Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

44. Bernedoko herrigunea (BERNEDO)

6. ETAPA: SANTA CRUZ DE CAMPEZO • LAGUARDIA

Bernedo, Arabako lehen hiribilduetako bat

Arabako lurraldean hiribilduak sortzeko fenomenoa XII. mendean gertatu zen, Nafarroako eta Gaztelako erresumen artean zeuden tentsioen testuinguruan. Nafarroako Antso VI.a Jakituna erregearen estrategia politikoa izan zen, 1076an Peñaleneko magnizidioaren ondorioz (Antso Gartzes IV.a hil zutenean) galdu zuen Arabako lurraldea berreskuratzeko asmoz egina. Antso VI.a Jakituna errege nafarra, beraz, XII. mendearen erdialdeaz geroztik lurraldeko biztanleak bere alde jartzen saiatu zen, lehendik zeuden hainbat herrixkari forua emanez, hau da, hiribilduak eratuz. Araban sortutako lehenengo hiribilduak Trebiñu (1161), Guardia (1164), Gasteiz (1181), Antoñana eta Bernedo (1182), eta Argantzon (1191) izan ziren. Hogei urte ondoren, Nafarroa militarki defendatzeko gai ziren gotorlekuak (hiribilduak) eraikita, Gaztela eta Araba arteko hegoaldeko muga indartua zuen. Hala ere, horrek ez zuen eragotzi handik gutxira, 1200ean, Gaztelako Alfontso VIII.ak Araba konkistatzea.

Bernedoren lehen aipamen dokumentala 1025. urtekoa da, Donemiliagako goldean ageri baita. Herriak gotorleku bat zuen hiribildu gisa sortu aurretik ere: 1121-1123 bitarteko dokumentu batek zioen Bernedoko gaztelua gotorleku garrantzitsua zela. Muino baten gainean zegoen, eta muino horretatik herrigunea eta haranaren gainetik nagusitzen zen. Hiribilduak eta gazteluak harresiz inguratutako multzoa osatzen zuten, lubakia zuena. Geroago, merkataritza-bideen baitan leku garrantzitsua izan zen Bernedo, batez ere Gasteizera zihoazen Nafarroako ardoena.

Bernedoko hiribildua

Bernedoko Erdi Aroko trazadura kale Nagusiak, Erdikoak eta Behekoak osatzen dute, eta herria ekialderantz egituratzen dute. Hiribilduko harresiak hiru sarrera zituen, eta gaur egun haien hondakin gutxi ikus daiteke. Mendebaldeko atea da, Sarreako atea deritzona eta Okongo Andre Mariaren Santutegira zeramana, hobekien kontserbatzen dena. Sartzeko ojiba-arku bat du, eta haren gainean gezileiho bat, harlanduz egina. Hori guztia gazteluaren mende zegoen; ondo landutako harriz eraikitako dorre almenaduna zen, baina gaur egun ia ez da haren hondarrik geratzen.

Hiribilduaren erdian Plaza Nagusia irekitzen da, non XVI. mendeko Andre Mariaren Jaiotzaren parrokia-tenplua dagoen, gotiko estilokoa. Oinplano angeluzuzena eta abside hexagonala ditu, eta barrualdean ganga izartuz estalita dago, gangen nerbioek floroiak osatzen dituztela. XIII. mendeko portada nabarmentzen da, gotikorako trantsizioan dagoen erromaniko estiloa duena: arku zorrotza du, txandaka molduraz eta landare-motiboz apaindutako zortzi arkiboltakoa, eta arkuei eusten dieten kapitelak dotore ornatuta daude. Portada, XVII eta XVIII. mendeen artean gehitu zen arkupe batez babestuta dago. Erretaula nagusia, barroko estilokoa da, XVII. mendekoa, José Pérez de Viñaspre eta Francisco Jiménezek egina.

Herrigunean egurrezko egiturazko eta barroko estiloko jauregi kutsuko etxe batzuk mantendu dira, besteak beste, XVII. mendeko Gamiz jauregia (gaur egun zaharberrituta dago eta udaletxea hartzen du) eta kale Nagusian dagoen jauregi bikaina, hiribilduaren ekialdeko atearen ondoan.

Aipagarriak dira, halaber, hiribilduak zituen zerbitzuekin zerikusia duten beste elementu batzuk, hala nola Susoko iturria, hiru tutukoa (1862koa), edo aldameneko harraska eta animalientzako aska zaharrak.

Partekatu

Azken aldaketako data: