Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

23. Urbiako artzain-multzoa (GIPUZKOA ETA ARABAKO PARTZUERGOA)

3. ETAPA: ARANTZAZU • ARAIA

Gipuzkoako hegoaldean, Arabako mugan, Aizkorri mendigunea dago, Kretazeo periodoan duela 100 milioi urte baino gehiago sortua. Erdiko aldean sakonune nahiko laua du, baina azalera irregularrekoa: kareharri margatsu eta buztintsuen azaleratzeak, larreak (karstaren disoluzio-buztinen metaketa-guneetan) eta pagadiak tartekatzen ditu.

Duela milaka urte hasi zen ingurune horren urtaroen araberako giza-okupazioa, bai Paleolitotik, baina bereziki Eneolitotik eta Brontze Arotik aurrera (duela 5.000 urte inguru). Garai horretako aztarnarik ezagunenak Urbiako zelaietan zabaltzen diren hilobi-monumentuak (trikuharriak) badira ere, komunitate horien aztarnak bizi ziren etxolen hondakinetan ere aurki daitezke. Beste aztarna batzuk haitzuloko hilobiak dira, garai berekoak. Bestalde, duela gutxi Burdin Aroko hilobiak ere ezagutu dira, harrespil izenaz ezagutzen direnak (duela 2.500 urte ingurukoak).

Oraintsuko historiaurretik eta gaur egunera arte, Urbiako ingurunea ustiapen ekonomikorako lekua izan da. Ustiapen ekonomiko hori, arian-arian, abeltzaintzan oinarritu da, eta balio historiko, arkeologiko eta etnografiko handiko artzaintza-paisaia sortu du. Ingurune horretan egindako ikerketek agerian uzten dute erabileraren arabera mota desberdineko arkitekturak baliatu zituztela. Urbiako txabolak historian zehar aldatuz joan dira. Gaur egun aterpeak edo bordak material modernoagoekin eraikita daude (hormigoizkoak edota besterik gabe zementuz indartutako harlangaitzezkoak dira, teilazko teilatuak eta ondo isolatutako leihoak dituzte), baina antzina askoz ere bakunagoak ziren. Lehengo garaietan, babeslekuak harpe natural bat edo, gutxienez, kareharrizko azaleratze bat aprobetxatuz egiten ziren oro har. Hain monumentalak ez ziren kasuetan, ingurunean bildutako egurrez egindako txabola bat zen habitata, eta landare-mantu isolatzaile batez estaltzen ziren. Zorua laua izateko lurra jartzen zuten, eta askotan harri xehea botatzen zuten drainatzea hobetzeko. Mota honetako bordetan gertatu ohi den bezala, material galkorrez eginda zeudenez, zorua osatzen zuten lurreko tumuluak baino ez ditugu aurkitzen, lurrean gehiago edo gutxiago nabarmentzen direla.

Bestalde, ohikoa da antzinako etxolen perimetroak lurrean markaturik aurkitzea, haien hormak zati batean edo erabat harrizkoak izan baitziren. Normalean forma angeluzuzena izaten zuten, baina beste kasu batzuetan lurraren topografiara egokitzen ziren eta irregularragoak ziren. Eraikuntza mota hau duela milaka urte sortua izan zen agian, eta berau da denboran gehien iraun duena eta aztarna gehien utzi dituena. Horren adibide dugu Lazkaolatzako saroia.

Harkaitzetako aterpeak aprobetxatuz edo txabolen inguruan jarrita, abereentzako saroiak zeuden. Harri lehorraren teknika erabiliz egin ohi ziren, hau da, harriak pilatuz, inolako morterorik gabe. Batzuetan, lurretik nahiko gora altxatzen dira, metroraino. Paisaiari erreparatzen badiogu, horrelako eraikinak aurkituko ditugu espero ez dugun lekuetan, harkaitz-azaleratzeen artean ia ezkutatuta. Bestalde, antzerakoak dira antzinako baratzeak inguratuz ganadua sar ez zedin egiten ziren harresiak. Ganadua piztietatik babesteko beste eraikin mota batzuk ere aurkitzen ditugu: kupula-txabolak. Estalkia kupula faltsuen bidez osatzen zen gero eta harrizko ilara estuagoekin eta sarrera moduko irekidura estu batekin.

Kokaleku horietan egunero erabiltzen ziren tresnak (silexezkoak, brontzezkoak edo burdinazkoak), kontsumitutako janariaren hondakinak (animalia-hezurrak edo zereal-aleak) eta biltegiratzeko edota egunero erabiltzeko ontziak berreskuratu ohi dira.

Partekatu

Azken aldaketako data: