Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

40. Antoņanako hiribildua (ANTOŅANA, KANPEZU)

5. ETAPA: ALDA • SANTA CRUZ DE CAMPEZO

Hiribildu gotortua

Antoñana muino baten gainean dago, eta muino horren azpian Ega ibaia. Ibaia babes-elementua izan zen herriarentzat, oztopo handia baitzen bertara iristeko. Antoñana probintziaren hego-ekialdeko muturrean dago, Nafarroako mugatik gertu. Arabako lurraldean hiribildu izateko forua lortu zuten lehen herrietako bat izan zen: 1182. urtean eman zioten Tuterako forua, Antso Jakituna errege nafarraren eskutik. Nafarroa eta Gaztelaren arteko mugan zegoenez, bi erresumak haren jabe izateko lehiatu ziren mendeetan: horregatik da herri gotortua.

Erdi Aroko hiri-trazadurari eusten dio: kaleak eta orubeak garai horretakoak dira, nahiz eta kontserbatu diren arkitektura-elementu gehienak geroagokoak izan. Hiru kalek egituratzen dute herria, eta elkarren parean doaz, iparraldetik hegoalderako norabidean. Kantoiek lotzen dituzte, eta askotan eraikinen azpitik igarotzen dira, pasabide bihurtuz.

Kale Nagusia hiribildua egituratzen duen ardatza da, goiko eta beheko auzoak bereiziz. Erdi Aroan herriguneko bi ateak lotzen zituen, iparraldekoa eta hegoaldekoa. Lehenengoa baino ez da kontserbatzen: arku beheratu batez osatuta dagoen sarrera txiki bat da, eta gainean, balkoi bihurtutako matakan bat du. Kale horretan eraikin aipagarrienak daude: armarridun jauretxeak, esaterako, XIII. mendeko Hurtado Mendozatarren dorretxea nabarmentzen dela, hirigunearen iparraldean. Neurri handiko eraikina da eta oinplano angeluzuzena, lau solairu eta lau isurkiko estalkia ditu. Hormak harlangaitz erregularrez eginak dira eta ertzetan harlanduak dituzte. Ondoan latsarria dago, isurialde bakarreko estalkia duena eta egurrezko egitura. XVI. mendeko Elorzatarren dorretxea Erdi Aroko arkitekturaren beste adibide bat, eta kalearen beste aldean dago. Garai hartako etxeak harriz eraikitzen ziren, baina goiko fatxadetan egurrezko egitura zutela ikus daiteke.

Herriko parrokia-eliza, San Bizente Martiriari eskainia, herriaren iparraldean dago, sarrerako ate bakarraren ondoan, harresiaren funtzioa indartuz. Harlangaitzezkoa da, gurutze latindar formako oinplanoa du eta abside oktogonala. Iparraldean eta harresien barruan, elizaren XVIII. mendeko arkupea dago, erdi-puntuko bost arkuz osatua. Oinaldeari atxikita garai bereko oinplano karratuko dorrea altxatzen da. Harlangaitzezkoa da eta eskantzuak harlanduzkoak. Barrualdean, lunetak dituzten lau kanoi-ganga ditu. Nabarmentzekoa da rococo estiloko erretaula nagusia, XVIII. mende amaierakoa, Manuel Morazak egina.

Hiribildu osoa inguratzen zuen harresiari dagokionez, ekialdeko eta mendebaldeko aldeetan kontserbatu da hobekien. Harlanduxkako eta harlangaitzezko aparailua erabiliz eraiki zuten, eta 1,30 metroko lodiera hartzen du. Mendebaldean, harresiak 5 metroko altuera du, eta hari atxikita, oinplano zirkularreko dorre bat ikus daiteke (berregina). Harresiak defentsa-funtzioa izateari utzi zionean, baoak irekitzeko aprobetxatu zuten hari atxikitako etxeetako bizilagunek, argiztapen handiagoa izateko. Horregatik, batez ere mendebaldeko hormatalean, leiho asko ageri dira.

Partekatu

Azken aldaketako data: