Segurtasun Saila

Argitalpen-data: 2017/02/01

Euskalmetek haize zakarreko eta itsas egoera txarreko denborale baten iritsiera iragarri du.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iragarri du Euskal Autonomia Erkidegora haize zakarreko denborale bat iritsiko dela, eta horrek oso egoera txarra eragingo duela itsasoan, gutxienez asteburura arte. Astelehenetik, hilaren 6tik, aurrera denboralea arintzea espero da, baina ziurgabetasuna handia da.

Euskalmeten iritziz, egun hauetan hego-haize zakarra nagusituko da. Haize-boladak oso handiak izango dira, 110-120 km/h-tik gorakoak mendebaldeko mendiguneetan eta 80-90 km/h ingurukoak gainerakoan.

Haizeari dagokionez, egunik zailena ostirala izango da, hilaren 3a. Ostiraleko goizaldean eta lehen orduetan, baita egunaren amaieran ere, hegoaldeko haize-boladak 120 km/h-tik gorakoak izango dira mendebaldeko mendiguneetan. Une horietan, eta haizetsuak ez diren zonetan, haize-boladak oso handiak izan daitezke, 90-100 km/h ingurukoak edo handiagoak, batez ere mendebaldean.

Larunbatean, ia egun osoan, egoera lasaixeagoa izango da, eta haizearen intentsitateak behera egingo du. Hala ere, igandean, hilaren 5ean, gerta daiteke beste depresio batek oso haize zakarrak ekartzea, hasieran hegoaldekoak, eta gero mendebaldekoak eta ipar-mendebaldekoak. Nolanahi ere, ez dago haize-bolada horien intentsitate-mailaren ziurtasunik.

Era berean, itsasoaren egoerak okerrera egingo du nabarmen ostiraletik, hilaren 3tik, aurrera. Mendebaldeko haize zakarra izango da eta olatuak 4-5 metro ingurukoak izango dira ia egun osoan. Egunaren amaieran, olatuen altuera 3,5 metrora jaitsiko da, batez ere hondoko itsasoaren ondorioz eta olatu arteko tartearen ondorioz —nagusiki egunaren lehen erdian—. Itsasoa, beraz, egoera txarrean izango da.

Horrenbestez, eta marea biziak ez badira ere, eguneko lehen itsasgorarekin inpaktua izan daiteke kostaldean. Era berean, kontuan izan behar da olatu mota horrek korronteak sor ditzakeela, portuetan ura nahas dezakeela eta pasealekuetan eta malekoietan zipriztintzeak eragin ditzakeela. Era berean, itsasoan bereziki egoera txarra izan daiteke larunbatean, hilaren 4an, eta igandean, hilaren 5ean. Mendebaldeko haize zakarrak 5 metrotik gorako ipar-mendebaldeko itsaso konbinatua eragin dezake, batik bat larunbateko, hilaren 4ko, ordu zentraletan, eta 7 metrotik gorako itsaso konbinatua igandean, hilaren 5ean.

Bestalde, egun horietan fronte ugarik zeharkatuko du Euskal Autonomia Erkidegoa, mendebaldetik ekialdera, eta prezipitazioak utz ditzakete. Prezipitazioak ez dira oso adierazgarriak izango asteburura arte. Asteburuan, haizea mendebaldetik eta ipar-mendebaldetik jotzen hasten denean, prezipitazioak ugariagoak izan daitezke.

Dinamika horren barruan, tenperatura atseginak izango ditugu, baina asteburuan eta batez ere igandearen, hilaren 5aren, azken orduan, tenperaturak behera egin dezake eta, horrekin batera, elur-kota ere 1.000 metro ingurura jaitsi daiteke, baita hortik behera ere.

Oharra: Euskalmetek bere web-gunearen bidez (http://www.euskalmet.eus) eta Twitter bidez (@Euskalmet) eguneratzen ditu iragarpenak. Jarraitzea gomendatzen dizuegu.