Segurtasun Saila

Argitalpen-data: 2017/01/12

Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du elurragatik ?kota ertainetan?, kosta-inpaktuagatik eta nabigaziorako.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bihar ostiralerako, hilaren 13rako, eta larunbaterako, hilaren 14rako, abisu hori aktibatu du elurragatik ?kota ertainetan?, kosta-inpaktuagatik eta nabigaziorako.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenen arabera, aire polar hotza eta hezea iritsiko da, eta tenperaturak nabarmen jaitsiko dira. Aire-masa hotz hori bihar ostiraletik, urtarrilaren 13tik, aurrera hasiko da nabaritzen, eta, prezipitazio txiki-ertainak ekartzeaz gain, tenperaturek nabarmen egingo dute behera. Hori dela eta, egunak aurrera egin ahala, elur-kotak ere behera egingo du; goizaldeko 1.000 metroko kotatik, goizeko 700 metroko kotara eta egunaren amaierako 500 metroko kotara.

Elur-kota hori Euskal Autonomia Erkidego osoan aplikatzekoa bada ere, adierazi behar da bihar ostirala lehen ordutik aurrera, prezipitazioak elur modukoak izango direla kota txikiagoetan —500 metro inguru— Arabako ekialdean eta Gipuzkoako barnealdeko haranetan, batez ere.

Euskalmeten iritziz, larunbatean, hilaren 14an, aurreko egunean baino prezipitazio handiagoak espero dira, eta kantitate adierazgarriak meta daitezke; 40 l/m² inguru Kantauriko isurialdean eta 10 eta 15 l/m² artean Arabako Lautadan. Elur-kota, berriz, 400-500 metro artean kokatuko da egunaren zatirik handienean. Horrenbestez, elurte handiak izan daitezke zona garaietan, baita adierazgarriak kota ertainetan ere.

Iganderako, hilaren 15erako, iragarpenetan eta astelehenerako, hilaren 16rako, iragarpenetan ziurgabetasun-maila handia da; segur aski, prezipitazioek jarraituko dute, eta elur-kota behe samar egongo da. Edonola ere, itxuraz, elur-kotak gora egiteko joera izango du.

Asteartetik, hilaren 17tik aurrera, segur aski beste aire-masa oso hotz baten eraginpean egongo gara; asteburu honetarako aurreikusten dena baino are hotzagoa izatea espero da. Horrenbestez, oso hotz handiko egunak izango dira, tenperatura maximoak ez dira ia 0ºC-tik gora igoko eta minimoak –5 ºC ingurukoak edo hotzagoak izango dira.

Hasiera batean, aire-masa hotz hori lehorra den arren, itsasotik zertxobait sar daiteke eta prezipitazioren bat utz dezake. Oraingoz adierazgarria ematen ez duen arren, elur modukoa izan daiteke itsasoaren mailan ere.

Aditzera eman behar da, era berean, bihar ostirala, hilaren 13a, ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko duela, batik bat egunaren lehen erdian, eta itsaso zakarra eragingo duela, 4 metrotik gorako olatuak sortuz. Olatu horiek marea biziei gehitu behar zaizkie, eta itsasertzean nolabaiteko inpaktua izango da bi itsasgoretan.

Hurrengo egunetan, itsasoaren egoerak hobera egingo duen arren, larunbatean, ilaren 14an, olatuek 3,5 metroko altuera har dezakete une jakin batzuetan eta, horrek, inpaktua izan dezake lehen itsasgoran.

Azken finean, neguko panorama datorkigu astebururako, eta larunbata, hilaren 14a,  izango da egunik latzena; prezipitazio ugari izango da eta elurteak izango dira kota ertainean. Hurrengo astean, segur aski, oso aire-masa hotza iritsiko da, eta, hartara, tenperaturek nabarmen egingo dute behera eta hotz handiko egunak izango dira.

Oharra: Euskalmetek bere web-gunearen bidez (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter bidez (@Euskalmet) eguneratzen ditu iragarpenak. Jarraitzea gomendatzen dizuegu.