipar-mendebaldetik joko du, eta, asteazkenaren bigarren erditik aurrera, indartu, eta haize-bolada gogorrak eta oso gogorrak eragingo ditu haize-begietan. Era berean, tenperaturak nabarmen egingo du behera, eta asteazkenean tenperatura maximoak 10 ºC-ren azpitik geratuko dira barnealdean eta 12 ºC ingurukoak izango dira itsasertzean.

Euskalmetek bere web-gunearen bidez (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter bidez (@Euskalmet) eguneratzen ditu iragarpenak. Jarraitzea gomendatzen dizuegu.