Nazioarteko kultura behatokiekin II. lan-jardunaldiak

2008ko azaroan egin ziren Bilbon Kulturaren Euskal Behatokiak deitutako II. lan-jardunaldiak, eta Frantziako, Quebeceko eta Piemonteko kultura-behatokietako ordezkariek eta Kataluniako Generalitateko Kultura Sailak eta Galiziako kulturaren behatokiak hartu zuten parte.

Artikulua: KULTURA-KONTSUMITZAILEA, SEPIA-KOLOREKO ERRETRATU BAT
Luca Dal Pozzolo-rena (Osservatorio Culturale del Piemonte-ren zuzendaria)

pozzoloLuca Dal Pozzolok, Osservatorio Culturale del Piemonte-ren zuzendariak, ohiko ikerketa-tresnen ahalmenari buruzko hausnarketa bat egiten du kultura-kontsumoaren eredu berriak ulertzeko bidean. Prosa eder eta magnetikoz idatzita, artikuluak nabarmendu egiten ditu gaur egungo kultura-kontsumoaren esanahia ulertzen saiatzean gertatzen diren paradoxak. Dal Pozzolok galdera sakonak planteatzen ditu, eta bere hausnarketak argitzeko adibide argigarriak ematen ditu, umorea galdu gabe.

Jarraitu al daiteke kultura-kontsumoa aztertzeko betiko ereduak erabiltzen, azken urteotan ezer aldatu ez balitz bezala? Beti galdera berak erabiltzen ditugu gero eta gehiago ezagutzen dugun errealitatearen zati bat deskribatzeko; dagoeneko ezagutzen ditugun datuak baieztatzen jarraitzen dugu, itxura batean aldaketarik onartzen ez duen errealitate baten aurrean. Baina testuingurua sakonki aldatu bada, nola ez dira bada aldatuko portaerak, bizitza-estiloa eta kultura-kontsumoa? Hortaz, beste ezer baino lehen batetik, hausnarketa egin behar da aldaketa hautemateko desegokiak direla erakusten duten ikerketa-tresnen inguruan, baina baita erabilitako taxonomiak berrikusi eta eskuarteko paradigmak berriz planteatu ere.

Dal Pozzolok bere tesia argitzeko, hainbat aztarna, froga eta adibide erabiltzen ditu lau ikuspegiren arabera multzokatuta:

- Kultura-eskaintzaren eta -eskariaren arteko komunikazio-kodeen erabilera partekatuaren ikuspegitik: museoen kasua

Azken hogeita hamar urteetan, museoak erakunde zaharkituak izatetik tenplu laiko berriak izatera pasatu dira. Eskaintzaren ikuspegitik, elite jantzi bati zuzendutako museo positibisten komunikazio-eredu lineala krisian sartu zen 1990eko hamarkadan.

Eskariaren portaera aztertuta, datuek iradokitzen dute museoen erakarpen-indarra lotuagoa dagoela museoaren marka-irudiari, museoko edukiei eta bildumei baino. Bestalde, gaur egungo bisitarien portaera eta jarreraren inguruko azterketek adierazten dutenez, geletan alde batetik bestera mugitzeko moduak zerikusi handiagoa dute espazioaren ezaugarri fisikoekin, bertan erakutsitako lanekin baino. Horri gehitu behar zaio ezagutza gero eta zatikatuagoa egotea eta dimentsio historikoaren sakontasuna eta interpretazio-gaitasuna galtzea. Paradoxa agertzen da arrakasta handiko une batean museoaren eta publikoaren arteko komunikazio-kodeak apurtzeko dagoen arrisku handian.
Horrek guztiak pentsarazten digu, museo-bisitarien profila duela urte batzuetakoaren antzekoa izan arren, museoa bisitatzeko ekintzak berak guztiz zentzu desberdina duela. Horrela, ikusten da museoak bisitatzeko maiztasunak gaur egun adierazten duen kultura-fenomenoa eta lehen adierazten zuena oso bestelakoak direla. Azpiko esanahi horiek, ñabardurak eta xehetasunak, ezagutzeak lagundu egingo luke hobeto ulertzen oraindik paradigma zaharrak erabiliz interpretatzen ditugun datuak.

- Kontsumo-moten ikuspegitik

Hainbat kultura-kontsumo elkartzea eta denboran gainezartzea oraintsuko fenomeno bat da. Kultura-praktikaz gozatzeko moduan gertatutako erabateko aldaketak kontuan hartuta, Dal Pozzolok mesfidantzaz ikusten ditu zenbait adierazle, besteak beste, irakurritako liburu-kopurua edo musika entzuteari eskainitako denbora. ‘Eskainita’ edo ‘ikusgai’ moduko kontzeptuei lotutako kontsumo-ohituren aldaketa horren adibide argigarriak erabiltzen ditu. Bat dator beste zenbait ikertzailerekin, eskaintzaren kantitateak eta kalitateak kontsumoan eragiten duenaren iritziarekin; izan ere, egunero ‘ikusgai’ egoteak kontsumoa handiagotu egiten du, eta, ondorioz, hirien eta herrien arteko tartea are nabarmenagoa egiten du.

Ikuspegi horretatik, komeni da kultura-praktiken metaketa aztertzea eta kontsumo-ohitura eta kultura-kontsumitzaileen segmentuak berreraikitzea, kluster jakinetarako kidetzatik abiatuta, bai inbertsio-atalase ekonomiko kuantitatibo orokorretatik, bai praktika-motetatik.

- Goi- eta behe-kulturaren arteko bereizketaren funsgabetasunaren ikuspegitik

Goi- eta behe-kulturaren edo arte ederren eta txikien arteko bereizketa kulturaren definizioarekin dago lotuta. Politikoki desegokia den arren arkitektura edo literatura txikiez hitz egitea, kultura-kontsumoaren inkesta-ereduek genero ‘ederre’tan edo ‘goi’-kulturan arreta jartzen jarraitzen dute, bai denbora-konparazioko arazo bat dagoelako, bai identifikatzen errazagoak direlako: Zenbat aldiz joan zara zinemara?, Zenbat liburu irakurri dituzu? Komikien adibidea erabilita, ezbaian jartzen da irakurketa kuantifikatzeak duen zailtasuna, bai eta komikiak genero txikitzat hartzea ere. Irakurle handiak aztertzen jarraitzen du, eta, beste gai batzuen artean, ‘soft’-irakurleak edo zer irakurtzen den aipatzen ditu. Azken batean, benetako arazoa da oso zaila dela jakin-mina, informazioa, aisia, amaraunean nabigatzea eta antzekoak biltzen dituzten portaerak detektatzea.

Horrenbestez, kontua da, goi- eta behe-kulturaren arteko zatiketarekin apurtzen bada, ezaugarri guztiz kulturalak dituzten kontsumoen eta portaeren kantitatea neurriz gain haziko dela.

- Bestelako kultura-kontsumoen eta beste taxonomia posibleen ikuspegitik

Kultura-turismoa, sukaldaritzaren inguruko kultura edota naturarekin lotutako kultura biztanle-talde handietan gero eta hedatuagoak dauden kontsumo-moten adibide gisa erabil daitezke, zentzu hertsiagoan kulturalagoak diren beste kontsumo-mota batzuek baino denbora eta baliabide gehiago dituztenak.

Azpimarratzen da, nahiz eta hasiera batean elitistak ziren zenbait portaera masa-kontsumokoak izatera pasatu diren, beste hainbat kasutan alderantziz gertatu dela. Zinema-aretoetakoa adibide ona dugu: oraintsu arte kontsumo masiboa zuten arren, gaur egun elitista bihurtzeko arriskuan dago.

Bada garaia kontsumoa modu konplexuan berreraikitzeko, sinplifikaziorik, eskemarik edo bazterketarik gabe, inteligentziaz eta pasioz, kultura-patchworka osatzen duten askotariko talde eta tribuek dituzten ezaugarri bereizgarri zein antzekotasunei arreta eskainiz.

Azterketa-garai berri baterantz?

Azkenik, Dal Pozzolok aipatzen du ezinbestekoa dela antropologia berri bat, kultura-portaera eta -kontsumoetan sakonduko duena, eta gero eta segmentazio konplexuagoetan dauden kultura-tribuen ugaritzea aztertuko duena.

Ahalegin analitiko handia eskatuko du, eta esanahi erantsiak dituzten zenbait adierazle ahulagok ordezkatu egingo dituzte zenbait adierazle indartsu. Duela hogeita hamar urterekin konparatuta, kalkulu-potentzia eta -ahalmen askoz handiagoa dugu, eta, horri esker, analisi-sistema berriak eta ikerketa-eredu konplexuagoak erabil ditzakegu. Bestela, berriz ere dagerrotipo bat erakutsiko genuke, sepia-koloreko argazki bat, hots, nolabaiteko xarma baduena, baina garaikidetasuna islatzeko gai ez dena.

Artikulu osoa ikusi pdf(pdf, 87kb)