Segurtasun Saila

Argitalpen-data: 2017/06/12

Larrialdietako zerbitzuek koordinazio ona dutela argi utzi dute Lagako hondartzan egin den erreskate eta isuri simulakroan.

Jarduketa horri esker Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hondartzetan gorabeherak gertatzen direnean martxan jartzen dituzten mobilizazio prozedurak eta baliabideen koordinazioa aztertu ahal izan dira eta foru erakundeak hondartzak kudeatzeko duen sistema integratuaren eskakizunei erantzuna ematea lortu da, zeinak Bizkaiko hareatzetako kalitate eta ingurumen baldintzak etengabe hobetzea bilatzen duen.

Ariketa horretan zehar, Ertzaintzaren helikopteroak eta Gurutze Gorriak ematen duen Salbamendu eta Sorospen foru zerbitzuko langileek sutan zegoen ontzi batetik itsasora salto egin duten bi pertsona salbatu dituzte eta ontzi horretatik atera den erregai-isuria kontrolatu dute hondartzak garbitzeko zerbitzuaren, sorosleen, hondartzainen eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren langileen laguntzarekin.

Simullazioaren irudiaBizkaiko Foru Aldundiaren Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak gaur goizean bukatu du oso ongi atera den larrialdi simulakroa Lagako (Ibarrangelu) hondartzan. Bertan, itsasoan zeuden bi pertsona erreskatatu dituzte eta bidaiatzen ari ziren ontzitik ateratako isuria kontrolatu dute. Horrez gain, ontzian su simulakroa ere egin da. Gaur gauzatutako ariketan emaitza ezin hobea izan dute aztertuak izan diren eta Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko hareatzetan gorabeherak gertatzen direnean martxan jartzen dituzten mobilizazio prozedurek eta baliabideen koordinazioak.

Lagako hondartzan egin den simulakroak foru erakundeak gure lurraldean aplikatzen duen kudeatuko sistema integratuaren eskakizunei erantzuna eman die. Hala, sistema horrek kalitate eta ingurumen baldintzak etengabe hobetzea bilatzen du, bereziki garbiketa eta salbamendu eta sorospen zerbitzuei dagokienez.

Jarduketa goizeko 11:30ean hasi da eta bertan parte hartu dute salbamendu eta sorospen foru zerbitzuek, hondartzetako garbitasun eta kontrolerako zerbitzuek eta hondartzainek. Horiez gain, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaritzako zerbitzuak, Ertzaintzaren zuzendaritza eta Ibarrangeluko Udala ere parte-hartzaileen artean egon dira.

Simulakroaren garapena

Erreskatea hasi den unean, Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan, SOS Deiaken, zenbait jakinarazpen jaso dira eta horien arabera, arazoak zituen ontzi bat ikusi dute zenbait pertsonek. Gainera, ontzitik ke asko ateratzen zen eta gutxienez bi pertsona zeuden bertan, zeintzuek uretara salto egin duten Lagako hondartzaren mendebaldean. Zentro horrek itsasalde-kostaldeko salbamenduko taktika operatiboa martxan jarri du eta Euskadiko Larrialdi Sistemako zerbitzu operatibo ezberdinak mobilizatu ditu.

Hiru minutu geroago, 11:33ean, Ertzaintzaren Aginte eta Kontrol Zentroak SOS Deiaki jakinarazi dio Lagako hondartzako herritarrak babesteko patruilak jakinarazi duela bi lagunek arazoak zituztela uretan, bidaiatzen zihoazen ontzia urperatzear zegoela eta hondartzarako norabidean mugitzen ari zen hidrokarburo-orbana ikusi dutela. Une horretan, kutsadura-taktika hasi dute itsasoan eta sorosleei, hondartzak garbitzeko zerbitzuari, hondartzainei eta Osasun Publikoko Zerbitzuari berehalako abisua eman zaie. Horrez gain, hondartzako inguruan mobilizatu diren zerbitzu operatiboen arduradunez osatutako aginte postu aurreratua ere ezarri dute.

Baliabide guztiak martxan jarrita, erreskate eta isuria kontrolatzeko lanak hasi dira. Ertzaintzaren helikopteroa eremu horretara hurbildu da pertsona bietako bat uretatik salbatzeko eta bestea Gurutze Gorriak ematen duen Salbamendu eta Sorospen foru zerbitzuko langileek atera dute uretatik eta hondartzako urertzera eraman dute berpizte-maniobrak egiteko.

Salbamendu eta sorospen zerbitzuetako langileek uretatik jarraitu dute isuria. Horretarako, Ertzaintzaren ontzi batek ere lan egin du, eta isuria kontrolatzeaz gain, eremu horretako beste ontzien trafikoa ere kontrolatu dute. Sorosleek kutsatzeko arriskuan zegoen hondartzako eremuan balizak jarri dituzte hondartzainekin batera eta SOS Deiaki informazioa bidaltzen jarraitu dute isuriaren kokapenari buruz, bere eraginei buruz, baita tamaina eta ezaugarriei eta horren eragin posibleei buruz ere.

Bere aldetik, hondartzak garbitzeko foru zerbitzuak foku kutsatzailea kontrolatu eta garbitu du eta kalteak jasandako eremua tratatu dute egoera horietarako Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak zehaztutako ingurumen prozedurak jarraituz.

Lagako hondartzako bainu eremua segurtatu eta berriz ere ezarri ondoren, jarduketa itxi da eta simulakroa bukatutzat eman da.

Simulakroan parte hartu duten organismoak

  • Bizkaiko Foru Aldundiaren Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia.
  • Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaritza eta Ertzaintzaren zuzendaritza, biak ere Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren menpekoak.
  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Larrialdietako- Osakidetza zuzendaritza.
  • Ibarrangeluko Udala.