Segurtasun Saila

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du bihar ostegunerako haizeagatik

Argitalpen-data: 

Ageriko lekuetan nahiz agerikoak ez direnetan

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du bihar ostegunerako, hilaren 19rako, hegoaldeko haizeagatik EAE osoan. Haizea indartsu ibiliko da agerikoak ez diren lekuetan (15:00etatik 24:00etara bitartean) nahiz ageriko lekuetan (00:00etatik 24:00etara bitartean), eta haize boladak 90-100 km/h-tik gorakoak izan litezke agerikoak ez diren lekuetan eta 110-130 ingurukoak ageriko lekuetan, batez ere mendialdeetan.

Euskalmet, Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, gaur, asteazkena, eta bihar, osteguna, Atlantikoko borraska sakon baten (Elsa) eraginpean egongo gara. Borraskaren erdigunea Britaniar Irlen mendebaldean kokatuko da, eta Iberiar Penintsula osoa eta Europaren mendebaldea hartuko ditu. Borraskaren eraginpean egoten garen bitartean, beraz, hego-haizea indartsu ibiliko da, batez ere bihar, osteguna, egunaren bigarren erdian.

Horrela, gaur, asteazkena, hilak 18, hego-haizea indartzen joango da, batez ere eguerditik aurrera. Une horretan hego-haizeak, batez ere hego-mendebaldetik joko duenak, 100 km/h gaindituko ditu ageriko lekuetan, batez ere mendialdeetan eta mendebaldean. Agerikoak ez diren lekuetan ere haizea aipagarria izango da, eta 60-70 km/h-ko izatera irits daiteke.

Ostegun goizean, hilaren 19an, hego-haizea indartzen joango da, eta ageriko lekuetan haize-boladak 110-120 km/h-koak izango dira, bereziki arratsalde partean, eta 120-130 km/h-tik gorakoak ere izan daitezke.

Agerikoak ez diren lekuetan ere indartzen joango da hego-haizea, eta 80 km/h-tik gorako haize-boladak izan ditzakegu, bereziki arratsaldean, eta 90-100 km/h-tik gorakoak ere izan daitezke.

Prezipitazioei dagokienez, bihar, osteguna, euri pixka bat egin dezake egunaren lehenengo erdian, baina arratsalde-gau partean iritsiko den fronte hotza izango da prezipitazio ugariagoak ekarriko dituena, zenbait tokitan ekaiztsuak ere izan daitezkeenak.

Gomendioak:

  • Ondo itxi eta segurtatu ateak, leihoak eta toldoak.
  • Kendu loreontziak eta kalera eror daitezkeen objektu guztiak.
  • Segurtatu aldamioak, garabiak eta obretako gainontzeko elementuak.

Aire zabalean bazaude:

  • Urrundu erlaitzetatik, hormetatik edo publizitate-hesietatik, eta kontuz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen ondoan.

Bidaiatu behar baduzu:

  • Saihestu errepidean zeharreko joan-etorriak, eta, nahitaez ibilgailua hartu behar izanez gero, kontu handiz ibili.
  • Aurretik, jakinaren gainean egon zer-nolako eguraldia izango den zu zoazen leku horretan edo pasako dituzun lekuetan.

Itsas ondoan bazabiltza:

  • Saiatu itsasontzirik ez erabiltzen, eta berrikusi amarrak. Ez egin uretako kirolik.

Udalek hartu beharreko neurriak:

  • Udaleko larrialdiko planeko ekintza-planean agertzen diren langileei abisu eman. Bestela, halako egoeretan lagungarri izan daitezkeen udal-zerbitzuak aktibatu (udaltzainak, boluntario-taldeak, obra eta zerbitzuetako langileak, ur eta estolderietako zerbitzuak eta abar).
  • Herritarrak zuhaitzak dauden eremuetan ez ibiltzeko neurriak hartu.
  • Erreparatu ondo udalerrian jarrita dauden aldamio, garabi eta obrako beste elementuei, denak ondo tinkatuta daudela ziurtatzeko.
  • Tinkatu ondo hiri-altzariak, zabor-ontziak edo istripua eragin dezakeen beste edozer gauza.
  • Erreparatu instalazio ez egonkor, eramangarri edo desmuntagarriei (adibidez, karpak), eta tinkatu ondo.
  • Ziurtatu ez dagoela inor herrian kanpin egiten leku arriskutsuetan, eta aztertu herriko kanpin-instalazio guztiak.
  • Ez ahaztu Udal Larrialdietako Sareko TETRA emisorea hor daukazula, SOS Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroarekin kontaktatzeko.

Larrialdietan hartu beharreko neurriak:

  • Errepide edo paseoetan, bereziki, kostaldekoetan, zati arriskutsuak zaindu eta kontrolatu.
  • Jakinarazi herritarrei haize zakarren arriskua dagoela, eta azaldu zer neurri hartu behar diren arriskuari aurrea hartzeko.

 

Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter ((@Euskalmet) bidez.