Segurtasun Saila

Azken eguneratzea: 2012/06/05

Gobernuak Arkauteko Ikastegiaren, Aldundien eta hiru hiriburuetako Udalen arteko lankidetzarako esparru-hitzarmena onartu du, suhiltzaileei prestakuntza emateko

Lehenengo aldiz, euskal suhiltzaileek prestakuntza-sistema koordinatua eta homogeneoa izango dute

Gobernu Kontseiluak, gaur, Euskal Herriko Polizia Ikastegiaren, Foru Aldundien eta hiru hiriburuetako Udalen arteko lankidetzarako esparru-hitzarmena onetsi du, suteak prebenitzeko eta salbamenduko profesionalei prestakuntza emateko. Arkautek erakunde horietako bakoitzarekin sinatuko dituen lankidetza-akordioei esker, suteak itzaltzeko EAEko zerbitzu guztien prestakuntza homogeneo eta koordinatua lortuko da lehen aldiz. Izan ere, euskal suhiltzaile guztiak erakunde horien mendekoak dira.

Gaur egun, ez dago titulazio ofizialekin araututako lanbide-prestakuntzarik euskal suhiltzaile-kidegoak langilez hornitzeko. Beraz, Su-itzaltze, Prebentzio eta Salbamenduko Zerbitzuek euren gain hartzen dute prestakuntza. Zerbitzu bakoitzak prestakuntza ematen du irizpide heterogeneoen arabera, eta, horren eraginez, zaila da eginiko prestakuntza-ikastaroak homologatzea eta lan koordinatua egitea irizpide eta prozedura komunetan oinarrituta.

Eragozpen hori gainditzeko, Gobernuak Esparru Hitzarmena onetsi du gaur. Hitzarmen hori Arkauteko Ikastegiak sinatuko du suhiltzaile-kidego ezberdinen ardura daukaten Administrazioekin, helburu honekin: prestakuntza-prozesu koordinatuak egin ahal izatea, eraginkorragoak eta efizienteagoak. Horien bidez, erakunde ezberdinak beharrezko langileez hornituko dira euren zerbitzuak egin ahal izateko. Gainera, oinarrizko prestakuntza komuna ziurtatuko da, eta hutsik dauden lanpostuak trebatutako eta behar bezala prestatutako langileekin beteko direla bermatuko da.

Maila praktikoan, Hitzarmenak aurrez ikusitakoaren arabera, Ikastegiaren eta erakunde bakoitzaren arteko lankidetza hiru arlotan garatuko da:

a)      Eguneratzeko eta perfekzionatzeko prestakuntza-ekintzak programatu, antolatu eta ematea.

b)      Curriculumak aztertzeko orduan lankidetzan aritzea eta programak homologatzea, maila profesional desberdinetan trebakuntzarik onena eta prestakuntza-baliokidetasuna lortzeko.

c)      Su-itzaltze, prebentzio eta salbamendu zerbitzuetako eskala eta kategoria ezberdinetan sartzeko prestakuntza-ikastaroak egitea.

Suhiltzaile-parkeen ardura duten erakundeetako bakoitzak Ikastegiari eskatu ahal izango dio sartzeko eta igotzeko ikastaroak antolatu eta garatzeko, bai eta azken ebaluazioa egiteko ere. Halaber, Ikastegiak praktika-aldien arautzean eta ebaluazioan parte hartu ahal izango du.

Ikastaroak Ikastegiko instalazioetan zein beste batzuetan (propioak edo itunduak) egin ahal izango dira, bai eta modu deszentralizatuan ere, osorik edo zati batean, suhiltzaile-zerbitzuen euren edo horien erakundeen instalazioetan.

Ikastaroak emateko, Ikastegiak urteko deialdiak egingo ditu, irakasgai desberdinetan esperientzia eta jakintza duten irakasleak lortzeko. Horrela, laguntzaileen koadro bat egingo du, prestakuntza-jarduerak eraginkortasunez egingo direla ziurtatzeko.

Lehenengo esperientziak

Eusko Jaurlaritzak Hitzarmen hori onetsi izanak bermatu eta berretsi egiten du prestakuntza-mailan Arkauteko Ikastegiak duela hilabeteetatik hona foru- eta udal-erakundeekin mantentzen duen lankidetza-politika. Izan ere, EAEko suhiltzaile-kidegoak erakunde horien mendekoak dira. Politika horren barruan, joan zen udan, Arkauten lehenengo oinarrizko prestakuntza-ikastaroa eman zen Vitoria-Gasteizko Udalaren parkerako sartu berriak ziren suhiltzaileentzat. Ikastaro teorikoa eta praktikoa izan zen, 355 ordukoa, eta, horri esker, hamahiru profesional berriri eman zitzaien prestakuntza.

Horrez gain, apiriletik, Arkaute lankidetza eskaintzen ari da Bizkaiko Foru Aldundiaren parkeko sarjentuentzako lehenengo prestakuntza-ikastaroaren garapen praktikoa egiteko. Oraindik aurrera, mota horretako ikastaroak zabaldu egingo dira, eta EAEko suhiltzaile-kidego guztietako profesionalengana iritsiko dira.