Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

49. Guardiako hirigune historikoa (GUARDIA)

6. ETAPA: SANTA CRUZ DE CAMPEZO • LAGUARDIA

Guardia: hiribildu militarretik mahastizaintzako hiribildura

Antso VI.a Jakituna Iruñeko erregeak 1164an Guardiari hiri-gutuna ematea oso gertaera garrantzitsua izan zen bertako biztanleentzat. Guardia, hiribildu bihurtu baino lehen, Sonsierra eskualdeko (garai hartan eskualde horren izena) gainerako herrixken antzekoa zen, baina kokapen estrategikoa zuenez (muino baten gainean eta mugatik gertu), besteen gainetik nabarmentzea lortu zuen; hala, X. mendea ezkero gaztelu bat izan zuen, aurreko errege nafar batek, Antso Abarkak, altxa arazi zuena. Foruaren ondorioz, Guardia hirigune garrantzitsu eta eskualdeko hiriburu ekonomiko, politiko eta militar bihurtu zen. Garrantzi hori eraikuntzetan islatuta geratu zen: defentsarako hainbat eraikuntza eraikiz joan ziren, hala nola harresiak, dorreak eta gotorlekuak, bai eta botere zibilaren eta elizaren eraikuntza nabarmenak ere, hala nola elizak eta jauregiak, garrantzi ekonomiko eta politikoaren adierazgarri. Hiribilduak Erdi Aro osoan izan zuen izaera militarrari erantzuten dio hiri-egiturak.

XVI. mendean, hiribilduak gune militar gisa garrantzia galdu zuen eta merkataritza-jarduerek protagonismo handiagoa hartu zuten. Horrek handitasun eta aberastasun garaia ekarri zuen: hiriko familia ospetsuek hiriko jarduera oparoetan parte hartzen zuten, eta beren handitasunaren ikur ziren jauregiak eraiki zituzten.

Hirigune historikoa

Guardiako hirigune historikoa, Gasteizkoarekin batera, Araban jatorrizko trazadura eta hirigintza hobekien kontserbatzen duten Erdi Aroko guneetako bat da. Muinoaren gainean kokatuta, hiri-trazadura tokiaren morfologiari egokitzen zaio, kanpoaldeko kaleek duten kurbaturan ikus daitekeen bezala. Hirigunea egituratzen duen ardatza iparraldeko eta hegoaldeko bi elizek osatzen dute, Santa Maria de los Reyes eta San Joan elizek, hurrenez hurren. Kale Nagusiak lotzen ditu (erdiko kalea) eta alboetan Páganos eta Santa Engrazia ditu. Kale horiek zeharka ebakiz kantoiak ageri dira, Erdi Aroko tipologiaren erakusgarri.

Hirigintza horrek eremu desberdinak mugatzen zituen funtzioaren arabera. Iparraldean defentsa-funtzioa nagusitzen zen, gazteluaren (XIX. mendera arte iraun zuen) eta Santa Maria elizaren bidez. Hego-ekialdean judutegia zegoen, gaur egun desagertua eta eraikin berriek okupatua. Kale Nagusian goi-klaseak ezartzen ziren, botereguneetatik gertu (eliza eta kontzejua). Páganos kalean burgesia eta merkataritzan aritzen ziren biztanleak; eta Eskide kalean eta beste kantoi batzuetan, herri-klaseak. Hiribildua inguratzen zuen harresia Euskal Herrian hobekien kontserbatu diren babes-eraikinen adibideetako bat da.

Hiriguneak ondorengo garaietako eraikin aipagarriak ditu, hiriguneko ondarea aberasten dutenak: hala nola Primiziako Etxea, gotiko estilokoa (XV. mendea), udaletxe zaharraren jauregi barrokoa (XVI. mendea) eta egungo udaletxe neoklasikoa (XIX. mendea), non ezaguna den fatxadako automaten erlojua, 1998an inauguratua. Oso interesgarria da hiribilduak lurpean duen haitzulo eta upategien sarea, mahastizaintzako jarduera garrantzitsuaren ondorioz bertako familiek XVI. mendean zehar eraiki zutena.

Partekatu

Azken aldaketako data: