Nazioarteko kultura behatokiekin II. lan-jardunaldiak
2008ko azaroan egin ziren Bilbon Kulturaren Euskal Behatokiak deitutako II. lan-jardunaldiak, eta Frantziako, Quebeceko eta Piemonteko kultura-behatokietako ordezkariek eta Kataluniako Generalitateko Kultura Sailak eta Galiziako kulturaren behatokiak hartu zuten parte.- Jardunaldietako parte-hartzaileak
- Eztabaida-eremuak
- Lan-saioak/-tailerrak
- Azken ondorioak/hausnarketak
- Artikulua: Kultura-kontsumitzailea, sepia-koloreko erretratu bat
Luca Dal Pozzolo-rena (Osservatorio Culturale del Piemonte-ren zuzendaria)
LAN-SAIOAK/-TAILERRAK
Jardunaldien diseinuak jardunaldien izaera teknikoa eta operatiboa azpimarratu zuen berriro ere, eta denbora ahalik eta ondoen aprobetxatzeko xedea izan zuen, parte hartutako behatoki guztientzat emaitza interesgarriak lortzeko. Jardunaldiak sei –lan-saiotan egituratu dira:
1. saioa. KEBk 2008an egindako lanaren balantzea
KEBk orain arte egindako lanaren balantze orokorra egin zen jardunaldietako lehenengo saioan. Gainera, parte-hartzaileei 2009rako ezartzen zitzaizkien erronkak eta lehentasunak azaldu zitzaizkien.
2. saioa. Sormen-lana, errealitate konplexu baten azterketa
Sormen-lanaren azterketari buruzkoa izan zen, batez ere, jardunaldietako bigarren saioko eztabaida. Alde batetik, behatokiek egindako azterketa eta estatistiketan sorkuntzaren azterketa nola tratatu behar den mugatu zen; eta, bestetik, eremu hori aztertzea indartzen duten praktikak, politikak eta abar partekatu ziren.
3. saioa. Gazteen kultura-ohiturei eta -praktikei buruzko azterlanen aurkezpena
Saio honek ireki zuen jardunaldien ardatz izandako bloke nagusia. Gazteen kultura-ohitura eta -praktiken eremuan egin izan diren edo egiten ari diren azterlanak aurkeztea izan zen lehenengo atal honen helburu nagusia.
4. saioa. Gazteen kultura-ohiturei eta -praktikei buruzko azterlanen emaitzei buruzko hausnarketa
Lankidetzarako borondatearekin jarraituz eta behatoki bakoitza egiten ari den azterlanak aurreko saioan aurkeztuta, eremu honetako azterlanen edukiari buruzko hausnarketa egin zen; lortutako emaitzak, emaitzek iradokitzen dituzten interpretazio-klabeak, eta emaitza horien berezitasunak azpimarratu ziren, eta adin-tarteen araberako portaera espezifikoak aztertu ziren.
5. saioa. Gazteen kultura-ohiturei eta -praktikei buruzko azterlanak: metodologia
Era horretako azterlanak egiteko metodologia-planteamendurik egokienak zein ote daitezkeen izan zuen ardatz saio honek, eta, hala, honako alderdi hauek hartu zituen kontuan: azterlanaren helburua definitzeko irizpideak, galdetegiaren diseinua, kultura eta entretenimenduaren muga identifikatzea, lurralde ezberdinak noraino ote diren konparagarriak, era honetako azterlanetan erabili beharreko ikerketa-teknikak…
6. saioa. Sare-lanaren etorkizuna, jarraitzeko proposamenak
Azken saioaren helburua izan zen behatokien arteko lankidetza jarraitzeko modua zehaztea, eta lankidetzarako aukerak eta guneak proposatu ziren.