Segurtasun Saila

Argitalpen-data: 2017/01/17

Euskalmetek hotz handiak iragarri ditu, datorren ostiralera arte gutxienez.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak gaurtik, hilaren 17tik, aurrera hotz handiak iragarri ditu Euskal Autonomia Erkidegoan. Tenperatura maximoak 0 ºC ingurukoak izango dira, eta minimoak –5 ºC ingurukoak edo hortik beherakoak. Bestalde, prezipitazio urriak izango dira, prezipitaziorik egitekotan. Egoera hori astearen zati handi batean mantenduko den arren, ostiraletik, hilaren 20tik, aurrera tenperaturak gora egiten hasiko dira.

Euskalmeten iritziz, egun hauetan izozte orokorrak izango dira, eta batez ere Euskal Autonomia Erkidegoaren barrualdean izango dute eragina, bertan handi samarrak izango baitira. Itsasertzean izozte arinak gertatuko dira, eta probabilitate handiagoarekin Gipuzkoako itsasertzean, non ez den baztertzen handi samarrak izatea urtarrilaren 18an, 19an eta 20an batik bat.

Balio minimoak osteguneko, hilaren 19ko, edo ostiraleko, hilaren 20ko, goizaldean erregistratuko diren arren, egunik hotzena asteazkena, hilaren 18a, izango da. Egun horretan tenperatura maximoak ez dira ia 0 ºC-tik gora igoko. Gaur, asteartean, hilaren 17an, eta bihar, asteazkenean, hilaren 18an, tenperaturak eguerdian 1 eta 3 ºC  artekoak izango dira kostaldean, 0 eta 2 ºC artekoak barnealdean, 0ºC ingurukoak trantsizio-zonan eta 0 eta 2 ºC artekoak Ebro ibaiaren ardatzean. 

Bestalde, hotz sentsazioa are handiagoa izango da ipar-ekialdeko haizearen eraginez, eta handiagoa izango da gaurko, astearteko, hilaren 17ko, bigarren erdian eta asteazkeneko, hilaren 18ko, lehen erdian. Aldi horretan sentsazio termikoa –10 / –15 ºC-tik beherakoa izan daiteke mendialdean, –10 ºC-tik beherakoa barnealdean eta –5 ºC-tik beherakoa kostaldean.

Hurrengo taulan ikus daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetako tenperatura minimoen eta maximoen aurreikuspenak:

ºC

Hilaren 18a

Hilaren 19a

Hilaren 20a

Donostia

-3

2

-3

4

-3

7

Bilbao

0

4

-2

6

-4

9

Vitoria-Gasteiz

-5

0

-6

2

-7

7

Hotz handiko bolada hau, oro har, lehorra izango da, eta ez da espero prezipitaziorik aste osoan, asteazkenean, hilaren 18an izan ezik. Egun horretan baliteke prezipitazio arinen bat izatea, batez ere Euskal Autonomia Erkidegoko mendebaldean. Prezipitaziorik eginez gero, elur moduan izango litzateke edozein kotatan. Metatutakoa ez da inola ere handia izango (zentimetro bat gehienez); hortaz, elurrik eginez gero, prezipitazio arina eta anekdotikoa izango da; nolanahi ere, itsasoaren mailan ere egin dezake.

 

Oharra: Euskalmetek bere web-gunearen bidez (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter bidez (@Euskalmet) eguneratzen ditu iragarpenak. Jarraitzea gomendatzen dizuegu.