Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

3. Azpeitiko alde zaharra (AZPEITIA)

1. ETAPA: LOIOLA • ZUMARRAGA

Hiribildu handi baten sorrera

Iraurgiko Salvatierra (Azpeitiaren antzinako izena) hiribildua sortu aurretik, eremu hori eta Azkoitiako eremua Iraurgiko “bailara” edo jurisdikzioan zeuden. Bailara horretako biztanleak parrokia-funtzioak zituen eliza bati lotutako herrixketan bizi ziren, eta XII. mendetik aurrera burdinaren ekoizpenaren eta hark ekarri zuen merkataritza-trafikoaren hedapenak eragindako etekinak jaso zituzten. Getariako hiribilduaren sorrerak (hiri-gutuna 1209an berretsi zitzaion) are gehiago sustatu zuen Penintsula barnealdearen eta kostaldearen arteko merkataritza-trafikoa, horretarako bi ibairen bailarak baliatuz: Deba (Garaia eta Erdia), eta Urola (Erdia eta Behea).

XIII. mendeko merkataritza-hazkundearen ondorioz, ibilbide nagusiekin hobeto lotutako herrixkak hazten joan ziren, beste batzuen gainetik nabarmenduz, eta hiribildu-maila lortzeko behar ziren baliabideak lortuz. Horrela, 1294an Itziarrek (gaurko Deba) hiribildua lortu zuenean, barrualdetik Deba Garai eta Erdian barrena zetorren merkataritza-bidea sendotu egin zen. Bide horrek beheko arrotik jarraitu zuen Debako porturaino, eta pixkanaka, beste bidea baztertuz joan ziren (Deba Erditik Urola Erdi eta Behera igaro ondoren Zumaiako eta, batez ere, Getariako portuetan itsasoratzen zena). Testuinguru zail horretan sortu zen Azpeitia: Soreasu herrixkako biztanleek, San Sebastian parrokiaren inguruan antolatuta, beren posizio ekonomiko-komertziala eta, beraz, politikoa sendotzeko ahaleginetan, 1310ean Erregeagandik hiribildua eratzeko baimena lortu zuten, eta 1311an gauzatu, Gasteizko Forua jaso baitzuten. Azpeitia Gipuzkoako Probintziaren sorrera eragin zuen hiribildu nagusietako bat izan zen (1397tik aurrera). XIX. mendera arte, txandaka Batzar Nagusiak (probintziako legegintza- eta gobernu-organo gorena) hartzen zituzten 18 hiribilduetako bat izateaz gain, Korrejidorearen (Erregearen ordezkari judizial nagusia Gipuzkoan) 4 egoitza ibiltarietako bat zen. Era berean, Olatz auzoko Andre Maria eliza probintziako Batzar Partikularrak biltzen ziren 4 egoitzetako bat izan zen 1700 arte. Tradizio luze horri erantzunez, 1841ean Azpeitiko Barruti Judiziala sortu zen, eta haren auzitegiak egoitza du herrian.

Urolaren ertzeko hirigunea

Azpeitiko hiribilduak Erdi Aroko hirigintza du oraindik. Arbendol-formako oinplanoa du, hiru kale nagusiren (Elizkale, Erdikale eta Enparan kalea) eta kantoi perpendikular baten inguruan egituratuta. Kantoiak Soreasuko San Sebastian parrokia (Alde Zaharraren ipar-mendebaldeko muturrean), eta Enparan jauregira sartzeko Alde Zaharraren ekialdetik abiatzen den zubia lotzen ditu. Enparandarrak Loiolatarrekin estuki loturiko Ahaide Nagusien leinu noblea zen, eta gaur egungo jauregia haien antzinako dorretxearen gainean eraikita dago. Eraikin bikain honek erdiko zati gotiko bat du, XVI. mendekoa, eta alde banatan hurrengo mendean gehitu zitzaion hegal bana.

Hiribilduaren barruan beste eraikin batzuk nabarmentzen dira, itsasoz haraindiko merkataritzari edo Erregeari eskainitako zerbitzuari esker aberastutako pertsonek eta leinuek eraikiak. Aipatzeko eraikinak dira XVI. mendeko: Basozabalgo jauregi gotiko bikaina, Elizkale 1ean dagoen beste bat, eta Joan Antxietak (Errege Katoliko eta haien alaba Joana Eroaren kapera-maisuak) eraikitako jauregi mudejarra. Altuna etxea ere mudejar estilokoa da, XVII. mendekoa. Mende horretakoa da, halaber, estilo barrokoan eraikitako kontzeju-etxe zaharra.

Partekatu

Azken aldaketako data: