Segurtasun Saila

Argitalpen-data: 2017/06/07

"Donostia" buiak hamar urte beteko ditu EAEko kostaldea kontrolatzen.

Bihar, ekainaren 8an, Ozeanoen Nazioarteko Egunean

  • Haren teknologiak itsasoaren eta atmosferaren egoerari buruzko berehalako datu objektibo eta kalitatekoak ematen ditu.

  • Parametro meteorologikoei, korronteei, olatuei, tenperaturei eta gazitasunari buruzko informazioa ematen du, 200 metroko sakonerara bitartekoa.

  • Buiak emandako informazioa giltzarria izan da olatuek gure kostaldean duten inpaktua hobeto ezagutzeko.

buia jartzenBihar, ekainaren 8an, Ozeanoen Nazioarteko Egunean, “Donostia” buiak hamar urte beteko ditu. Kostaldetik 16 miliatara dago buia, Donostiaren parean, eta, hamar urte hauetan, ur-zutabearen parametro meteorologikoei, korronteei, olatuei, tenperaturei eta gazitasunari buruzko informazioa eman du. “Donostia” buia EAEko sare Ozeanometeorologikoaren parte da, plataforma ozeanometeorologikoekin eta kostaldeko radarrekin batera.

Itsasoaren egoerari buruzko ezagutza izatea funtsezkoa da EAEko kostaldearentzat eta zenbait sektorerentzat, hala nola arrantza-sektorea, itsas aisia eta turismoa. Izan ere, kostaldea eta haren baliabideak —hondartzak, itsaslabarrak, marearteko zabalguneak, etab.— lurraldeko aktibo garrantzitsuenetako bat bihurtu dira.

Euskadin, hiru biztanletik bi kostaldetik 30 kilometro baino gutxiagora bizi dira; beraz, berehalako datuak eta informazioa lortzeak berebiziko garrantzia du eremu horietan egiten diren askotariko jarduerak behar bezala gauzatzeko.

“Donostia” buiak —Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa— eskaintzen dituen datuak sistema bakar batean integratzen dira. Prozesu meteorologikoek itsasoan duten eraginari buruzko informazioa ematen du sistema horrek, baina baita itsas ingurunean gertatu diren aldaketei buruzkoa ere. AZTIko adituak arduratzen dira sistemaren mantentze-lanez eta kudeaketaz.

Informazio horren zati handi bat ia denbora errealean bidaltzen da, satelite bidez, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren instalazioetara. Han, jarraipen zehatza egiten da, eta iragarpenak egiteko meteorologia- eta ozeanografia-ereduak doitzen dira; hala, ekaitzen, galernen eta abarren bilakaera zein den jakin daiteke.Buia

Are garrantzitsuagoa da, baina, kostaldeko arriskuak zehaztea eta herritarrei eta instituzioei haien berri ematea. Izan ere, hala, txikiagotu egiten da ekaitzen eta galernen inpaktua, itsasoan edo itsasotik gertu egiten diren jardueretan.

Kostako lehen lerroan lurralde-okupazio handia dagoelako gertatzen da hori. Gaur egun,, abisu-, alerta- eta alarma-sistema egoki bat edukitzeak nabarmen hobetzen du pertsonen eta azpiegitura publiko eta pribatuen segurtasuna, eta are gehiago hobetuko du etorkizunean.

“Donostia” buiaren bidez egiten diren neurketen artean, hauek azpimarratzekoak dira: helburu zientifikoko neurketak, prozesu jakin batzuk ulertzeko; hondamenenezko egoera baten aurrean erantzuteko neurketak, hala nola hidrokarburo-isuriak, eta denbora luzez eta etengabe egiten diren neurketak, teknikari eta zientzialariei joerak aztertzen laguntzen dietenak, modelizazioa hobetzeko, eta, hala, etorkizuneko gertaerak eta egoerak aurreikusteko.

Hondoko korronte-neurgailu batek ematen du informazio ozeanografikoa. Hark korronteen abiadura eta noranzkoa neurtzen ditu aldi berean. Horrez gainera, presio-sentsore batek olatuen ezaugarriak erregistratzen ditu. Azkenik, sakonera desberdinetan jarritako sentsore-kate batek tenperaturen eta gazitasunen profila neurtzen du.

Bildutako informazio ozeanografikoa, informazio meteorologikoarekin batera, orduro transmititzen da satelite bidez, eta Euskalmeten eta AZTIn prozesatzen da.

Bildutako datuak baliagarriak dira ez soilik prozesu meteorologiko prediktiboak hobetzeko, baizik eta baita gure kostaldeen ezaugarriak aztertzeko ere, hala nola galernen osaera, mareen aldakortasuna eta olatuen energia. Informazio hori ezinbestekoa da jakiteko itsasoak zer arrisku dituen itsasoko eta kostaldeko erabiltzaileentzat.

Datu horiek aztertzeak erabilera ugari ditu epe luzera; datuok erabil daitezke, esaterako, klimari buruzko azterketak egiteko, portuen edo kostako bestelako eraikuntzen dimentsioak planifikatzeko, etorkizuneko itsasoko energia-iturriak identifikatzeko edo nabigazio-bide seguruak ezartzeko.

Zailtasunak zailtasun (ustekabe desainguratzea, arrastatzea, ontzien kolpeak, ekaitzak...), 10 urteko datu-segida bat edukitzea lortu da, eta horrek benetako altxor tekniko-zientifiko bihurtzen du buia.