Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

35. Kontrastako hirigune historikoa (KONTRASTA, HARANA)

4. ETAPA: ARAIA • ALDA

Hiribildu estrategikoa Erdi Aroan

Kontrastak Nafarroako Erresumarekiko mugan zuen egoera pribilegiatuak, Nafarroako Ameskoa ibarra begiz ezin hobeto menderatzen den altueran kokatua, garrantzi handia eman zion Erdi Aroan, eta defentsa-gune garrantzitsua izan zen. Gainera, Nafarroa, Gaztela, Kantauri itsasoa eta Araba komunikatzen zituen bidegurutzea izan zen, eta Nafarroa eta Gaztelako erresumak elkarren aurka borrokatu ziren gune estrategikoa. Alfontso X.a Jakituna Gaztelako erregearen eskutik lortu zuen hiri-gutuna 1256. urte inguruan, Gasteizko foruaren bitartez. Erregearen menpeko hiribildua izan zen, beraz, XIV. mendera arte, Fernandez Gaonakoaren leinuaren Jaurerrian sartu zen arte; ondoren, XV. mendean, ezkontza-aliantzen bidez, Lazkaotarren Oñatiko leinura igaro ziren, bai hiribildua, bai han zegoen gaztelua (gaur egun desagertua).

Probintziako hirigune harresitu txikienetakoa

Kontrasta hiribildua Arabako hirigune harresitu txikienetako bat izan zen. Hiribildua bi kalek osatzen zuten, iparmendebalde-hegoekialde norabidean paralelo igarotzen zirenak, elkarren artean kantoiez lotuak. Harresiaren mutur bakoitzean, harresiaren defentsa-funtzioa bermatuz, iparraldeko aldean, gaur egun desagertuta dagoen gotorleku-dorre bat zegoen, eta hegoaldeko aldean, Jasokundeko Andre Mariaren eliza, gotorleku-estetika nabarmena duena. Hiribilduaren inguruko harresitik zati batzuk kontserbatzen dira, eta ekialdeko hormatala da hobekien mantendu dena, baina gaur egun oso aldatuta dago. Defentsa-funtzioa galdu ondoren, harresiari atxikita zeuden etxeek baoak ireki zituzten harresian, beren etxebizitzetako barruko argiztapena hobetzeko. Gaur egun, herrigunearen kanpoaldera begira dauden eta leku horretan kokatuta dauden etxeetako fatxadak harlanduz eginak dira behealdean, eraikinaren gainerakoa ez bezala. Harlanduzko zati hori harresiaren hondarrak dira, eta etxebizitza guztietan ageri denez, hura nola antolatzen zen ikus daiteke. Hiribildura sartzeko ateetatik bi kontserbatzen dira: bata, aipatu den ekialdeko harresiaren hormatalean, ojiba-arkua duen ate bat da; bestea, parrokia-elizaren azpian dago eta gainean gezileihoak ditu.

Jasokundeko Andre Mariaren elizak itxura irmo eta itxia du. Defentsarako elementuak gordetzen ditu, hala nola iparraldeko eta hegoaldeko aldeen goialdean kokatutako bi matakan eta almena-lerroa, gaur egun itsututa egon arren teilatu-hegalaren azpian antzeman daitekeena. Eliza XV. eta XVI. mendeen artean eraiki zen. Oinplano angeluzuzena eta burualde zuzena ditu. Bi ataleko habeartea du nerbiodun gangak dituena, mentsuletan bermatutako lotailu zuzenekin; presbiterioan, aldiz, tertzeletedun nerbio-gangak ageri dira. Erretaula nagusia plateresko estilokoa da, XVI. mendearen erdialdekoa. Hiribildua osatzen zuten bi kaleetan zehar aurkitzen ditugun etxeek horma mehelinak, bi altuera eta bi isurkiko estalkia dituzte. Horietako asko berrituta eta aldatuta dauden arren, badira Behe Erdi Aroko elementuak kontserbatzen dituztenak, hala nola ojiba-ate dobelatuak eta harlangaitzezko hormak.

XVI. mendetik aurrera, Kontrasta harresiz kanpo zabaldu zen hegoalderantz. Gunearen zati honetan, hiri-egitura modu desantolatuagoan aurkezten da. Plaza batek hiribildu zaharra eta hegoalderantz egindako zabalgunea lotzen ditu, eta erdian iturri dotore bat du. Herrigunea muino baten goialdean dagoen Elizmendiko Andre Mariaren ermitaraino hedatu zen, harresiz inguratutako esparrutik 170 metrora.

Partekatu

Azken aldaketako data: