Segurtasun Saila

Euskalmetek eguraldi egonkorra eta prezipitaziorik gabea iragarri du Gabon eta Eguberri egunetarako.

Argitalpen-data: 

Euskalmet, Euskal Meteorologia Agentziak, eguraldi egonkorra eta prezipitaziorik gabea iragarri du Gabon eta Eguberri egunetarako, eta hegoaldeko haizea eta tenperatura leunak izango dira antizikloi egoera nagusituko denez. Euskalmeten arabera Eguberri egunaren amaierarako Atlantikoko fronte bat sar daiteke mendebaldetik, eta azken orduetan euria egin dezake, beraz.

Bihar, hilaren 22an, eta etzi, hilaren 23an, hodeiak izango dira nagusi eta euri pixka bat ere ekar dezake fronte ahul batek, baina Gabon eguna lasaia izango da, zeruan ez da hodei askorik izango, nahiz eta barrualdean behe-lainoa sor daitekeen, eta itxia izan daiteke bereziki Araba hegoaldean.  

Euskalmeten iragarpenaren arabera, abenduaren 24a tenperatura hotzekin hasiko da, eta barrualdean izotza ere egin dezake, batez ere Araban, nahiz eta, eguzkiari eta hegoaldeko haizeari esker tenperatura maximoak leunak izango diren, 15ºC ingurukoak itsasertzean eta 10ºC ingurukoak barrualdean. Behe-lainoak irauten duen lekuetan, tenperatura maximoak 10ºC-tik behera geratuko dira.

Eguberri egunean egoera oso antzekoa izango da, nahiz eta hegoaldeko haizea indartzen joango den, bereziki mendialdean, eta horrek zenbait lekutan hodeiak sortzea ekar dezake.  

Tenperaturei dagokienez, berriz, atseginak izango dira, nahiz eta barrualdean tenperatura minimoak hotzak izango diren, 0ºC ingurukoak, batez ere Araban.  Tenperatura maximoak, berriz, aurreko egunekoen antzekoak izango dira, eta itsasertzean 15ºC-ra edo hortik gora irits daitezke, eta barrualdean 10-15ºC ingurukoak izango dira.

Egunaren amaieran hodeiak ugaritu daitezke Atlantikotik fronte bat irits daitekeenez, eta azken orduetan euria ere egin dezake. Litekeena da 26tik aurrera egoera meteorologikoa aldatzea, eta antizikloia erretiratu eta Atlantikotik borraskak eta fronteak sartuko direla aurreikusten da.

 

Oharra: Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter ( @Euskalmet) bidez.