Segurtasun Saila

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du prezipitazio ugariengatik gaur gauetik bihar, asteartea, goizeko lehenengo orduetara arte

Argitalpen-data: 

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du gaur, astelehena, 21:00etatik bihar, asteartea, goizeko 03:00ak arte EAE osorako.

 Euskalmet ? Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, ordu-tarte horretan 30 l/m2-tik gora pila daitezke ordubetean Euskal Autonomia Erkidegoko edozein puntutan, ekaitz-zaparradak izan baititzakegu. Han-hemenka euria gogotik egingo du, haize-bolada zakarrak izango ditugu eta txingorra ere bota dezake.

Astelehena, uztailak 8

Gaur, astelehena, giro ezegonkorra izango dugu, goi-geruzetan isolatutako aire-masa hotz baten ondorioz (DANA). Egoera horrek zaparrada trumoitsuak eragingo ditu hegoaldetik iparraldera. Konfigurazio horren ondorioz euria gogotik egin dezake, batez ere gaur arratsaldeko lehenengo orduetatik aurrera.  

Beheko geruzetan, berriz, ipar-haizea nagusituko da eta hezetasun handia izango da, beraz. Horren ondorioz sortuko diren ekaitzek haize-bolada zakarrak eta txingorra ekarriko dituzte.

Asteartea, uztailak 9

Bihar asteartea, hilak 9, DANA Pirinio ekialderantz mugituko da. Mugimendu horren ondorioz, prezipitazioa ipar-ekialdetik iritsiko zaigu, eta trumoi-zaparradak itsasotik sartuko dira. Aurreikuspenen arabera, zaparrada iraunkorrak izango dira, eta batez ere Kantauri isurialdean egingo du euria, eta gogotik bota dezake han-hemenka.

Eguraldi ezegonkorra eta ekaitz-zaparrada mardulak espero ditugu, beraz, batez ere gaur, astelehena, gauean eta bihar, asteartea, goizeko lehenengo orduetan. Bihar iluntzetik aurrera prezipitazioak ahultzen joango dira, eta datozen egunotarako ez da prezipitaziorik espero.

Ekaitzek eragiten duten ziurgabetasun-egoera dela eta, radarreko irudien eta Euskalmetek bere Twitterreko kontuan ematen duen informazioaren bidez eguraldiaren iragarpena gertutik jarraitzea gomendatzen da.

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (http://www.euskalmet.eus) eta Twitter ((@Euskalmet) bidez.

 

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzak honako gomendioak egiten ditu: 

  • Aztertu inguruko isurbideen egoera.
  • Ez aparkatu ibilgailurik eta ez kanpatu ibilgu lehorretan edo urak erraz har litzakeen lekuetan.
  • Kendu ibilgailuak putzuak sor litezkeen tokietatik eta urak har litzakeen garajeetatik.
  • Autoa hartu behar izanez gero, kontsultatu radarra edo @Euskalmet edo @112_SOSDeiak Twitter kontuak.
  • Autoa hartu behar izanez gero, saiatu bide nagusiak eta autobideak erabiltzen, eta ikuspen-arazorik edukiz gero, aparkatu autoa toki segururen batean.

 Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.