Nazioarteko kultura behatokiekin II. lan-jardunaldiak
2008ko azaroan egin ziren Bilbon Kulturaren Euskal Behatokiak deitutako II. lan-jardunaldiak, eta Frantziako, Quebeceko eta Piemonteko kultura-behatokietako ordezkariek eta Kataluniako Generalitateko Kultura Sailak eta Galiziako kulturaren behatokiak hartu zuten parte.- Jardunaldietako parte-hartzaileak
- Eztabaida-eremuak
- Lan-saioak/-tailerrak
- Azken ondorioak/hausnarketak
- Artikulua: Kultura-kontsumitzailea, sepia-koloreko erretratu bat
Luca Dal Pozzolo-rena (Osservatorio Culturale del Piemonte-ren zuzendaria)
ONDORIOAK/AZKEN GOGOETAK
Nazioarteko Behatokiekin egindako II. Lan Jardunaldiek finkatu egiten dute 2007ko azaroan egin ziren lehenengo Jardunaldiekin sortutako topalekua. Lehenengo edizio hartan, Euskal Behatokiak, lehenik eta behin, bere burua ezagutzera eman zuen eta, ondoren, bere lana azaldu zuen ibilbide luzeko hainbat erakunderen aurrean, haiekin batera Kulturaren Euskal Behatokiaren proposamena kontrastatu ahal izateko. Emaitza oso positiboa izan zen; bakoitzaren eskarmentua partekatzeko eta alderatzeko gune bat sortzeaz gainera, parte hartu zuten behatokien artean harreman iraunkorrak ezartzeko borondatea ere sortu baitzen. Borondate partekatu hori izan zen jardunaldien edizio berri honen hazia.
Horrela bada, urtebete igaro ondoren, II. Jardunaldietan nolabait zehaztu egin ziren lehenengo jardunaldietan hartutako konpromisoak, hau da, behatokien arteko sare-lana martxan jartzea.
Behatoki guztiek partekatzen zuten ikuspegi bateratu horren elementu nagusia zen, eta oraindik ere hala da, sare-lanak garrantzi handiagoa duela sarea bera sortzeak baino. Izan ere, sareak existitzeko (eta irauteko) beharrezkoa da sareen atzean lana egotea; lan eraginkor eta jarraitu bat, bertan parte hartzen duten guztiek erabilgarritzat jotzen dutena. Argi geratu behar zuen sare horren ezaugarri nagusiak lan zehatz eta erabilgarri baten ondorio izan behar zuela. Sarea izateko, sareak egin behar du. Horregatik, sarea formalki sortu beharrean, elkarlanean hasi gara.
Partaide guztiak bat datozen abiapuntu garbi horretatik, II. Jardunaldi hauetan gazteen kultura-ohitura eta -praktiken inguruko lana hasten da. Gaur egungo kultura-politikentzat garrantzi nagusia duen gai bat izan arren, alderdi askoko errealitate konplexu hori argituko duten azterlan eta ekintza integralak gutxi dira.
Behatokiek argi utzi dute badaudela zenbait azterlan kuantitatibo gazteen kultura-ohituretara optika guztiz ‘klasikotik’ hurbiltzen direnak (hau da, Zenbat liburu irakurtzen ditu? Zenbat aldiz doa zinemara?), eta, gainera, erabilitako ikuspuntua (kodea, hizkuntza) beste edozein belaunaldirekin (edo adin-talderekin) erabiliko litzatekeen bera dela, aztertutako errealitatea erabat desberdina izanagatik. Errealitate hori bere konplexutasun osoan ulertzea eta ezagutzea oztopatzen duten ahultasun horiek ikusita, ohiko inkestetatik haratago joan beharra nabarmen geratzen da. Gazteen kultura-ohituren azterlan integralak hainbat hurbilketaren batura eskatzen baitu.
Gaur egungo hurbilketa kuantitatiboek gazteen ohitura eta portaeren atzean dauden motibazioetan eta baldintzetan sakontzeko abiapuntua izan behar dute. Eta egokia dirudi sakontze-lan hori azterketa kualitatiboen bidez egitea; izan ere, azterketa horiei datu estatistikoak gehituta, irudi zehatzagoa lor dezakegu.
Lan horiekin hasteko, beharrezkoa da parte hartzen duten behatokiek metodologia komun bat adostea. Argi dagoenez, behatoki bakoitzak nazio-errealitate jakin bati erantzun behar dio, eta, hortaz, metodologia hori egokitu egingo du dagokion errealitatearen ezaugarrietara. Oinarrizko metodologia komun batekin lan egiteak, dena den, nazioarteko emaitzak konparatzeko bidea emango du; eta, horrela, sarritan, dauden baino urrunago daudela diruditen zirkunstantziak elkarrekin konparatzeko bidea emango diguten adierazle batzuk ere sortu ahal izango dira.
Hortaz, erabaki da sare-lanaren lehenengo betebeharra izango dela metodologia kualitatibo bat eztabaidatzea eta, azkenik, ezartzea; horrek gazteen ohitura eta praktika kulturalak ezagutzen lagunduko baitu. Hortik abiatuta, helburua da ikerketa kualitatibo horiek paraleloan garatzea, eta, hala, hurrengo topaketetan posible izatea ez bakarrik analisi-metodologian gehiago sakontzea, baizik eta baita herrialde bakoitzeko emaitzak interpretatzeko orduan gehiago sakontzea ere. Sare-lana prozesuak eta metodoak hobetzeko; sare-lana jakintza sortzeko; sare-lana emaitzak konparatu eta interpretatzeko.