Segurtasun Saila

Azken eguneratzea: 2010/07/08

Herrizaingo Sailak eta Euskal Espeleologoen Elkargoak Euskadiko 100 koba aztertzen amaitu eta espeleologiarako alarma-sistema bat sortu dute

Halaber, EAEko lau mila haitzuloak katalogatu dituzte

Herrizaingo Sailak eta Euskal Espeleologoen Elkargoak Euskadiko 100 koba aztertzen bukatu dute aurten, larrialdi egoeren aurrean erreskate lana errazteko. Gainera, ekimen horren baitan EAEko lau mila haitzulotik gora katalogatu dituzte. Halaber, bi erakundeek SMS bidezko alarma-sistema bat sortu dute, lurpeko barrunbeetan egiten diren espedizioetan atzerapenak edo bestelako gertakariak antzemateko.
 

Lanaren helburu nagusia inguru horietan larrialdiren bat izanez gero lehen unetik nola jokatu behar den jakiteko informazioa eskura izatea da. Landa-lana Euskal Espeleologoen Elkargoko Espeleologia Taldeek egin dute, Herrizaingo Saileko teknikariekin lankidetzan.
Lehen fasea 2008an egin zuten eta 37 leize aztertu zituzten. Bigarren fasea 2009an egin zuten eta beste 37 koba aztertu zituzten. Azken fasean 26 kobazulo aztertu dituzte.
Lan honi esker, errazagoa izango da istripurik izanez gero larrialdia kudeatzea eta lehen erabakiak hartzea, eta beharko diren giza baliabideak eta baliabide materialak aurreikustea. Gainera, koba bakoitzak dituen zailtasunak (zauritu bat ohatila batean ateratzeko, esaterako) aurretiaz jakin ahal izango dira. Komunikazioa lurretik bideratzeko tokiak eta Kontrol Postua jartzeko tokia ere zehaztuta egongo dira. Espeleolaguntzarako informazio hori guztia oso baliagarria da, bai erreskate-taldeetako kideentzat bai espeleologoentzat eurentzat ere leize batera sartu aurretik.
Fitxa bakoitzak hiru zati ditu. Lehenengoan kobazuloaren deskribapen zabal bat egiten da; sarbideak eta leizea deskribatzen dira eta prebentzio neurriak zehazten. Bigarrena laguntza antolatzeko eta logistika zehazteko atal berezia da eta balizko zailtasun guztiak jasotzen dira bertan. Azkenak material topografikoa eta bestelako eduki grafiko batzuk biltzen ditu.
Ikertu diren leizeak hautatzeko, besteak beste, honako irizpideak izan dira kontuan: larrialdiei aurre egiteko zailtasun maila, jasotzen duen bisiten kopurua eta espeleologoen, mendizaleen eta herritarren artean duen harrera. Espeleologia istripuren bat izateko duen arrisku maila ere izan dute kontuan.

Lan hau oso kalitate handikotzat jo dute espeleologia munduan, eta hobekuntza nabarmena ekarri die Euskadin espeleologia ezbehar bati aurre egin behar dieten guztiei. Herrizaingo Sailak euskarri ezberdinetan zabaldu nahi du, gainera, larrialdietako langileek eta espeleologiaren zaleek ez ezik gainerako herritarrek ere eskuragarri izan dezaten.
Lana EAEn erregistratuta dauden 4.326 kobazuloen katalogo batekin osatu dute, erreminta informatiko baten bidez kudeatuko dutena. Larrialdi zerbitzuentzat ere oso baliagarria izango da informazio hori.

Espeleologiarako alarma-sistema

Herrizaingo Sailaren eta Euskal Espeleologoen Elkargoaren arteko lankidetzak alarma-sistema berritzaile bat sortzea eta martxan jartzea ekarri du, espeleologia espedizioetan izan litezkeen atzerapenak eta gertakariak antzemateko.
Alarma-sistema erraza da eta telefonia mugikorreko mezu laburren erabileran oinarrituta dago; sakelako telefono, PDA edota ordenagailu baten bidez bidal daitezkeen SMS mezuen erabileran, alegia. Haitzulo batean sartu aurretik, espedizioko kideek espedizioaren datuak erregistratuko dituzte, bertatik ateratzeko ordua eta eguna besteak beste. Dena planifikatu bezala badoa, lurpetik ateratakoan espeleologoek SMS baten bidez baieztatuko dute kanpoan daudela. Erantzunik izan ezean, sistemak taldearen arduradunak ohartaraziko ditu lehenengo (aurretik zehaztuta egongo dira) eta SOS Deiak zerbitzua gero, behar izatekotan beharrezko  baliabide guztiak bideratzeko.
Alerta-sistemak laguntza goiztiarra eskaintzen du kobazulo batean sartutakoan istripu edo bestelako gertakari larririk izatekotan horri aurre egiteko. Herrizaingo Sailak bere gain hartu ditu haitzuloak aztertzeko eta alarma-prozedura abian jartzeko gastuak.


Espeleologo berri eta kobetako ibiltarientzako aholkuak:


- Oharra utzi zein kobatara joan zaren eta zein ibilbide, ordutegi eta bidaide dituzun jakinarazteko.
- Ez joan inoiz bakarrik. Talderik onena 3 edo 4 kidek osatutakoa da. Espeleologia taldeko jarduera da.
- Baldintza onean dauden materialak, arropak eta oinetakoak erabili. Karburo nahikoa edo aldatzeko pilak eraman. Manta termiko bat ere  sartu. Eraman beti iparorratz txiki bat eta kobako plano oso bat.
- Euria ari badu, ez sartu. Haitzuloetan urak uholde moduan egiten du gora, eta harrapatuta geratzeko arriskua dago. Iragarpenari begiratu.
- Behar-beharrezkoa baino ez eraman. Ohikoagoa da gehiegizko pisua eramatea, zerbait falta izatea baino.
- Zaindu zure egoera fisikoa, eta lurpean indarrak gorde bueltarako. Egin kasu adituen aholkuei, eta zoaz klubek eta federazioek ematen dituzten ikastaroetara.
- Ingurumena errespetatu. Ez arrastorik utzi.
- Kontuz haitzekin. Ez bota harririk, eta, ohitura gisa, ez jarri zain bertikalean.

 

Koba batean sartutakoan dauden arrisku handienak:

 

- Istripuak: traumatismoak (pertsona edo harri bat erorita), erredurak (labainduta) edo itotzeak.
- Galtzea, nekea, hipotermia, trabatzea.
- Blokeatzea (urak gora eginda) argiztatze edo material falta.