Segurtasun Saila

Azken eguneratzea: 2009/10/16
Datozen hamabost egunetan zehar ehun mila ibilgailuren abiadura kontrolatzea ahalbidetuko duen kanpaina bat abiatuko du Trafiko Zuzendaritzak
Kanpaina urriaren 19an (astelehena) hasiko da eta azaroaren 1ean (igandea) bukatu

Datorren astelehenean Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak hamabost egun iraungo dituen abiadura kanpaina bat jarriko du martxan. Honek, radar sistema baten bidez Euskadiko errepideetan dabiltzan ehun mila ibilgailuren abiadura kontrolatzea ahalbidetuko du. Ekimen hau indartzeko, kontzientziazio mezuak ere zabalduko dira irrati eta telebista bidez eta ohi bezala, seinale aldagarrien bitartez errepideetako paneletan.

 

Herrizaingo Sailaren Trafiko Zuzendaritzaren lehentasunetako bat abiadura-muga errespetatzean datza eta hauxe da hain zuzen, errepideetan zainketak bultzatzeko plan hau martxan jartzeko arrazoi nagusia.


Kanpaina urriaren 19an (astelehena) hasiko da eta azaroaren 1ean (igandea) bukatu. Bi aste horietan Ertzaintzako Trafikoko agenteek ibilgailuen abiadura kontrola areagotu egingo dute radar finkoak eta mugikorrak erabiliz, bai errepide-sare nagusian eta baita bigarren mailako bideetan ere. Trafikoko Zuzendaritzaren kalkuluen arabera, jarriko diren 200 radarrek, kanpainak iraungo duen hamabostaldian, ehun mila ibilgailu inguru izango dituzte kontrolpean. Aurreko kanpainetako emaitzek erakutsi dute, zainketa ekimen berezi hauetan aztertutako ibilgailuen % 2ak, seinaleek adierazitako  abiadura-mugak gainditzeagatik salaketak jasotzen dituztela. 


2008an Herrizaingo Sailak guztira 109.142 gidari salatu zituen legeak zehaztutako abiadura-mugak gainditu izanagatik. Hauetatik 54.168 Bizkaian, 29.311 Gipuzkoan eta 25.663 Araban gauzatu ziren. Salaketa kopuru honek, gidari horiei guztira gidabaimeneko 158.334 puntu atxikitzea suposatu zuen:  35.098 Araban,  78.635 Bizkaian eta 44.601 Gipuzkoan.

  
Oraingo honetan, irrati eta telebista bidez zabalduko diren mezuak ETBko humorezko programetako pertsonaien esku egongo dira. Horrela, "Vaya Semanita" saioko Jonanek eta Txorik eta "Wazemank"eko autoeskolako irakasleak mugak errespetatuz gidatzearen garrantziaz hitz egingo diete ikusleei; hori bai, bakoitzak bere ukitu bereziak emango dizkiete mezuei. Gainera hamabost egun hauetan zehar, seinale aldagarriak dituzten errepideetako panelak kanpaina ezagutarazteko eta abiaduraren inguruko kontzientziazio mezuak hedatzeko erabiliko dira.