Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

4. Soreasuko San Sebastian parrokia (AZPEITIA)

1. ETAPA: LOIOLA • ZUMARRAGA

Hiribildu berri baterako parrokia

Soreasuko San Sebastian eliza, jatorriari buruzko xehetasun zehatzik ez dakigun arren, Goi Erdi Aroko herrixka bateko tenplua izango zen ziurrenik. Europako mendebaldean, VIII. eta XII. mendeen artean eliza txiki ugari fundatu ziren, bai aurretik zeuden landa-herri txikietan, bai garai horretan sortutako kokaleku berrietan. Soreasu toponimoa, agian, Azpeitia harresiz inguratutako hiribildua garatu zenean haren ondoan zegoen herrixkaren izena izan daiteke.

1310ean, Fernando IV.a Gaztelako erregeak Urola ibarreko bizilagunei Garmendian herri berri bat eraikitzeko eskumena eman zien, bai eta Soreasuko monasterioaren aurreko lurrak ere. Hurrengo urtean, Gasteizko forua eta monasterioa (parrokia bihurtu zena) eman zizkien, hiribilduaren arrakasta bermatzeko. 40 urte geroago, auzibide jurisdikzional batean, Azpeitiko biztanleek (orduan Salvatierra izena zuen) adierazi zuten hiribilduaren lurrak San Sebastian parrokiako lurrekin bat zetozela. Hiribilduak inguruko herrixken gainetik lortutako nagusitasun politikoa, beraz, erlijio-esparruan ere islatu zen, Soreasuko tenplua inguruko herrixketako eliza txikien gainetik nagusitu baitzen, eta hala, 1511 inguruan, San Sebastian parrokia jurisdikzio osoan sakabanatuta zeuden hamar bat ermita txikiren jabe zen.

Behe Erdi Aroan hiribildua loratzen joan zen, bailarako leinu ugari bezalaxe. Gorakada handiena izan zuen familietako bat Loiolatarrena izan zen, erregearen eskutik San Sebastian elizaren patronatua lortu baitzuen 1387an. Beste leinu batzuek ere beren hil-kaperak bertan jartzeko baimena izan zuten; izan ere, familia batzuk aberastu egin ziren, bai merkataritzari eta industriari lotutako jarduera ekonomikoetan, bai Eliza Katolikoaren edota Hispaniar Inperioaren zerbitzu politiko-administratibo eta militarretan, eta aberastasun horren emaitza tenpluaren monumentaltasunean islatu zen.

Artea eta arkitektura

Parrokiara sartzeko, 1771n eraikitako portada neoklasiko bikaina duen plaza bat dago, ondoko Izarraitz mendiko harrobietako jaspe eta marmolekin egina. Ventura Rodriguezek diseinatu zuen, eta Francisco de Iberok eraiki. Eraikinaren gainerakoa errenazentista estilokoa da, areto-oinplanoa du eta kareharrizko zutabe soilez bereizitako hiru nabe. Barruko espazioa kasetoi-ganga trenkatuz estalita dago (alboetan ez dira ganga osoak). Multzoa oinplano karratuko kanpandorreak errematatzen du, neogotiko estiloko pinakulu batez koroatua.

Erretaula nagusia, 1687koa, barrokoa da, apainduraz betea, erdiko kalean elizari izena ematen dion santua eta beheko horma-hobian Kristo Gurutziltzatua buru dituela. Koroatzen duen esfera laurdeneko kaskaroia Vicente Berdusanen margoekin ornatuta dago. Erretaula Juan Apaeztegik, Martin Olaizolak eta Jose Etxeberriak eraiki zuten.

Tenpluak zenbait kapera ditu alboetan, eta horien artean Martin Zurbanok, Tuyko gotzainak, eraikitzea agindu zuena nabarmentzen da. Bertan, Pedro Altzegak 1520an plateresko estiloan landutako hilobia nabarmentzen da, Zurbano gotzaina otoitzean irudikatzen duena. Azpimarragarria da, halaber, Nicolas Saez Elolak, Peruren konkistan nabarmendu zen azpeitiarrak 1553an eginarazi zuena, arkitektura eta pintura bikain uztartzen dituen multzo errenazentista baita. Azken kapera horretan hainbat hilobi aurkitu ziren, zaharrenak XIII. mendearen amaierakoak, eta kanpaiak galdatzeko bi molde ere bai.

Partekatu

Azken aldaketako data: