Segurtasun Saila

Segurtasun Sailak elurragatik abisu horia aktibatu du larunbatetik aurrera, eta igandera arte, denboraldiko lehen elurtearen ondorioz.

Argitalpen-data: 

Euskal Autonomia Erkidegoa udazken atseginetik guztiz neguko girora pasako da 48 ordu eskasetan

Segurtasun Sailak elurragatik abisu horia aktibatu du larunbateko, urriaren 27ko, 18:00etatik igandeko, urriaren 28ko, 24:00etara arte. Artikotik datorren aire-masa hotz baten sarrerak eragingo du denboraldiko lehen elurtea, eta elurraren presentzia berezia da urteko sasoi honetan.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, bihar, ostirala, arratsaldetik neguko giroa nagusituko da; tenperaturek behera egingo dute eta, orduek aurrera egin ahala, prezipitazio ugari izango da. Prezipitazio horien ondorioz, elurte handiak izango dira mendiguneetan, eta ez goialdeetan soilik; baliteke elur-kota 1.000 metrotaraino jaistea, gutxi gorabehera.

Denboralearen unerik latzena larunbat eta igande artean izan daiteke, elur-kota 600 eta 800 metro artean kokatzen denean, ekaitz-guneetan oraindik beherago agertzea baztertu gabe.

Euskalmeten iritziz, bihar ostirala, iritsiko da fronte hotza, eta lehen prezipitazioak arratsaldez/gauez ekarriko ditu; elur-kota oraindik ere oso goian egongo da, 2.000 metrotan gutxi gorabehera. Larunbatean, urriaren 27an, eta igandean, urriaren 28an, egoerak okerrera egingo du eta zaparrada ertain/handiak eta iraunkorrak izango dira; ekaitz modukoak izan daitezke eta txingorra ere bota dezakete, batez ere isurialde kantauriarreko mendebaldean.

Larunbatean, elur-kotak behera egingo du; goizaldean, 1.800 metrotan egongo da, eguerdian 1.000 metrotan eta egunaren amaieran 800 metrotan.

Igandean, urriaren 28an, elur-kota, oro har, 600 eta 800 metrotan izango da egun osoz, eta ez da baztertzen ekaitz-guneetan zertxobait gehiago ere behera egitea. Eguneko ordu zentraletan, berriz, elur-kotak zertxobait egingo du gora. Denborale honetan, elur-lodierak 10 eta 50 cm artekoak izango dira 1.000 metrotan.

Astelehenetik, urriaren 29tik, aurrera denboralea arinduko den arren, eguneko lehen erdian prezipitazioek jarraituko dute eta elur-kota oraindik behean egongo da.

Tenperaturen beherakada nabarmena izango da, eta asteburuan tenperatura maximoak 10 ºC ingurukoak izango dira itsasertzean eta 5 eta 10 ºC artekoak barnealdean; tenperatura minimoak, berriz, 5 ºC ingurukoak izango dira itsasertzean eta 0 eta 5 ºC artekoak barnealdean. Urteko sasoi honetarako ohikoak diren tenperaturen azpitik daude, 10 ºC azpitik, gutxi gorabehera.

Segurtasun Sailak gomendatzen du:

  • Arretaz gidatu: zure ibilgailuaren abiadura bidearen inguruabarretara egokitu.
  • Negua hurbil dugunez, komeni da neguko gurpilak erabiltzea.
  • Gogoratu 011 trafiko-informaziorako telefonoa operatibo dagoela urteko egun guztietan eta eguneko 24 orduetan.
  • Bereziki arretaz jardutea gomendatzen zaie 800 metrotik gora zirkulatu edo paseatuko duten pertsonei; elurraren pisuak adarrak eta zuhaitzak erortzea eragin dezake, zuhaitzek ez baitituzte hostoak galdu eta oraindik ez baitute haien geldialdi begetatiboa hasi.

 

Euskalmetek bere web-gunearen bidez (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter bidez (@Euskalmet) eguneratzen ditu iragarpenak. Jarraitzea gomendatzen dizuegu.

 

Edozein larrialdi izanez gero deitu 112 telefonora.