Artxiboen Nazioarteko Eguna 2017
Datorren ostiralean ekainaren 9an, Artxiboen Nazioarteko Eguna izango da; 1948ko ekainaren 9an UNESCOk Artxiboen Nazioarteko Kontseilua sortu zuela ospatzeko.
Erakunde hauen balioa ikusarazi nahi izaten da egun hau ospatuta: herritarren, kulturaren, memoriaren, ikerketaren eta gardentasunaren alde egiten duten lan ederra goretsi.
Euskal Autonomia Elkarteko Herri-administrazioaren Artxibo Nagusia Gasteizen dago, Euskadiko hiriburu administratiboan, eta bertan daude gordeta bai estatuak gure autonomia-erkidegora transferitu dituen dokumentuak (eskumenak eskualdatzeko Dekretuen aplikazioz jasotakoak) bai eta, jaio zenetik pasa diren 40 urte hauetan, gure administrazioak sortu dituenak ere. Gardentasuna lantzeko eta herritarren eskubideak babesteko balio dute den-denek.
Eraikina Iñaki Aspiazu arkitektoak diseinatu zuen, eta 2010. urtean inauguratu zen. 5.460 m2-ko azalera erabilgarria dauka, eta automatizatutako gordailu masiboa izateko dago diseinatuta, 50 km dokumentazio gordetzeko moduan. Logistikarako zentro handia da, erabat automatizatua: bi robot ibiltzen dira korridoreetan gora eta behera, programa informatiko batek gidatuta, joan-etorriak optimizatzeko eta dokumentuak gordetzeko kaxak non dauden ondo kontrolatuta edukitzeko.
