Azken eguneratzea: 2012/06/25
Repsolek eta Eusko Jaurlaritzak larrialdien arloan lankidetza indartzeko protokoloa sinatu dute.
Bi erakundeek prestakuntza jarduera bateratuak abiaraziko dituzte, beharrezko koordinazio, lankidetza eta kooperazio lanetan efizientzia gorena izan dezaten osasun arretako langileek, herritarren segurtasunekoak, babes zibilekoak, eta suteak itzaltzeko eta salbamenduko langileek, baita Repsoleko langileek ere.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Raúl Fernández de Arroiabek eta Repsoleko GLP
Mundial enpresako zuzendari exekutibo José Manuel Gallego Lópezek larrialdien arloko lankidetza protokolo bat sinatu dute gaur Bilbon, energia hornidurarekin lotutako balizko gorabeherak konpontzeko bi erakundeen arteko lankidetza indartzen lagunduko duena.
Besteak beste, Larrialdiak Koordinatzeko 112 SOS-Deiak Zentroaren eta Repsolen Matxuren Arreta Zerbitzuaren arteko bi aldeko komunikazio-prozedurak finkatu dira hitzarmenean, bi aldeak etengabe (hogeita lau ordu egunean, zazpi egun astean) informatuta egon daitezen bai bezeroen, bai Euskal Autonomia Erkidegoan dauden Repsolen instalazioetan gerta daitezkeen gorabeherei dagokienez.
Hala, babes zibileko kanpoko zerbitzuen beharra duten gorabeherak berehala jakinaraziko dizkio Repsolek Larrialdiak Koordinatzeko 112 SOS-Deiak Zentroari; larrialdiak koordinatzeko zentroak, bidenabar, edozein gorabeheraren berri izanez gero, Repsoli jakinaraziko dio, baita administrazioek izapidetutako laguntza eskaera oro ere.
Bi kasuetan, erakundeek elkarren instalazioak bisitatzeko konpromisoa hartu dute; horrez gain, prestakuntza jarduera bateratuak martxan jarriko dituzte beharrezko koordinazio, lankidetza eta kooperazio lanetan efizientzia gorena izan dezaten kanpo zerbitzuetako kideek, alegia osasun arretako langileek, herritarren segurtasunekoak, babes zibilekoak, eta suteak itzaltzeko eta salbamenduko langileek, baita Repsoleko langileek ere.
Herrizaingo sailburuaren iritziz, “kontingentzia bati eman beharreko erantzunak gero eta eraginkorragoa izan behar du. Horren haritik, beste alderdi batzuekin batera, Larrialdiei Aurre egiteko Euskal Sistemara sartzeko denbora hobetu egingo dugu, hala eskatzen duten egoeretan; aldi berean, informazio kudeaketa optimizatzeko lan egingo dugu, une zailetan edo krisialdietan beti funtsezkoa baita".
Bestalde, Repsoleko GLP Mundialeko zuzendari exekutiboak oso balorazio positiboa egin du, “izan ere, hitzarmen hau sinatuz, Herrizaingo Sailak eta Repsolek elkarrekin egingo diogu aurre asmo handiko proiektu bati, EAEn zerbitzu are hobea eskaintzeko”.
Hitzarmenak urtebeteko indarraldia izango du, eta ondoren luzatzeko aukera izango du; sinatu den unean bertan sartu da indarrean.
300.000 erabiltzaile baino gehiago EAEn
Repsolek gas hornidura ematen die EAEn 300.000 erabiltzaileri baino gehiagori; horietatik, 268.000 inguruk modu ontziratuan kontsumitzen dute (bonbona), eta 5 banaketa agentziaren bidez jasotzen dute aipatutako zerbitzua. Beste 2.800 bezerok, aldiz, ontziratu gabeko hornidura jasotzen dute, eta 35.000 bezerok baino gehiagok kanalizazio bidezkoa. EAEn kanalizazioak dituzten 93 udalerri daude, eta Repsolek propanoa zuzenean banatzen du udalerri horietako etxeetara.
Horrez gain, Repsol automoziorako GLP edo AutoGas sartzen ari da EAEn; hainbat zerbitzugunetan eskaintzen da, Gasteiz, Donostia eta Bilbon kokatutako 7 zerbitzugunetan, Arrasate, Eskoriatza eta Hernanin 2 zerbitzugunetan, eta laster beste batzuetan ere eskuragai jartzea aurrez ikusi da, Gipuzkoan Oiartzunen, Araban Gasteiz-Lopidanan, eta Bizkaian (Ugaldebieta, Barakaldo eta Artebakarra) kokatutako 5 zerbitzugunetan, hain zuzen ere.