Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

51. Santa María de los Reyes elizaren eta Abade-dorrearen multzoa (GUARDIA)

6. ETAPA: SANTA CRUZ DE CAMPEZO • LAGUARDIA

Hiribilduaren iparraldeko defentsa-gotorlekua

Guardiako hiribilduak Erdi Aroan izan zuen izaera militarra nabarmena da alderdi askotan: izenak berak defentsari erreferentzia egiten dio, Nafarroako erresumarenaren baitan sortu zenean haren defentsa-funtzioa baitzuen; bestalde, hirigintza-egiturak ere babes-funtzioa du. Antzina, Guardiako biztanleak izaera zibiko-militarreko auzo-erakundeetan elkartzen ziren, eta haiei zegokien harresiaren defentsa. Bakoitzak santu baten izenpean funtzionatzen zuen. Bestalde, hirigintza-eremu bakoitzak funtzio bereizia zuen. Hirigunearen iparraldean, Kantabriako mendilerrora begira eta gorago kokatua dagoen eremua horretan, defentsa-funtzioa zen nagusi. X. mendeaz gero Guardiako gaztelua bertan zegoen (XIX. mendean eraitsia). XII. mendean, Guardiak forua lortu eta hiribildu bihurtu zen garaian, Santa Maria de los Reyes elizaren eta Abade-dorrearen eraikuntzei hasiera eman zitzaien, harresiarekin batera hirigunea iparraldetik defendatzeko. Hiribilduaren iparraldea, beraz, babes- eta botere-eremu gisa eraiki zen, botere guztiak, zibila eta elizgizona, bertan baitzeuden.

Hiri-gutunari esker Guardia erreferentziazko hirigune bihurtu zen eskualdean, botere politiko eta ekonomiko handikoa. Hori dela eta, helburu militarreko hainbat elementu arkitektonikoz hornitzen hasi zen, aldi berean hiribilduaren nagusitasuna islatzen zutenak; izan ere, Santa Maria tenpluak eta Abade-dorreak osatzen duten multzoa arkitekturaren bidez handitasuna erakusteko nahiaren erakusgarri dira. Eraikuntza denboran luzatu zenez, eraikinek garai desberdinetako elementuak dituzte, elementu erromanikoak primitiboenak direla. Estilo artistiko hori XII. mendean sartu zen Araban, eraikuntza hasi eta lurralde osora hedatu zenean. Eraikin hauek garai hartako abangoardian eraikitako hiribilduaren boterea irudikatzen dute.

Santa Maria de los Reyes eliza eta Abade-dorrea

Santa Maria de los Reyes elizak oinplano basilikala du, hiru nabe eta hiru atalekoa; burualdea zirkuluerdi-formakoa da, eta kanpoaldea poligonala. Harlanduz egina dago. XII. mendeko beste aztarna primitibo batzuk dira: elizaren kanpoaldean ipar eta ipar-ekialdean ikus daitezkeen arkutxo itsuak eta hormaren goiko aldea apaintzen duten zerrenda lonbardiarrak; mendebaldeko horman, aldiz, trantsizioko bi leihate erromaniko daude (XIII. mendea). Egungo tenplua, batez ere, XVI. mendean egindako handitzearen emaitza da, eta estilo errenazentista du. Garai horretakoak dira tertzeletedun gurutze-gangak, erdiko zutabeen akabera, eta tenpluko elementurik aipagarrienetako bat, sarrerako portada nagusia. Elizpea elizaren zaindariari eskainia da, harri polikromatuz zizelkatua (polikromia geroagokoa da, XVII. mendekoa), eta dekorazio aberatsa eta tailu finak ditu. Mainelean dagoen Ama Birjina Haurra besoetan duela irudia nabarmentzen da. Eszenak nolabaiteko naturaltasuna du, izan ere, Ama Birjinak burua Haurrarengana biratzen du goxotasunez. Elizaren oinaldean, Abade-dorre exentua ageri da. Oinplano karratua du, harlanduzkoa da eta lau solairutan banatuta dago; lehenengo biak itxiak eta trinkoak dira, eta azken biak, lau aldeetan baoak dituzte. Garai desberdinetako elementuak ikusten dira, zaharrenak trantsizioko erromaniko estilokoak (XII. mendearen amaiera eta XIII. mendearen hasiera), hala nola leiho parekatuak eta bigarren eta hirugarren solairuen artean irekitzen den arkua.

Partekatu

Azken aldaketako data: