Segurtasun Saila

Argitalpen-data: 2017/01/12

Segurtasun Sailak salbamendu-ontzi bat laga dio Itsasoko Gurutze Gorriari.

Estefanía Beltrán de Heredia sailburua izan da Bermeon egin den unitate berria emateko ekitaldiaren buru.

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburua buru zela egin da gaur goizean Bermeoko portuan Itsasoko Gurutze Gorriari erreskate-ontzi berria emateko ekitaldia. Ekitaldian izan dira, halaber, Carmen Martín, Gurutze Gorriaren Osasuneko eta Sorospenetako Depertamenduaren Zuzendaria, Iñaki Irusta Euskadiko Gurutze Gorriko presidentea, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea eta Pedro Anitua Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria. Ontziak euskal kostaldeko uretan salbamenduak egiteko beharrezkoak diren baliabide guztiak ditu, eta gaurtik aurrera Gurutze Gorriak Bermeon duen basean dago. Ontzi horrekin laguntza-erakunde horrek duen flota indartu eta modernizatuko da.

Gaur eguerdian, Itsasoko Gurutze Gorriak Bermeon duen egoitzan egin da unitate berria emateko ekitaldia. Eusko Jaurlaritzak organismo horri azken urteetan eman dizkion hamalau salbamendu-ontzien flota osatzen du ontzi horrek. Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburua izan da ekitaldiaren buru. Ekitaldian, Sailburuak Gurutze Gorriak egiten duen lana eskertu du eta gogoratu, “itxas-salbamenduko konpententzia Jaurlaritzaren esku izatea erreibindikatzen dugu, baina, aldi berean, geuk eskaintzen dugu itxas-ertzeko salmanedu zerbitzu hau, Larrialdietako eta Meteorologiako Zuzendaritzaren ardurapean”.

Egoera hau ere berandu baino lehen bideratzeko itxaropena adierazi eta Sailburuak azpimarratu du, “Gurutrze Gorria bezalako erakundeekiko lankidetza oinarrizkoa da Departamentuarentzat. Lankidetza horren emaitza da IZARO I bezalako inbertsio hau, Gurutze Gorriak bere flota berri eta osa dezan, egiten dituen salbemendu eta erreskate zerbitzuei erantzuten jarraitu ahal izateko, 300dik gora urtean”.

Azken belaunaldiko unitatea

Unitate berria “Izaro I” deitzen da, eraiki berria da, eta hura erosteko eta ekipatzeko 159.000 euroko inbertsioa egin behar izan da. Ontzi erdi-zurruna da, ia bederatzi metroko luzera du, eta tona eta erdiko desplazamendua. Karelez kanpoko bi motor ditu, guztira 400 Cv-ko potentzia ematen diotenak. 35 korapiloko abiadura har dezake eta autonomia handia du, 620 litro erregai sartzen baitira biltegietan. 18 plazarako edukiera du eta itsasoan erreskateak egiteko beharrezkoak diren baliabide guztiak ditu (nabigazio- eta komunikazio-sistemak, radarra, AIS identifikazio automatikoko sistema, Intercoma, GPSa, bozgorailua, sirena, larrialdi-argiak, ontziak atoian eramateko sistema, eta abar).

Gurutze Gorriaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza

Euskal Autonomia Erkidegoan, itsas salbamenduaren arloko eskumenak Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari dagozkio. Estatuak dagozkion bitartekoak eta zerbitzuak transferitu zain dagoen bitartean, Zuzendaritza bere bitartekoekin betetzen ari da dagozkion eginkizunak, eta, horretarako, Gurutze Gorria gisako erakundeen lankidetza izaten ari da. Dena dela, organismo horrek zeregin horretarako behar-beharrezkoa du bitarteko eta baliabide egokiak lagatzea.

Unitate berri hau zerbitzuan jartzearekin, Itsasoko Gurutze Gorriaren hamalau erreskate-ontziek osatzen dute, batik bat, Euskal Autonomia Erkidegoko itsas salbamenduko ekipamendua. Ontzi horiek base hauetan daude: Arriluze (3 unitate), Bermeo (2 unitate), Ondarroa (2 unitate), Getaria (unitate 1), Donostia (2 unitate), Pasaia (2 unitate) eta Hondarribia (2 unitate). Eusko Jaurlaritzak laga ditu guztiak.