Azken eguneratzea: 2012/11/14
Arkautek ''Larrialdietan esku hartzen dutenentzako eskuliburu psikosoziala'' argitaratu du
Mota guztietako larrialdietan esku hartzen duten profesionalen eta boluntarioen prestakuntza handitzeko

“Larrialdietan esku hartzen dutenentzako eskuliburu psikosoziala” prestatu eta idazteko lanean, larrialdietako arreta psikologikoaren arloko hainbat euskal espezialistak lagundu dute: Juan María Urruzuno, Euskal Gurutze Gorriko lurralde-arduraduna eta psikologo aditua hondamendi-egoeretan (martxoaren 11ko atentatua, Spanair-en istripua Barajasen, etab.); Isabel Espinosa (Psikologoen Bilboko Elkargoko eta Bilboko suhiltzaileen parkeko prestakuntza-arloko kidea); Rosa Izquierdo, NBEko psikologo laguntzailea jarduera postraumatikoetan (eremu-esperientzia dauka Haitiko lurrikaran, etab.); eta Consuelo de la Puerta, Arkauteko Ikastegiaren Psikologia Arloko arduraduna.
Lanean jasotzen den bezala, profesionalak profesionalizatzeak, prestatzeak eta gaitzeak, bai eta arlo horretan unitate espezializatuak sortzeak ere, esku hartzean eraginkortasun hori bermatzeko balio behar du. Arreta psikosoziala larrialdien kudeaketako ezinbesteko alderdi bezala ezartzen duten azterlan ugarik hori babesten dute. Lanean azaltzen denaren arabera, laguntza psikologikoaren onura har dezaketen pertsonak hiru taldetan banatzen dira: egoera traumatikoak kaltetutako pertsonak, boluntarioak eta esku-hartzeetan parte hartzen duten taldeetako kideak.
Osasun publikoaren arloan, prebentzioak hiru forma hartu ohi ditu: Lehen mailako prebentzioa, nahasmenduen eragina txikitzera zuzendutakoa; bigarren mailakoa, ezbeharren eragin kaltegarriak murrizteko; eta hirugarren mailakoa, kalteak a posteriori konpontzeko xedea duena. Esku hartze psikosoziala bigarren mailako prebentzioaren barruan sartzen da, subjektua krisi-egoeran dagoenean egiten delako.
Krisi-egoeran eginiko esku-hartzea biktimari laguntzeko egiten den prozesua da, ezbehar traumatiko bati aurre egiteko orduan, ondorio kaltegarriak izateko probabilitatea txikitzeko. Prozesu hori bi fasetan banatzen da:
Esku hartzen duten lehenengo pertsonek ematen duten lehenengo esku-hartzea edo lehenengo laguntza psikologikoa; denbora gutxi irauten du (minutuak edo orduak). Laguntza hori, batzuetan, modu inkontzientean ematen da, laguntza psikologikoa ematen ari garela ia konturatu gabe; hala ere, laguntza horrek ondorio positiboak ditu biktimen oreka berreskuratzeko orduan, eta, horregatik, profesionalen prestakuntza-programetan sartzea komeni da.
Eta bigarren esku-hartzea edo krisi-terapia; krisiaren irtenbide psikologikoa errazten du. Horren iraupena luzeagoa da (asteak edo hilabeteak), eta krisietan esku hartzeko tekniketan ezagutza espezifikoak dituzten terapeutek ematen dute.
“Larrialdietan esku hartzen dutenentzako eskuliburu psikosoziala”, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia. Edizio elebiduna, 80 orrialde hizkuntza bakoitzean. Lana honako hauetan eskura daiteke: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzuan (www.euskadi.net/argitalpenak), banatzaile baimenduetan (Elkar eta Egartorre), eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian bertan. PSP: 12 euro.
Hedabideak:
Liburuari buruzko informazio gehiago jaso nahi duten edo egileekin elkarrizketak kudeatu nahi dituzten hedabideetako profesionalak harremanetan jar daitezke Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Saileko prentsa-zerbitzuarekin: 94-6079282 telefono-zenbakian, edo helbide honetan: prensa@ertzaintza.net
Irudiak