Segurtasun Saila

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2020. Hautesleak. Eskubideak eta betebeharrak.

Hautesleen eskubideak

  1. Botoa ematea eskubidea da, eta askea da. Ezin da inor behartu edo baldintzatu, botoa modu zehatz batean ematera. Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan botoa emateko eskubidea baliatu nahi bada, beharrezkoa da EAEko herritarren egoera politikoa izatea (hots, EAEko udalerri batekoa izatea), 18 urte izatea, Espainiako Estatuko nazionalitatea izatea eta Euskal Autonomia Erkidegoko hautesleen erroldan agertzea.
  2. Botoa sekretua eta pertsonala da. Inork ezin du bozkatu gure ordez.
  3. Adinez nagusia den edozein pertsonak, EAEko udalerri batean bizi bada, eskubidea dauka hautesleen erroldan jasota egoteko, eta, hortaz, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan botoa emateko. Berari dagokion udalean maiatzaren 25etik ekainaren 1era erakutsiko dute errolda; beraz, inskribatuta dagoen ziurtatu ahal izango du. Ez badago, udalean egin ahal izango du erroldan agertzeko erreklamazioa.
  4. Mahaian duten erroldan ez agertu arren, hautesleek botoa emateko eskubidea dute, baldin eta mahaiko buruari erakusten badiote epai judiziala edo erroldan alta emateko errolda-ziurtagiri berezia, Hautesle Erroldaren Bulegoaren Probintzia Ordezkaritzak emana.
  5. Hautesle guztiek eskubidea dute hauteskunde-kabina erabiltzeko, hala nahi badute. Kabinan bakarrik egoteko aukera izango dute, botoa hautatzeko.
  6. Hautesleek ez badakite irakurtzen, edo, muga fisikoak direla eta, ezin badute boto-papera hautatu edo ezin badiote eman mahaiko buruari, konfiantzazko pertsona bati laguntza eskatu ahal izango diote, botoa aurrez aurre emateko; edo Braille sisteman idatzitako botoa erabili ahal izango dute.
  7. otoa aurrez aurre eman duten hautesleek eskubidea dute hauteskunde-mahaiak egiten duen hautesleen zerrenda zenbakidunean beren izen-abizenak ondo idatzi dituzten ziurtatzeko.
  8. Hautesleek eskubidea dute hauteskunde-mahaietan kexak edo erreklamazioak aurkezteko, baina soilik beste hautesle baten nortasunari buruzkoak, beren nortasunari buruzkoak, edo mahaiak ukatzen badio botoa emateko eskubidea.
  9. Hautesleek baldin badakite bozketa-egunean (uztailaren 12a) botoa eman behar duten herrian ez direla egongo, gaixorik egongo direla edo boto presentziala ematea oztopatzen duen desgaitasun fisikoren bat izango dutela, botoa posta bidez emateko eskubidea dute.
  10. EAEko hautesle egoiliarrek eskubidea dute botoa atzerritik emateko, baldin eta atzerrian iraunkorki bizi badira, eta atzerrian bizi diren egoiliarren hautesle-erroldan baldin badaude.
  11. EAEko hautesle-erroldan inskribatuta dauden hautesleek eskubidea dute botoa atzerritik posta bidez emateko, baldin eta atzerrian aldi baterako bizi badira, eta EAEko hautesle-erroldan inskribatuta badaude.
  12. Eusko Legebiltzarreko  hauteskundeetan botoa emateko ordutegia eta lan-egutegia bat baldin badatoz, hautesleek eskubidea dute gehienez lau orduko baimen ordaindua jasotzeko. Horretarako, hautesleek mahaiko buruari eskatu ahal izango diote botoa eman dutela ziurtatzeko agiria.
  13. Hautesle guztiak mahai bakoitzeko boto-kontaketa publikora bertaratu ahal izango dira. Uztailaren 12a egingo da, arratsaldeko zortzietatik aurrera.

Hautesleen betebeharrak

  1. Hautesleek boto bat baino gehiago ezin dute eman. Botoa emango dute dagokien hauteskunde-mahaian.
  2. Hautesleek hauteskunde-mahai batean, mahaiko buruaren aurrean, boto presentziala eman ahal izateko, honako agiri ofizialetako bat aurkeztu behar izango dute: NANa, pasaportea edo gidabaimena, baldin eta titularraren argazkia jasota badago, agiria iraungita egon arren (baina ez dira onartuko fotokopiak edo NANa berritzeko frogagiria).
  3. Botoa posta bidez ematea eskatu duten hautesleek ezin izango dute boto presentziala eman dagokien hauteskunde-mahaian.
  4. Hautesleak ezin dira sartu mahaia dagoen lokalera, baldin eta armarik edo arma gisa erabil daitekeen objekturik badaramate.
  5. Bozketa-egunean, hauteskunde-mahaietara sartzeko guneetan ezin da egon lokalera sartzea edo botoa ematea oztopatzen duen talderik.
  6. Bozketa egunean ezin da egin hautagai-zerrenden aldeko propagandarik, ez hauteskunde-lokal edo -kolegioetan, ezta hauteskunde-mahaietan edo haien inguruetan ere.

Twitter

Azken aldaketako data: