Segurtasun Saila

Konpartitu

Boto elektronikoa. Bozketa elektronikoa munduan

Bozketa elektronikoa munduan

Munduan boto elektronikoak izan duen bilakaera eta garapena jakinarazten da, modu eguneratuan; horrela banatuta: sistema hori dagoeneko ezarrita duten herrialdeak, aztertzen edo partzialki ezarrita dutenak eta geldiarazita edo legez debekatuta  dutenak.

Ezarrita daukaten herrialdeak

Teknologia berriekiko munduko herrien egoera

AEB | Arabiar Emirerri BatuakBelgika |  Brasil | Bulgaria |  Estonia |  Filipinak |  India |  Venezuela

EUROPA

Belgika

  • Belgikako gobernua aitzindaria izan zen boto elektronikorako sistemen aplikazioan 1989an hasi baitzen. Metodoak hauek zituen oinarri:
    • Datuak banda magnetikodun txarteletan gordetzen ziren ukipen-pantaila baten eta arkatz optiko baten laguntzaz.
    • Ondoren, txartelak sartzen ziren emaitzak automatikoki zenbatzen zituzten hautestontzi elektronikoetan.
  • 1994an boto elektronikoaren lege-esparrua ezarri zen.
  • 2010ean sistema berri bat hautatzeko lizitazio-prozesua hasi zen. Sistema berriaren funtsa ukipen-pantailadun hautestontzi elektronikoa da eta, emaitza elektronikoen auditoriak egite aldera, aukera ematen du botoaren egiaztagiria paperean inprimatzeko.
  • 2014. urtean, Europako eta Eskualdeko parlamentuetarako eta Parlamentu Federalerako hauteskundeetan boto elektronikoa egiteko guztiz automatizatua eta egiaztagarria zen sistema erabili zen. Hala ere, huts informatiko baten ondorioz 2.200 boto baliogabetu behar izan ziren; hain zuzen, guztizkoaren % 0,06.
  • Valonian Gobernuak boto elektronikoa ez erabiltzea erabaki zuen. Hala ere, aleman-hiztunen komunitateak 2015tik erabiltzen du udal hauteskundeetan bakarrik.
  • Bozketa-makina berriak (A4-517) eta “mahaiburu makinak” (VIU-805), diseinu berritzaileak eta interfaze erabilerrazak dituztenak, 2018an gehitu ziren bozketa-plataforma automatizatuan. Gainera, Flandriako Aalst eta Mechelen udalerrietan, hauteslekuek Smartmatic teknologia laguntzailea aktibatu eta erabili zuten, horrek audio-jarraibideak ematen baititu, ikusteko desgaitasunen bat duten boto-emaileei boto-papera aztertzen eta modu independentean bozkatzen laguntzeko.
  • Parlamentu Federalerako eta Europako Parlamenturako 2019ko maiatzaren 25eko hauteskundeetan, boto elektronikoko bozketa-lekuetan, hauteslea bere botoaren trazabilitateaz ziur egon zitekeen; izan ere, bozketaren unean, makinak boto-paper enkriptatu bat ematen zion eta horri esker, hautetsontzian sartu aurretik, irakurgailu baten bidez egiaztatu ahal zuen zuzena zela. Softwareak bozketa-sistemako algoritmoen bidez ez du botoaren konfidentzialtasuna urratzeko aukerarik ematen.

Bulgaria

  • 2021. Hauteskunde parlamentarioetan, makina elektronikoen bitartez egin da bozketa, 300 boto-emaile baino gutxiago erregistratuta dituzten ikastetxeetan, ospitaleetan eta beste erakunde sozial batzuetan izan ezik. Berriki ezarritako sistema izateagatik, hauteskunde-egunean makina horien erabilera bertan behera utzi behar izan zen eta txartelak erabili behar izan ziren 12.000tik gorako 56 ikastetxetan.

Estonia

  • 2005ean, tokiko hauteskunde batzuetan, Internet bidez modu loteslean bozkatu zuen lehen herrialdea izan zen.
  •  2007an hauteskunde orokorretan hautesleen % 3,13k Internet bidezko botoa erabili zuen.
  • 2008an, hauteskunde-legea aldatu ondoren, mugikorra erabiliz Internet bidez botoa emateko sistema ezarri zen.  
  • 2009an, Europako Parlamenturako hauteskundeetan, internet bidezko botoa 104.415 pertsonak erabili zuten, hautesleen % 9,5 baita.
  • Parlamenturako 2011ko hauteskundeetan parte hartu zuten hautesleen % 25ek internet bidez bozkatu zuen. Sistema hori baliatuz hautesleak hauteskunde-egunaren aurreko epealdi batean bozka dezake (hauteskunde-egunaren aurreko seigarren egunetik laugarrenera). Boto-emaileek beren botoa nahi beste aldiz alda dezakete.
  • 2013an boto elektronikoaren softwarearen iturburu-kodea jendaurrean jarri zuten.
  • Europako Parlamenturako 2014ko hauteskundeetan 103.000 hauteslek baino gehiagok (boto-emaileen % 31) internet bidezko botoa erabili zuten.
  • Parlamenturako 2015eko hauteskundeetan 176.491 hauteslek eman zuten botoa Internetez, hau da, emandako botoen % 30,5. 2011an egin ziren aurreko hauteskundeekin alderatuta, portzentajea % 25 hazi da. (iturria: Estoniako Hauteskunde Batzordearen estatistikak).
  • 2017ko toki-hauteskundeetan, boto-emaileen % 31.7k elektronikoki bozkatu zuten: guztira 186 034 hiritar. Lehenengo aldiz, 16 eta 17 urtekoek bozkatu ahal izan zuten, baina horien artean soilik % 7.4k egin zuen internet bidez. Alabaina, online bozketa % 27 emendatu zen 55 urte baino nagusiagoen artean. Ikerlari txekiar batzuek zenbait ahuldade aurkitu zituzten, estoniarren 750.000 ziurtagiri digitalen gainean eragina izan zutenak.
  • 2019ko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, % 44k eman zuten botoa sistema elektronikoaren bidez (247.232 herritar, guztira 561.131 boto-emailetatik ). Herritarrek botoa elektronikoki eman ahal izateko, ezinbestekoa da aurrez boto-emaile gisa erregistratuta egotea, Interneterako konexioa duen ordenagailua izatea, eta ziurtagiriak eta PIN kodeak dituen Nortasun Agiri Nazionala ere bai. Boto-emaileak elektronikoki eman dezake botoa, aurrez aurreko hauteskundeen aurreko hamargarren egunetik laugarren egunera arte. Gainera, ezarritako epean berriz ere elektronikoki bozkatzeko aukera izango du, edo, are gehiago, hauteslekuan bertan bozkatzeko aukera izango du, baldin eta hori bada bere azken nahia, arrazoia edozein dela ere. Bere azken botoa izango da azkenean kontatzen duena.
  • 2023ko martxoaren 5eko Legebiltzarrerako Hauteskundeetan, % 51,3k eman du botoa sistema elektronikoaren bidez (313.514 herritar, guztira 613 812), eta hori errekor historikoa da. Otsailaren 27tik aurrera boto elektronikoa erabil zitekeen, eta boto-emaileen % 47,3k bere eskubidea erabili zuen martxoaren 5a baino lehen. Berritasunetako bat izan da boto elektronikoa martxoaren 5era arte izan zela posible, aurreko hauteskundeetan bezala hiru eguneko etenaldia egin gabe, eta boto-emaile damutu batek boto-paper fisiko bat sartuz baliogabetu dezakeela. Estonia da bere hautesleei internet bidez bozkatzeko aukera ematen dien herrialde bakarra, Europako Parlamentuko hauteskundetan barne.

AMERIKA

AEB

  • Estatu edo konderri bakoitzak automatikoki erabakitzen du bozkatzeko erari eta erabili beharreko hauteskunde-baliabideei buruz.  
  • 1892an “Myers Automatic Booth” izeneko lehenengo bozketa-makina estreinatu zen: palanka mekanikoen erabileran oinarritutako sistema zen, non hautagai bakoitzari palanka bat esleitzen zitzaion.
  • 1930ean makina horiek Estatu Batuetako hiririk garrantzitsuenetan jarri ziren eta 1960an, makina horien bitartez, ia biztanleen erdiek bozkatzen zuten.
  • 1980az geroztik bozkatzeko bost sistema-mota izan dira: palankadun makinak, txartel zulatuak, eskaneatze optikoko edo eskaneatze optikorik gabeko sistemadun boto-txartelak eta grabaketa elektroniko zuzeneko makinak edo DRE (makina horiek botoak grabatzen dituzte pantaila-forma duen boto-txartel baten bidez, non boto-emaileak aktiba ditzakeen digitalizazio-botoiak edo -pantailak dauden).
  • 1996an presidentetza-hauteskundeetarako boto-emaileen % 24,6k eskaneatze optikoko Marksense sistema erabili zuen eta % 7,7k DRE zuzeneko bozketa elektronikoa.
  • 2000ko presidentetza-hauteskundeetan bakarrik hautesleen 1,6k erabili zituen paperezko ohiko txartelak; % 9,1ek zuzeneko erregistro elektronikoa erabili zuen; % 18,6k palankadun makinak erabili zituen; % 27,3k irakurgailu optikoak eta % 34,3k txartel zulatuak. Floridako estatuan boto-kontaketan, txartel zulatuen bidezko bozketa-sistema zela eta, gorabeherak egon ziren. Horrez gain, herrialdetik kanpo destinatutako berrehun militarrek Internet bidez bozkatu zuten.
  • 2002an Kongresuak Hava Legea (Help America Vote Act) onartu zuen. Lege horrek agintzen zuen herrialde osoan hauteskunde-praktikak hobetzeko eta, alde horretatik, funtsak zuzendu zituen txartel zulatu bidezko sistemak eta palankadun makinak ordeztera eta bozketa-sistema aurreratuagoak ezartzera.
  • 2004an, presidentetza-hauteskundeetan, hautesleen % 13,7k txartel zulatuen bidez bozkatu zuen, % 14k palankadun makinak erabili zituen; % 34,9k irakurketa optikoko ekipoak eta % 29,3k DRE zuzeneko bozketa elektronikoa baliatu zuen.
  • 2008an, hauteskunde primario demokratetan, atzerrian bizi ziren amerikarrek botoa Internet bidez eman ahal izan zuten. Halaber, hauteskunde orokorretan, Floridako Okaloosa konderrian proba pilotu loteslea egin zen kanpoan zeuden militarrek botoa Internet bidez eman zezaten.
  • 2012an, presidentetza-hauteskundeetan, boto-emaileen % 56k paperezko boto-txartelak erabili zituen, eskaneatze optikoko sistemarekin edo gabe, eta % 39k bozketa elektronikorako makinak. Hauteskunde horietan ilara luzeak egon ziren eta hainbat estatutan arazo tekniko batzuk. Atzerrian zeuden eta herrialdetik kanpo bizi ziren soldaduek, sei estatutan, botoa Internet bidez eman ahal izan zuten.
  • Presidentea hautatzeko 2016ko hauteskundeetan, hainbat estatutan boto elektronikoaren makinekin akatsak eta arazoak gertatu zirela salatu zen. Tennessen, adibidez, Wilsoneko konderrian, makina guztiek funtzionatzeari utzi zioten, eta bozketa beranduago berrabiarazi zen, eskuz. Eskanerrekin gertatutako beste zenbait arazo ere salatu ziren Cleveland, Gates, Cumberland, Wake, Craven eta Forsyth 56 konderrietan. Guztira, 8 estatutan akatsak egon ziren. Gainera, zenbait hedabidetan errusiarrek bozketa elektronikoko sistemak “hackeatu” izanaren susmoa zabaldu zen.
  • Ordezkarien Ganberarako eta Senaturako 2018ko hauteskundeetan boto elektronikorako makinetan arazoan egon ziren hainbat konderritan. Esaterako, Texasen boto-aldaketak antzeman ziren. New Yorken, Ipar Carolinan, Hego Carolinan, Alabaman eta Bostonen ere makinetan arazoak egon ziren, hezetasunari eta eguraldi txarrari egotzi zitzaizkienak. Georgian, bozketa-makinen elikadura arazoen ondorioz ilara luzeak sortu ziren. Gobernuak baieztatu zuen makina batzuetan arazoak egon zirela, baina azpimarratu zuen intzidentzien kopurua ohikotzat jo daitekeenaren barruan zegoela.
  • 2018an Mendebaldeko Virginiako estatuak Blockchain teknologia erabiltzen zuen programa pilotu bat abiarazi zuen bi konderritan. Horrek atzerrian edo armadan zeuden herritarrei, mugikorreko aplikazio baten bidez, bozkatzeko aukera ematen zien. Blockchain-a da ordenagailuek eta beste gailu batzuek erabiltzen duten informazioaren erregistroa banatuta, deszentralizatuta, sinkronizatuta eta oso seguru eramateko aukera ematen duten teknologien multzoa, hau da, horrek, operazio digitaletan, erregistro publiko batek betetzen dituen funtzioak beteko lituzke.
  • 2020an Mendebaldeko Virginiak erabaki zuen blockchainen oinarritutako Voatz plataforma, desgaitasunen bat duten egoiliarrek eta atzerrian bizi direnek bozkatu ahal izateko sortutakoa, ez erabiltzea eta, horren ordez, ohiko boto-paperak erabiltzen jarraituko du. Izan ere, uste dute zerbitzariek isilean boto-emaileen pribatutasuna urratzen dutela, botoak aldatzen dituztela eta hauteskundeen emaitzak kontrolatzen dituztela.
  • Utahk online bidezko botoa probatzen hasi nahi du mugikorrerako app baten bitartez.
  • Estatu Batuetan boto elektronikoaren eredu ugari erabiltzen direnez, zaila da hauteskunde bakoitzean 180 milioi pertsonak baino gehiagok botoa emateko duten eskubidea erabiltzeko erabiltzen diren teknologien jarraipena egitea. Voto Verificado fundazioak nazioaren sufragio elektronikoaren mapa aurkeztu du (2023).

Brasil

  • 1995ean boto elektronikoaren ildoak ezartzen zituen hauteskunde-legea onartu zen eta 1996an hasiera eman zitzaion hautestontzi elektronikoetan oinarritutako boto elektronikorako sistemaren ezarketari.
  • 2000ko toki-hauteskundeetan boto elektronikorako sistemak bere baitan hartu zituen hautesleak identifikatzea eta azken emaitza argitaratzea.
  • 2002an boto presentzialen % 100 elektronikoki eman ziren.
  • 2008an hiru hiritako udal-hauteskundeetan hautesleen identifikazio biometrikoa erabili zen hatz-marken erregistroaren bitartez.
  • 2010eko hauteskunde orokorretan lau milioi hautesle inguruk hautestontzi biometrikoak erabili zituzten. Identifikazio biometrikoa geroago egin diren hauteskundeetan orokortzen joan da.
  • 2014ko lehendakaritzarako hauteskundeetan, 23 milioi hautesle baino gehiagok erabili zituzten hautestontzi biometrikoak, hots, hauteslegoaren % 16.
  • 2016ko udal hauteskundeetan, 43.305.957 boto-emaileek erabili zuten identifikazio eta egiaztapen biometrikoa 1541 udalerritan (5.568ko kopuruko % 27.67). 144.088.912ko hauteslego guztiaren % 32.13k erabili zuen.
  • 2018ko ekainean, Brasileko Epaitegi Gorenak urrian egiteko diren hauteskunde orokorretan kendu egin du bozka inprimatuaren aukera. Hala erabaki zuen Fiskaltzaren eskariz, honek alegatu zuelako inprimatutako bozkak botoaren sekretua arriskuan jartzen zuela. Hautesleek, hautestontzi elektronikoetan bozkatu ostean inprimatutako boto bat jasotzen dute eta bertan, bozkatu dutena agertzen da. Erabakia baino lehenago, hainbat peritok eta hautesleen elkarteek inprimatutako bozkaren alde egin zuten: aipatzen zuten bestela hautesleek arazoak dituztela emaitzak egiaztatzeko.

Venezuela

  • 1998 eta 2003 artean, iruzurra galarazte aldera, botoen eskaneatze optikoko sistema erabili zen. Hala ere, agintariek sistema aldatzea erabaki zuten lortu nahi ziren segurtasun-mailetara ez iristeagatik.
  • 2004an botoa zuzenean erregistratzeko sistema erabili zen. Sistema horrek ukipen-pantailak ditu eta hautesleak hautestontzi batean utzitako botoaren egiaztagiria inprimatzen du.
  • 2012an hauteskunde nazionaletan prozesuaren automatizazio osoa lortu zen: hauteslearen autentifikazio biometrikoa, hautestontzi elektronikoaren aktibazioa eta  emaitzak zenbatzea, igortzea, guztizkoa ateratzea eta argitaratzea.
  • 2013an, presidentetza-hauteskundeetan, bozketa elektronikoaren prozesuan egondako irregulartasunak salatu ziren eta sistemaren gardentasunari buruzko eztabaida piztu zen. Hauteskunde-agintariak bozketa-makinen % 100i auditoria egitea baimendu zuen.
  • 2017ko eskualde-hauteskundeetan, hainbat herrialdek, hala nola Kanada, Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia, Costa Rica, Guatemala, Honduras, Mexiko, Panama, Paraguai eta Peruk, prozesuaren auditoria independente bat eskatu zuten. Honen xedea, “emaitzek sortutako hika-mika” argitzea zen.

ASIA

Arabiar Emirerri Batuak 

  • 2006an boto elektroniko bidezko lehenengo esperientzia egin zen Kontseilu Nazional Federalerako hauteskundeetan.
  • 2011ko hauteskundeetan ere helburuak hauek izaten jarraitzen dute: herritarren parte-hartzea handitzea eta gazteak erakartzea. Horretarako, hauteskunde-eguna baino bost hilabete lehenago, Hauteskundeen Batzorde Nazionalak (NEC) bi astean bozketa-zentroak ezarri zituen herri osoan zehar. Botoak ez ziren eman boto-paperak hautetsontzietan sartuz, bozketa elektronikoko makinen bidez baizik. Leku bakoitzean zenbat makina eta zenbat langile laguntzaile behar ziren erabakitzeko, programako liderrak datu historikoetan eta proiektu pilotuetako parte-hartzeetan oinarritu ziren. Halaber, NECek sare sozialak erabili zituen boto-emaile gazteak hezitzeko. Hobekuntza nabarmena izan zen eta boto bat bidaltzeko lau minutu baino ez ziren behar izan; 2006an, ordea, zazpi behar izan ziren. Azkenik, hautagarritasun-tasak eta parte-hartze tasak handitu ziren; izan ere, 2006an 6.000 pertsonak zeukaten boto-eskubidea eta 2011n, boto-eskubidea zeukaten pertsonak 130.000 zirenean, prozesua berria izan arren, parte hartze-tasa % 28koa izatera heldu zen.
  • Biztanle guztien % 88 atzerritarrak direnez eta biztanleak gazteak direnez, punta-puntako teknologiak ezartzea erabaki zen, izapide administratiboak errazte aldera. Hori dela eta, 2013ko maiatzean, EAUko liderrek helburu hau ezarri zuten: bi urtean zerbitzu publiko guztiak gailu mugikorren bidez irisgarriak izatekoa. Helburu berarekin, urte horretan bertan sari-deialdi hau egitea erabaki zen: “Best m-Government Award”.
  • Aurrerapen teknologikoak aurretik ikusi gabeko erritmo batean ezarri dira zerbitzu publikoetan, herritarren gogobetetze maila handitzeko asmoz eta, hori dela eta, 2014an herri honek, Berrikuntza Adierazle Globalaren araberako sailkapenean, 36. lekua lortu zuen, ekialdeko Europa gehienaren aurretik. Urte horretan bertan Izarren araberako Sailkapen Programa ezarri zen. Horrek zerbitzu publikoen kalitatea neurtzeko sektore pribatuaren estandarrak erabiltzen ditu eta herritarren atzera-elikatze prozesu zehatza eta neurgarria da.
  • 2015ean, Kontseilu Federal Nazionalerako (CFN) hauteskundeak egin ziren. Horietan 224.000 pertsonak izan zuten boto-eskubidea eta parte-hartze tasa % 35ekoa izan zen. Eremu nazionaleko hauteskunde-prozesu guztiz elektroniko horretan parte-hartzea % 119an handitu zen eta emakumeen parte-hartzea ere bai, %38,94koa izan baitzen eta 2011n, ordea, % 32,57koa. Halaber, emaitzak denbora errekorrean ezagutu ziren, ia 30 minutuan. Eta hori guztia oraindik sufragio unibertsala lortzeko daukan herri batean.

Filipinak

  • 2007an lehen aldiz eta modu loteslean erabili zen Internet bidezko botoa atzerrian bizi ziren filipinarrentzat.
  • 2008an, 2010eko hauteskundeetan erabili beharreko teknologia zehazte aldera, proba pilotu bat egin zen bi grabazio-sistemaren bidez: bata ukipen-pantailadun bozketa-makinen bidez eta bestea irakurgailu optiko bidez.
  • 2010ean legegintza-hauteskundeetan lehen aldiz bozketa elektronikoa erabili zen. Filipinetako Hauteskunde Batzordeak irregulartasunak egon zirela aitortu zuen eta salaketak ikertzeko batzordea sortu zen.
  • 2013an berriro legegintza-hauteskundeak egin ziren boto elektronikorako 2010eko sistema bera erabiliz, gainera gorabeherarik gabe.
  • 2016ko hauteskunde orokorretan, berriro ere boto elektronikoa erabili zen: 92.509 makina elektroniko, 55.736.801 boto-emaile, 44.872 hautagai eta hauteskundeon emaitzak 1.739 jasotze-zentrora transmititu zituzten 36.805 bozketa-zentro. Lehenengo aldiz, makinek inprimaki bat igorri zuten, botoa balidatu ahal izateko.
  • 2022ko maiatzaren 9ko hauteskundeetan, hautestontzi elektronikoa bosgarrenez jarraian erabili zuten 53 milioi pertsonak, eta 18 mila kargu aukeratzeko botoa eman zuten.

India

  • 1989an boto elektronikoa pixkanaka erabiltzen hasi zen.
  • 2003an botoen % 100 elektronikoki ematen zen.
  • 2004an, Parlamenturako hauteskundeetan, milioi bat makina elektroniko erabili ziren eta 670 milioi hauteslek baino gehiagok hiru astetan zehar bozkatu zuten.
  • 2006an bozketa elektronikorako makinetan Braille sistema sartu zen.
  • 2010ean nazioarteko teknikari-talde batek Indiako Hauteskunde Batzordeari jakinarazi zion bozkatzeko makinek ez zutela eskaintzen “hauteskundeen emaitzetan konfiantza izateko segurtasun, egiaztagarritasun eta gardentasun nahikorik” eta, horren ondorioz, Hauteskunde Batzordeari eskatu zion bozkatzeko beste era batzuk aztertzeko.
  • 2011n Gujarat izan zen Indian Internet bidezko botoa probatu zuen lehenengo estatua.
  • 2014an, hauteskunde orokorretan, bozketa elektronikoaren sistemari egiaztapen-metodo berri bat (WPAT Verificador Paper Audit Trail) gehitu zitzaion 543 barrutietako 8tan.
  • 2019. Hauteskunde Batzordea lanean ari zen 2019ko hauteskunde orokorretan bozketa-makinen % 100ek Boto-emaileak Egiaztatutako Paperaren Auditoretza Frogagiria (VVPAT) igor dezaten.

Aztertzen edo partzialki ezarrita duten herrialdeak

Teknologia berriekiko munduko herrien egoera

Argentina |  Australia |  Ekuador |  El Salvador |  Errusia |  Espaina |  Frantzia |  Guatemala |  Irak |  Italia |  Japonia |  Kanada |  Kolonbia |  Mexico |  Mongolia |  Namibia |  Panama |  Paraguai |  Peru |  Suitza

EUROPA

Espainia

Espainian zenbait esperientzia pilotu egin dira. Hona hemen autonomia-erkidegoen mailan eta Estatu-mailan azalduta:

Autonomia-erkidegoak:
Euskal Autonomia Erkidegoa
  • 1998an aitzindaria izan zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako boto elektronikoaren arauketan.
  • Eusko Jaurlaritzak boto elektronikorako bere sistema propioa, Demotek izenekoa, sortu zuen. Hauteskunde batzuetan erabili zen, hala nola Euskal Herriko Unibertsitateko hauteskundeetan, Bilboko Athletic Cluben hauteskundeetan eta Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetako proba pilotu batean.
Katalunia
  • 1995ean, Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan, bi hauteslekutan banda magnetikodun txartelekin esperientzia bat garatu zen. 
  • 2003an, Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan, urruneko boto elektronikorako proba pilotu bat egin zen atzerrian (Argentina, Belgika, Estatu Batuak, Mexiko eta Txile) bizi ziren hautesle katalanentzat. Halaber, hauteskunde horietan bost udalerritan boto elektroniko presentzialerako bi sistema desberdin probatu ziren: bata Eusko Jaurlaritzaren Demotek sistema eta bestea, ukipen-pantailaren bidez,  enpresa pribatu batena.
  • 2010ean Bartzelonako Udalak herri-kontsulta bat egin zuen eta Internet edo telefonia mugikor bidezko bozketa elektronikoa erabili zuen. Arazo ugari egon zen.
  • 2018ko urrian Catalunyako Gobernuak lege-aurreproiektu bat onartu zuen Generalitatearen eskumeneko parte-hartze prozesu eta hauteskundeetan atzerrian bizi zirenentzako bozketa elektronikoa ezartzeko. Aurreikusten dute 2020rako sartu ahal izango dutela eta arian-arian hautesle guztientzat zabaltzen joango direla.
Galizia
  • 1997an, Galiziako Parlamenturako hauteskundeetan, bi hauteskunde-mahaitan bi sistema probatu ziren: bata frantsesa eta bestea japoniarra, biok ukipen-pantailadunak.
  • 2005ean, Galiziako Parlamenturako hauteskundeetan, ukipen-pantaila bidezko boto elektronikorako bi proba egin ziren.
Valentziako Erkidegoa
  • 1999ko hauteskunde autonomikoetan Villenan (Alacant) botoa emateko proba egin zen bozketa elektronikorako banda magnetikoa duen CIVIS sistema frantsesa erabiliz; hain zuzen, 39 hauteskunde-mahaietan.
Andaluzia
  • 2004an Juneko udalerrian internet bidezko boto elektronikorako proba bat egin zen.
Espainiako Estatua
  • 2004ko hauteskunde orokorretan urruneko boto elektronikorako lehenengo proba egin zen hiru mahaitan.
  • 2005ean, Europako Konstituzioaren erreferenduma zela eta, Internet bidezko urruneko boto elektronikorako entsegua egin zen, baliorik gabe, hauteskunde-eguna baino egun batzuk lehenago probintzia bakoitzeko udalerri batean. Jende gutxik parte hartu zuen.
  • Diputatuak eta senatariak aukeratzeko 2008ko hauteskundeetan, Europako 2009ko hauteskundeetan eta 2011ko udal hauteskundeetan (baita Kataluniako 2010eko hauteskunde autonomikoetan ere) zenbait herritan, Barne Ministerioak eskatuta, elektronikoki administratutako mahaiaren sistema probatu zen,  hauteskunde-mahaietako zereginik garrantzitsuenak automatizatzen dituen sistema baita.

Frantzia

  • 1969an Frantziako hauteskunde-kodeak makina elektronikoen erabilera onartu zuen.
  • 2000 eta 2002 artean boto elektronikorako hainbat proba egin ziren ohiko bozketa-sistemarekin batera.
  • 2003an Internet bidezko lehenengo bozketetako bat egin zen; hain zuzen, Estatu Batuetan bizi ziren frantsesek Atzerriko frantsesen Goi Kontseilua berri zezaten.
  • 2005ean Barne Ministerioak ukipen-pantailan oinarritutako boto elektronikorako sistema berria onartu zuen. Sistema hori Europako Konstituzioaren erreferendumean erabili zen.
  • 2007ko presidentetza-hauteskundeetan 1.500.000 hauteslek, bertaratuta, elektronikoki bozkatu ahal izan zuten legezko balio osoarekin.
  • 2012an atzerriko frantsesek sei egunetan zehar Internet bidez bozkatu ahal izan zuten Frantziako Asanblea Nazionalerako hauteskundeetan. Boto elektronikoa 127.000 hauteslek erabili zuten.
  • Ziber-eraso arriskua dela eta, 2017an Frantziako Gobernuak alde batera utzi zuen atzerrian bizi diren frantziar herritarrak parlamenturako hauteskundeetan Internet bidez bozkatzeko aukera izan zezaten zerabilen asmoa. Boto elektronikoa ez dago erabilgarri herrialdean. 
  • 2020ko urtarrilaren 15ean, atzerriko kontseilari frantsesen eta kontsuletxeetako ordezkarien hauteskundeetarako Internet bidezko bozketa-plataforma onartu zen, baina Covid-19 pandemia dela eta, hauteskunde horiek 2021era atzeratu behar izan ziren. Plataformari oniritzia eman aurretik, bozketa elektronikoko bulegoaren kontrolpean eta aditu independenteen aurrean, hainbat egiaztapen-proba egin zizkioten. Frantziako Administrazioaren webgune ofizialean jakinarazten da atzerrian bizi diren eta kontsulatuko hauteskunde-zerrendan izena emanda dauden Frantziako herritarrek internet bidez eman dezaketela botoa hauteskunde presidentzialetan, legegintza-hauteskundeetan, erreferendumetan eta Europako hauteskundeetan.
  • 2022ko legegintza-hauteskundeak direla eta, Internet bidezko botoa ezarri da soilik atzerrian bizi diren hautesleentzat (11 barruti, guztira 1,43 milioi hautesle). Modalitate berri horretaz gain, hautesle horiek klasikoak ere izan dituzte eskura: hautestontzian, ahalordearena eta postaren bidez. Hala ere, Kanpo Harremanetarako Ministerioak barkamena eskatu behar izan du Internet bidez bozkatzean sortutako arazo teknikoengatik; izan ere, bozketa-prozesua amaitzeko behar den baliozkotze-kodea ez zaie pertsona askori iritsi, eta, gainera, Ministerioren ataria eskuraezina izan da bozketa itxi aurreko ia bost orduetan.

Errusia

  • 2011ko toki-hauteskundeetan boto elektroniko presentziala erabili zen herri batzuetan. Sistemak bozketa-makina aktibatzeko txartela zuen, baita aukera egiteko ukipen-pantaila ere. Halaber, bozketa-makina “ibiltariak” jarri ziren hauteslekuetara joaterik ez zuten pertsona desgaitu edo adindunentzat eta, horretarako, hautestontzi elektronikoak berorien etxeetara eramaten ziren.
  • 2018ko hauteskunde presidentzialetan 10.000 hauteskunde-kolegiotan 35 milioi hauteslerentzat 12.000 hautestontzi elektroniko inguru jarri ziren. Hautestontzi elektronikoek boto-paperak eskaneatu eta botoak automatikoki zenbatzen zituzten, eta protokolo gehienek QR kodea barne hartzen zuten.
  • 2021eko irailaren 17tik 19ra errusiako parlamenturako hauteskundeak egin dira, eta zazpi eskualdetan erabili da urrutiko bozketa elektronikoa: Mosku, Sebastopol, Kursk, Nizhny Novgorod, Yaroslavl, Murmansk eta Rostov. Errusiako Hauteskunde Batzorde Zentralak eutsi egin dio boto elektronikoaren emaitzaren legezkotasunari, barneko eta nazioarteko iruzurraren salaketen aurrean.
  • Errusiako Hauteskunde Batzorde Zentralaren arabera, 500 mila pertsona baino gehiagok boto elektronikoaren bidez parte hartu zuten irailaren 10etik 12ra egindako Moskuko alkatetzarako hauteskundeen lehen egunean, irregulartasunik salatu gabe. Errusiako Hauteskunde Batzorde Zentraleko (CEC) presidente Ella Pamfilovak aurreratu zuen errusiarrek boto elektronikoa erabili ahal izango dutela herrialdeko 30 eskualdetan, eta CECek metodo digital berri bat jarriko duela botoak zenbatzeko behar den denbora murriztuko du.

Italia

  • 2017ko urrian, Lombardia eta Venetoko autonomiari buruzko erreferendumean boto elektronikoa erabili zen. Horretarako, Smartmatic enpresak emandako bozketa-makinak baliatu zituzten, neurri handiko tablet moduko batzuk, gerora hauteslekuetan erabili zirenak. Hauteskunde-prozesu hori zalantzan jarri zen, gehiegizko gastuak sorrarazi zituelako eta, boto-kontaketan denbora gehiegi eman izanak, manipulazio-susmoak eragin zituelako.
  • 2019ko abenduan V. Senatuko Batzordeak aurrekontuari buruzko legearen zuzenketa bat onartu zuen eta, horren arabera, miloi bat euro aurreikusten dira hauteskunde orokorretan, Europako hauteskundeetan eta erreferendumetan boto elektronikoarekin esperimentatzeko. Horrek eragingo die kanpoan dauden italiarrei eta ikasketa-, lan- edo osasun-arrazoiengatik bere bizilekuan ez dauden hautesleei.

Suitza

  • 2003 eta 2005 artean Interneten eta mugikorretako mezuen bidezko boto elektronikorako lehenengo entseguak egin ziren Geneva, Neuchâtel y Zuricheko kantoietan.
  • 2008an lehen aldiz bozketa elektronikorako proiektu pilotuak egin ziren atzerrian bizi ziren suitzarren parte hartzea izanda.
  • 2009an Internet bidezko boto elektronikoaren erabilera onartu zuen lehenengoa Genevako kantoia izan zen eta bere Konstituzioan sartu zuen.
  • 2011n, Zuricheko kantoiak arrazoi teknikoengatik eta kostuagatik erabaki zuen boto elektronikorako entseguak bertan behera uztea. Dena den, 2014an berriro hasteko asmoa dago.
  • Gaur egun Internet edo SMS bidezko boto elektronikorako probak Suitzak dituen 26 kantoietatik 13tan egiten dira. Kantzilertza Federalak kantoietako proiektuak koordinatu eta maila federaleko entseguak egiteko beharrezko baimenak ematen ditu. Probek atzerrian bizi diren suitzarrak ditu helburu.
  • 2014an, bozka elektronikoaren frogak, bai Internet bidezkoak bai SMS bidezkoak, Suitzak dituen 26 kantoietatik 13tan egin ziren. Kantzilleria federalak koordinatu zituen kantoiarteko egitasmoak, eta beharrezko baimenak eman zituen federazio guztian entseguak egin zitezen.
  • Parlamenturako 2015eko hauteskundeetarako, gobernuak gaitzetsi egin zuen atzerrian zeuden boto-emaileek botoa Internetez ematea 13 kantoitik 9tan; izan ere, kanpo auditoria batek segurtasun-arazoak antzeman zituen botoaren isilpekotasuna gordetzeari dagokionez. Azkenean, atzerrian bizi diren 142.000 suitzarretatik 13.000k bozkatu zuen Internetez.
  • 2017an, suitzar agintariek adierazi zuten boto elektronikoa kantoi gehiagora zabaltzeko asmoa dutela: helburua da 2019an Suitzako 26 kantoietatik bi herenak boto elektronikoa izatea.
  • 2017ko irailean egindako erreferenduma. Suitzan egoitza zuten 122.788 hauteslek elektronikoki bozkatu zuten honako kantonamendu hauetan: Friburgo, Basilea-Hiria, Sankt Gallen, Neuchâtel eta Geneva. Bestalde, egoitza atzerrian zuten 76.910 suitzarrek elektronikoki bozkatu zuten ere beste kantonamendu hauetan: Berna, Lucerna, Friburgo, Basilea-Hiria, Sankt Gallen, Aargau, Neuchâtel eta Geneva.
  • 2018: Kontseilu Federalaren xedea da boto elektronikoa ohiko bidea izan dadin lortzea, boto elektronikoari buruzko adituen taldearen azken txostenean (2018ko ekainaren 27ko bilera) azaltzen den bezala. Halaber, bozketa elektronikoari buruzko (OvotE) CHF Ordenantza berrikusi nahi da, iturburu-kodea argitara dadin, gardentasun handiagoa lortzeko.
  • 2018ko ekainean Zug hirian egin zen Blockchain teknologian oinarritutako lehenengo bozketa. Probatzeko udal bozketa izan zen eta beraz, emaitzak ez ziren lotesleak izan, Suitzako berrien agentziaren arabera, bozketa arrakastatsua izan zen. Dena den, parte hartzea, espero zena baino apalagoa izan zen: 240 hautesleetatik soilik bozkatu zuen %30.
  • 2019ko Hauteskunde Federalak. Suitzak boto elektronikoa bertan behera utzi zuen lau kantonamendutan: Basilea-Hiria, Neuchâtel, Friburgo eta Tugovia, non Swiss Post sistema erabiltzen zen, sistemari egindako proba batean akats kritiko batzuk agertu zirelako. Bestalde, Genevako kantonamenduak ere jakinarazi zuen boto elektronikoari uko egiten ziola, finantza-arrazoiengatik . Horren ondorioz, atzerrian bizi ziren suitzarrek ezin izan zuten botoa elektronikoki eman, eta partaidetza nabarmen murriztu zen 2015ekoarekin alderatuta (Geneva: % 32ko partaidetza 2015ean eta % 21ekoa 2020an; Lucerna: % 32,1etik 23,4ra; eta Basilea: % 26tik % 19,2ra).
  • 2021etik aurrera, Swiss Postek egiaztagarritasun unibertsaleko sistema berri bat kantoien esku jartzeko asmoa dauka, proba egiteko, eta agian horrek ekar lezake boto elektronikoa berriro sartzea.
  • Kontseilu Federalak (Gobernuak) hiru kantonamendu onartu ditu boto elektronikoarekin proba berriak egiteko. Sistema berria 2020ko urriaren 22ko hauteskunde federaletan ere erabili ahal izango da. Entsegu-fase luze bat eta barne-probak egin ondoren, onarpen hori aldaketak izan ditzakeen lehen urratsa da, baina Suitzak berriz ere boto elektronikoko sistema bat martxan jartzea dakar. Sistema erabat berria da, edo, hobeto esanda, Swiss Post-en "funtsean berrikusitako" sistema, 2019an funtzionatzeari utzi ziona, segurtasun-gabeziak direla eta. Gobernu federalaren oniritzia jaso du orain. Hiru kantoi 2023an hasiko dira erabiltzen. 2023ko urriko hauteskunde nazionaletan ere erabil daitezke. Horretarako, ordea, hiru kantoiek lizentzia berriak behar dituzte Kontseilu Federaletik bereiz, eta lizentzia horiek ordura arte dena ondo badoa bakarrik emango dira.

AFRIKA

Namibia

  • 2014n, lehendakaritzarako hauteskunde batzuetan boto elektronikoko sistema bat erabiltzen zuen lehenengo estatu afrikarra izan zen. Indiatik inportatutako ukipen pantailak erabili zituzten. Hala ere, kexa ugari egon zen: sistemak ez zuen ematen paperezko boto-egiaztagiria, makinen funtzionamenduak akats asko eduki zituen eta teknikariak eta hautesleen trebakuntza eskasa izan zen.

AMERIKA

Argentina

  • Probintzia bakoitzak bere hauteskunde-legedia du eta, horregatik, horietako bakoitzak bilakaera desberdina izan du boto elektronikoaren erabileraren inguruan. Zortzi probintziak boto elektronikoaren erabilerari buruzko legeak egin dituzte.
  • 2003an Buenos Aireseko probintzia aitzindaria izan zen 13.082 Legea berretsi zuelako. Lege horrek barrutietan boto elektronikorako sistemak ezartzea baimentzen zuen. Probintzia horrek DRE (Direct Recording Electronic Voting System) bozketa-sistema aukeratu zuen. Sistema horrek boto-txartel elektronikoak erabiltzen ditu eta bozketaren datuak bozketa egin den tokitik beste toki batera bidaltzen ditu sare publikoaren bitartez. Bestetik, urte horretan Ushuaian (Tierra del Fuego) hautestontzi elektronikoen sistema bat erabili zen.  Bi esperientziak lotesleak izan ziren.
  • 2003tik aurrera probak hainbat probintziatan egin ziren: Chaco, Mendoza, Tierra del Fuego, Buenos Aires, etab.
  • 2011n, hauteskunde orokorretan, Saltako probintzian hauteskunde-erroldaren % 33k elektronikoki bozkatu ahal izan zuen. Sistemak hautagaia aukeratzeko ukipen-pantaila zuen; jarraian, txip baten bidez boto-txartel bat inprimatzen zen. Txartel hori eskaner batetik pasatzen zen eta bozkatutako hautagaia zela egiaztatzen zuen. Amaitzeko, botoa ohiko hautestontzi batean sartzen zuen. 2013ko hauteskunde primarioetan boto elektronikorako sistema bera ezarri zen hauteskunde-mahaien % 100ean.
  • 2015eko apirilean, boto elektronikoa erabili zen Saltako hauteskunde primarioetan, eta entsegu bat egin zen sistema berarekin Buenos Airesen. Saltan, 2.800 makina erabili ziren 937.124 herritarrentzat, baina erreklamazioak izan ziren makinen funtzionamendu okerrarengatik, makinok kontrolik gabe ordezkatu izanagatik eta frogagirietan inprimatutakoa ezin zelako behar bezala irakurri. Buenos Airesen bozketa-makinak instalatu ziren 820 eskolatan 300.000 boto-emailerentzat, boto-emaileak uztaileko hauteskunde orokorretan parte hartzera bultzatzeko xedez.
  • 2016an, Txartel Elektroniko Bakarraren Sistemaren Legearen (Ley de Sistema de Boleta única Electrónica) egitasmoa onetsi zen Diputatuen Kongresuan, baina Senatuan gaitzetsia izan zen. Beraz, oraingoz, ezin da boto elektronikoaren sistema erabili nazio-mailan.
  • 2017ko urrian, Buenos Aireseko Consejo Nacional de Investigaciones Científicas y Técnicas (CONICET) delakoak, Barne Arazoetako, Lan Publiko eta Etxebizitzako Ministerioak hala eskatuta txosten bat egin zuen, ikertzen zuena “hauteskunde-prozesuko hainbat alderdi eta faseetan teknologia ezartzeko egingarritasuna”. Ondorio gisa, gomendatzen zion gobernu nazionalari ez egiteko aurrerantz, ez epe laburrean zein ertainean, bozka-paper elektroniko bakarra gauzatzeko asmoarekin.
  • 2023ko abuztuaren 13ko PASOko bozketa elektronikoan izandako inprobisazio-mailaren salaketen ondoren, Buenos Aires Hiriak ez du boto elektronikoaren sistema erabiliko hauteskunde orokorretan. Argentinak 2023ko urriaren 22an ospatuko du.

Kanada

  • Hauteskunde federaletan paper bidezko ohiko bozketa-sistema erabiltzen jarraitzen dute. Bozketa elektronikoa udal mailan erabili da. Probintzia bakoitzak eta udalerri bakoitzak bozkatzeko nahi dituzten makinak eta arauak aukera ditzakete, baina udalerri batzuek probintziako arauak eta erregelamenduak bete behar dituzte.
  • 1995ean Winnipegen egin zen boto elektroniko bidezko lehenengo udal-bozketa.
  • 2003an Markhamek eta Ontariok Internet bidez bozkatzeko sistema bat sartu zuten. 2003tik Ottawan eskaneatze optikoko makinak hasi ziren erabiltzen.
  • 2004an Edmontonen aldez aurretik bozkatzeko ukipen-pantailadun makinak erabili ziren. San Juanek eskaneatze optikoa erabili zuen.
  • 2005ean arazo ugari izan zuten udal-hauteskundeak egin ziren Quebecen. 2006an Hauteskundeetarako zuzendari nagusiak 2005ean boto elektronikorako sistemak izan zituen gorabeherei buruzko txostena aurkeztu eta, horretan oinarrituta, erabilera aldi batez bertan behera uzteko erabakiaren berri eman zuen. Halaber, 2005ean Montrealeko udal-hauteskundeetan boto elektronikoa (Accu-Vote) erabili zen eta Hauteskunde Batzordeko buruak eragozpen ugari egon zela aipatu zuen.
  • 2006an eta 2008an toki-mailan internet bidez bozkatzeko probak egin ziren.
  • 2011n sei probintziak (Alberta, Columbia Britainiarra, Brunswick Berria, Eskozia Berria, Ontario eta Quebec) onartu zituzten boto elektronikoa emateko era batzuk, Internet bidezko botoa barne, ahalbidetzen dituzten legeak.
  • 2017an, Gobernuak, “Hauteskunde Erreformari buruzko Batzorde Bereziaren” iradokizunei erantzunez, jakinarazi zuen oraingoz ez zuela indarrean jarriko online-bozketa hauteskunde federaletan.
  • 2018tik aurrera, udal hauteskundeetan baino ez da online bidezko bozketa erabili, eta ez dago probintzia edo federazio mailara zabaltzeko asmorik.
  • Ontarion, 2018ko udal hauteskundeetan, 444 udalerritatik 194tan eman ahal izan zen botoa elektronikoki. Dena den, udalerri batzuetan bozkatzeko orduak luzatu behar izan ziren, prozesu elektronikoan hainbat arazo sortu zirelako.
  • 2020ko maiatzaren 26an, Elections Canadak bozketari buruzko adierazpen bat egin zuen COVID-19 pandemian zehar.
    "Une honetan, Elections Canadak ez dauka Internet bidezko botoa sartzeko asmorik. Horrelako aldaketa bat ezartzeko, plangintza eta proba garrantzitsuak egin beharko lirateke, agentziak bozketaren zenbait alderdi gordeko dituela bermatzeko, konfidentzialtasuna, sekretua, fidagarritasuna eta osotasuna barne. Egungo muga operatiboak eta denbora-mugak kontuan hartuta, aukera hori ezin da une honetan behar bezala aztertu. "

Kolonbia

  • 2007an proba pilotua burutu zen Bogotan, Pereiran eta San Andresen egindako toki-hauteskundeetan. Bozketa elektronikorako hainbat herrialdetan ezarritako lau sistema erabili ziren.
  • 2009an, Marlyn eta Plaza de Bolívarren, alderdien 2009ko kontsultetan, ukipen-pantaila eta taula elektroniko bidezko boto elektronikoa erabili zen. Lehenengo esperientzia loteslea izan zen.
  • 2011, tokiko hauteskundeetan, identifikazio biometrikoaren aplikazioa hautesle-erroldaren % 10eraino iritsi zen.

El Salvador

  • Hauteskunde Auzitegi Gorenak (EOT) boto elektronikoa ezarriko die salvadortarrei kanpoan, 2024ko presidente, presidenteorde eta Biltzar Legegilerako hauteskundeetan.

Ekuador

  • 2004an, eskualde-hauteskundeetan, hautestontzi brasildarrak erabili ziren eta emaitzak lotesleak izan ziren.
  • 2013an Errusiako Federazioko Hauteskunde Batzordeak eta Ekuadorreko Hauteskunde Batzorde Nazionalak boto elektronika ezartzeko aholkularitza jasotzeko hitzarmen bat sinatu zuten. Era berean, Azuayn 2014an boto elektronikoa erabiltzeko lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Argentinako Hauteskunde Zuzendaritza Nazionalak (DINE) eta Ekuadorreko Hauteskunde Batzorde Nazionalak. Hitzarmen hauen ondorioz, 2013ko tokiko hauteskundeetan, 3 probintziatan, bozketa elektronikoko 3 teknologia desberdin erabili ziren: botoaren egiaztagiri inprimatuko boto elektronikoa, txip elektronikodun boto-txartela eta botoaren erregistro elektronikoa. Hautesle-erroldaren %10k erabili zuen teknologia hauetako bat.
  • 2014an, boto elektronikoaren lehenengo froga loteslea egin zen Santo Domingoko (300.000 hautesle) eta Azuayko (600.000 hautesle) hauteskunde probintzialetan.
  • 2023ko otsailaren 5ean egin ziren hauteskundeetan, atzerrian bizi diren 97.000 ekuadortarrek modu telematikoan bozkatzeko aukera izan zuten metodo hori gaituta zegoen 52 eremuetako batetik. 19.000k bozkatu zuten azkenean. Atzerrian bizi ziren ekuadortarrek bozkatu ahal zuten,  baina soilik Herritarren Partaidetzarako eta Kontrol Sozialerako Kontseiluko (CPCCS) zazpi kideak aukeratzeko, eta Gobernuak bultzatutako erreferendum bateko zortzi galderengatik.
  • 2023ko abuztuko hauteskunde presidentzial eta legegileetan, Hauteskunde Kontseilu Nazionalak kanpoan bizi diren ekuadortarren bozketak baliogabetzen ditu, hautesle askok beren botoak eman ezin izan dituztelako boto telematikoaren sisteman izandako arazoengatik.

Guatemala

  • 2002an alkateak eta sindikoak aukeratzeko hauteskundeetan bozketa elektronikoa erabili zen: hautagaiak pantailan aurkezten ziren eta hautesleak zenbakizko teklatu batean erabakitzen zuen.
  • 2018an Hauteskunde Auzitegi Gorenak iragarri zuen 2019ko hauteskunde orokorretan Estatu Batuetako egoiliarrek elektronikoki bozkatu ahal izango dutela, mugikorraren, tabletaren edo ordenagailuaren bidez, kontsulatuetara joan beharrik gabe.
  • 2023ko ekainaren 20ko hauteskundeetarako, bai lurralde nazionalean bai atzerrian, Hauteskunde Auzitegi Gorenak boto elektronikoaren erabilera ezetsi du.

Mexico

  • 2005ean Coahuillako estatuan proba pilotuak burutu ziren gobernadorea, diputatuak eta alkateak aukeratzeko hauteskundeetan. Estatu hori aurreratuena da boto elektronikoaren arloan. Proba pilotu batzuk egin ondoren, estatuko 2008ko hauteskundeetan ukipen-pantailadun 100 hautestontzi elektroniko erabili ziren eta bozketa loteslea izan zen.
  • Boto elektronikoaren esperientziak izan dira Barruti Federalean 2003, 2006 eta 2009an, eta Jaliscon 2009 eta 2012an.
  • Internet bidezko botoari dagokionez, Hauteskunde Institutu Federalak (IFE) atzerrian bizi ziren mexikarrentzat ezarri zuen 2012ko presidentetza-hauteskundeetan. Esperientzia ez zuen emaitza onik izan, batez ere kostu handiagatik.
  • 2017an, Hauteskunde Institutu Nazionalak (INE) baztertu egin zuen boto elektronikoa atzerrian bizi diren mexikarrentzat, 2018ko estatu-hauteskundeetarako eta presidentea hautatzeko hauteskundeetarako, hain zuzen ere aurrekontu eta denbora faltarengatik eta zehaztasun tekniko ezarengatik.
  • 2021ean eta 2022an, atzerrian bizi diren egoiliarrentzat Internet bidezko botoa gaituko da, hasiera batean, tokiko hauteskundeetarako baino ez.
  • Jalisco eta Coahuila estatuetan hautestontzi elektronikoak erabili dira 2021eko ekainaren 6ko Estatuko eta Federazioko hauteskunde-prozesuetan. Estatu bakoitzean hautestontzi elektronikoko 50 postu jarri dira.
  • 2023an, atzerrian bizi diren Coahuilako eta Mexiko DFko herritarrek botoa emateko erregistratu eta modalitate elektronikoa aukeratu badute, botoa modu seguruan eman ahal izango dute Internet bidezko Boto Elektronikoaren Sistemaren (SIVEI) bidez. Horretarako, EINek, beranduenez 2023ko maiatzaren 4an, Atzerrian bizi diren Hautesleen Zerrenda Nominalean erregistratutako herritar bakoitzak emandako posta elektronikora bidaliko ditu sisteman sartzeko erabiltzaile eta gakoa.

Panama

  • 2014ko presidentetza-hauteskundeetan, deitutako 2,4 milioi hautesleetatik 4.859k boto elektronikoa erabili zuten Panama hiriko hautesleku batean. Ukipen-pantailak zituzten makinen bidezko sistema izan zen. Hauteskunde Epaimahaiak esperientzia arrakastatsutzat jo eta sistema optimizatzeko neurriak hartu behar direla adierazi zuen.
  • 2015ean, beste proba-pilotu bat egin zen Panamako Abokatuen Elkargoan: deitutako 3.000 hautesleetatik 1.900ek eman zuten botoa, eta Hauteskunde Epaimahaiaren arabera proba arrakastatsua izan zen.
  • 2024ko maiatzaren 5eko hauteskundeetan biztanleriaren ehuneko txiki batentzat erabiliko da boto elektronikoa. 20 mahai izango dira, eta Atlapa Konbentzioen Zentroan jarriko dira. Mahai bakoitzak 500 hautesle izango ditu gehienez. Horrek adierazten du 10 mila pertsona inguru gaituko direla mekanismo horren bidez bozkatzeko.

Paraguai

  • 2003ko eta 2006ko presidentetza-hauteskundeetan lehen aldiz modu ofizialean hautestontzi elektronikoak erabili ziren Brasileko TSE erakundearekin elkarlanean.
  • 2008an ohiko sistemara itzuli zen alderdien arteko adostasunik ezagatik.
  • Paraguaik boto elektronikoa estreinatu zuen 2023ko apirilaren 30ean, hauteskunde orokorretan. Mekanismo hori erabili zen 2021eko udal hauteskundeetan lehenengo aldiz. Herrialde osoan 12.259 bozketa-mahai eta 15.830 makina elektroniko jarri ziren botoa emateko. Hala ere, pertsona asko, batez ere adineko helduak, lokaletara iritsi ziren bozkatzeko makinek nola funtzionatzen zuten jakin gabe, eta horrek "boto lagunduaren" salaketak eragin zituen. Oposizioko hautagai ohiek eta independenteek eskuzko zenbaketa eta erabilitako sistema elektronikoaren auditoria eskatu zituzten. Protestak izan ziren lekun batzuetan , 42 atxiloturekin.

Peru

  • Hauteskundeetarako Bulego Nazionalak (ONPE) urruneko boto elektroniko presentzialerako sistema propioa garatu du.
  • 2005ean 28581 zenbakiko legea onartu zen. Lege horrek boto elektronikoaren pixkanakako ezarketa baimendu zuen.
  • 2011n Pacarango barrutian boto elektroniko presentzialaren bidezko lehenengo esperientzia loteslea burutu zen presidentetza-hauteskunde batzuetan. 2012. urtean berriro erabili zen.
  • 2014ko urriko  udal eta eskualdeko hauteskundeetan erabili zen boto elektroniko loteslea 7 hautes-barrutian (34.672 hautesle eta 186 mahai). Akatsak egon ziren teknikari, mahaiko kide eta hautesleen gaitasun ezagatik. Honek, luzamenduak ekarri zituen bozkatze prozesuan. Emaitzak, hauteslekuak itxi eta handik 7 ordutara jakinarazi ziren, alderdi batzuk botoen erkatzea  egitea eskatu zutelako.
  • Eskualdeko presidentea eta presidenteordea hautatzeko 2014ko hauteskundeetan ere boto elektroniko loteslea erabili zen Pacaráneko barrutian, 1.458 hauteslerekin.
  • 2016an, presidentea bigarren aldiz hautatu zen, eta boto elektronikoa aplikatu zen Lima eta Callaoko 19 barrutitan, 743.169 hautesleko erroldarekin, alegia hautesleen %3.
  • 2017ko martxoan, udal?hauteskundeetan, 6.000 hauteslek baino gehiagok erabili ahal izan zuten boto elektronikoa Ayacuchon eta Ucayalin. Hauteskunde Prozesuen Bulego Nazionalaren (ONPE) arabera, emaitzak 30 minutuan argitaratu ziren.
  • 2017ko abenduan, 18.079 hauteslek (guztien %59) berriro erabili zuten bozka elektronikoa udal hauteskundeak egiten ari ziren 18 barrutietako 12an.
  • 2018ko urriko udal eta erregioetako hauteskundeetan bozka elektroniko presentziala 39 barrutitan erabili zen. ONPEk berak diseinatu eta sortu zuen erabilitako sistema Bozka elektroniko presentziala honako barruti hauetan erabili zen: Lima Metropolitanoko 21 barruti, Callaoko Probintzia Konstituzionaleko 2 barruti eta barnealdeko 16 barruti. Orotara, 1.729.028 hauteslek erabili ahal izan zuten teknologia hori. Abenduan erregioetako hauteskundeen bigarren buelta egingo da eta erreferendum bat, eta boto elektronikoa barruti berberetan erabiliko da.

ASIA

Irak

  • 2017ko iraileko Kurdistaneko independentziari buruzko erreferenduma: Iraketik kanpo bizi ziren kurduek aukera izan zuten elektronikoki bozkatzeko.
  • 2018an, hauteskunde-iruzurra ekiditeko asmoz, erabili ziren lehenengo aldiz, bozketa-makina biometrikoak. Hala ere, Hauteskunde Batzorde Nagusiak jakinarazi zuen 1021 hautestontzitako bozkak baliogabetuko zituela, iruzurra dela eta. Erakunde politikoek aurkeztutako salaketetan, bozka elektronikoari egozten zioten gehien bat iruzurra egotea.

Japonia

  • 2002an tokiko hauteskundeetan boto elektronikoa baimentzen duen legea onartu zen. Urte horretan bertan Niimi izan zen ukipen-pantaila bidezko boto elektronikoa modu loteslean ezarri zuen lehenengo hiria.
  • 2004tik aurrera boto elektronikoa hainbat udalerritan erabili da.
  • 2018an Aomoriko udal-gobernuak bozketa elektronikoko sistema baztertzea erabaki zuen. Hori zen Japonia osoan erabiltzen zuen udal-gobernu bakarra, beste guztiak aspaldi baztertu baitzuten. Makinen kostua handia zela eta hartu zen erabakia.
  • Tsukuba hirian kontsulta batean Blockhain erabili zen, gizarte laguntzarako proiektuen proposamenak hautatzeko kontsulta bat zen eta horretan 119 hauteslek parte hartu zuten.

Mongolia

  • 2012an, aurreneko aldiz erabili zen boto elektronikoa parlamentua hautatzeko hauteskundeetan, hain zuzen ere botoak zenbatzean iruzurrik egon ez zedin, baina arazo teknikoak izan ziren.

OZEANIA

Australia

  • 2000n boto elektroniko bidez bozkatzeko legedia onartu zen.
  • 2001ean Canberran lehenengo esperientzia pilotua egin zen EVACS (Electronic Voting And Counting System) erabiliz. 2004ko urriko hauteskundeetan berriro erabili zen.
  • 2006an, Victoriako estatuko parlamenturako hauteskundeetan, sei hauteslekutan 37 terminal jarri ziren, era horretan ikusteko desgaitasuna zuten pertsonei eta ingelesez ondo ez zekiten hautesleei bozkatzen laguntzeko.
  • 2007an, hauteskunde federaletan, Australiako Hauteskunde Batzordeak bozketa elektronikorako 29 postu jarri zituen. Horiei esker, ikusteko desgaitasuna zuten hautesleek bozkatu ahal izan zuten aldez aurreko aldi batean eta hauteskunde-egunean zehar.
  • 2010ean Victoriako estatuak bozketa elektronikorako postuak erabili zituen ikusteko desgaitasuna zuten hautesleentzat eta; bestetik, bozketa-zentro mugikorrak ospitaleratutako eta adineko hautesleentzat.
  • Hegoaldeko Gales Berriko 2011ko estatu-hauteskundeetan iVote sistema erabili ahal izan zuten itsuek, ikusmen-desgaitasuna zutenek, ezinduek eta atzerrian edo beste estatu batean bizi ziren egoiliarrek. Guztira, 47.000 lagunek eman zuten botoa.
  • 2015ean, Hegoaldeko Gales Berriko estatu-hauteskundeetan iVote sistema erabili zen, eta, orduko hartan, 286.000 hauteslek eman zuten botoa. Boto-emaileak ikusmen-desgaitasuna zuten hautesleak izan ziren, baita bozketa-lekutik 20 km.tik gorako distantziara zeudenak.
  • 2016an eta 2017an, beste behin ere, Hegoaldeko Gales Berriko Hauteskunde Batzordeak iVote sistema erabili zuen hauteskunde partzialetan. Hauteskunde Batzordeak 2017ko hauteskunde orokorretan ere erabili zuen.
  • Hegoaldeko Gales Berriak iVote erabili zuen berriro 2019ko hauteskunde estataletan. Botoa aurrez aurre eman ez zuten boto-emaileen % 63k Internet bidez eman zuten, eta bi boto-emailetatik batek aplikazio ofiziala erabili zuen botoa egiaztatzeko.
  • Hegoaldeko Gales Berria, 2021ean, sistemak etenaldiak izan zituen, eta NSWko Hauteskunde Batzordeak kalkulatu zuen 10.000 pertsonak edo gehiagok ezin izan zutela bozkatu. Hegoaldeko Gales Berriko Gorte Gorenak otsailean erabaki zuen kontseiluko hiru hauteskundeetako emaitzak baliogabetu eta berriro gauzatu behar direla.

Legez debekatuta edo geldiarazita duten herrialdeak

Teknologia berriekiko munduko herrien egoera

Alemania |  Erresuma Batua  |  Finlandia |  Herbehereak |  Irlanda |  Kazakhstan |  Norvegia | 

EUROPA

Alemania

  • 2005ean parlamenturako hauteskundeetan lehen aldiz bozketa elektronikoa erabili zen.
  • 2009an, auzi eta salaketa judizial batzuen ondoren, Alemaniako Auzitegi Gorenak konstituzioaren aurkakotzat jo zuen hautestontzi elektronikoen erabilera; hain zuzen, bozketa elektronikorako sistemak ezagutza teknikorik gabeko pertsonek   hauteskunde-prozesua ikuskatzea ez ahalbidetzeagatik.

Erresuma Batua

  • 2002an eta 2007an Erresuma Batuan hogeita hamar esperientzia pilotu baino gehiago burutu ziren bozketa elektronikorako hainbat sistema erabiliz. 2008an, egindako probei zegokienez, Hauteskunde Batzordeak adierazi zuen izandako segurtasuna eta bermeak ez zirela nahikoak eta, ondorioz, ebatzi zuen boto elektronikoarekin ez zela jarraituko.

Finlandia

  • 2006an Parlamentuak 2008ko udal hauteskundeetan boto elektronikoa erabiltzeko lege-proiektua onartu zuen.
  • 2008an, udal-hauteskundeetan, boto elektronikorako proba egin zen hiru herritan.  Hala ere, erabilgarritasun-arazoak zirela eta, bozketa baliogabetu zuten. Sistemak hautestontzi elektronikoak erabiltzen zituen.
  • 2010ean gobernuak erabaki zuen une horretan bozketa elektronikoa bertan behera uztea. Bitartean, erne egon nahi zuen nazioartean bozketa elektronikoaren arloan agertutako aurrerapenak ikusteko.
  • 2016an, Finlandiako gobernuak lantalde bat eratu zuen hauteskunde orokorretan eta kontsulta-erreferendumetan online boto elektronikoaren erabileraren bideragarritasuna aztertzeko. Azterketa hori amaitzeko epemuga 2017a zen. Lan-taldeak gomendatu zuen hauteskunde orokorretan ez dela online bozka elektronikoa erabili behar. Argudiatu zuen ez zuela maila nahikorik egiazkotasunaren eta hauteskunde-sekretutasunaren betekizunak betetzeko.

Herbehereak

  • Herbehereak aitzindaria izan da boto elektronikoaren ezarketan. 1965ean hauteskunde-legediak erabiltzea baimendu zuen.
  • 2006an ikertzaile-talde batek azaldu zuen boto elektronikorako erabilitako sistemak segurtasun-akatsak zituela.
  • Hori zela eta, 2008an Herbehereetako gobernuak ofizialki iragarri zuen paperean oinarritutako hauteskunde-sistemetara itzultzen zela.
  • 2017ko martxoko hauteskunde orokorretan balizko ziber-erasoak ekiditeko, gobernuak alde batera utzi zuen kontaketa elektronikoa, adituen ustez softwarea zaharkitua eta akastuna baitzen. Bozketa osoa paperean egin zen; boto-zenbaketa eskuz, eta emaitzak ere telefonoz jakinarazi ziren, ordenagailuz egin beharrean.

Irlanda

  • 2000. urtean legedia aldatu zen boto elektronikoa sartzeko.
  • 2002an, hauteskunde orokorretan, lehenengo proba egin zen Dublingo iparraldeko  eta mendebaldeko eta Metako herritarren artean. Sisteman hautesleak hautagaien botoia aukeratzen du nahi duen ordenan pantailadun taula elektroniko baten bitartez.
  • 2004an Irlandako gobernuak batzorde independente bat sortu zuen boto elektronikoaren segurtasuna eta konfidentzialtasuna ebaluatzeko. Batzordeak, egoera aztertu ondoren, ondorioztatu zuen hautaketaren segurtasuna ez zegoela bermatuta.
  • 2009an gobernuak iragarri zuen boto elektronikoa sartzeko lanak bertan behera uzten zituela ezarketak eragiten zituen kostu ekonomikoengatik eta hautesleek bozkatzeko ohiko sisteman zuten konfiantzagatik.
  • 2012an gobernuak erabaki zuen 2002an eskuratutako 7500 makina fidagarritasunik ezagatik behin betiko baztertzea.

Norvegia

  • 1993an Oslon irakurketa optikorako makina probatu zen.
  • 2011ko toki-hauteskundeetan egin zen proban hamar herritan bozkatu ahal izan zuten papera erabiliz edo Internet bidez. Hori izan zen nahitaezko hauteskunde-prozesu publikoetan bozketa elektronikoa erabili zen lehen aldia. Boto-emaileek aldez aurreko bozketa-aldi batean Internet bidez bozkatu ahal zuten, baina hauteskunde-egunean paper bidez bozkatzeko aukera izanda, Internet bidezko botoaren aurretik nagusitzen baitzen.
  • 2013an, parlamenturako hauteskundeetan, Internet bidez bozkatzeko bigarren proba egin zen.
  • 2014an, Norvegiako gobernuak amaitutzat jo zituen internet bidezko boto elektronikoaren sistemen entseguak; hain zuzen, 2011 eta 2013 artean hauteskunde nazionaletan eta toki-hauteskundeetan egin baitziren. Erabaki hori hartu zen une hartan zegoen eztabaida politikoagatik eta; horrez gain, burutu ziren entseguek herritarren parte-hartzea bultzatu ez zutelako.
  • 2014an, Norvegiako gobernuak amaitutzat eman zituen 2011ko eta 2013ko hauteskunde nazionaletan eta toki-hauteskundeetan egindako Internet bidezko boto elektronikoaren entseguak. Erabaki hori tira-bira politikoengatik hartu zuen, baita egindako entseguek ez zutelako herritarren partehartzea bultzatu.

ASIA

Kazakhstan

  • 2004an boto elektronikorako bere lehenengo esperientziak egin zituen parlamenturako hauteskundeetan.
  • 2005ean, Taldykorganeko hiriko barruti batzuetan burututako hauteskundeetan, boto elektronikorako “Sailau” izeneko sistema erabili zen.
  • 2007an, parlamenturako hauteskundeetan, boto elektronikoa berriro erabili zen, baina egun batzuk lehenago bi adituk zalantzan jarri zuten sistemaren segurtasuna.
  • 2011n Hauteskunde Batzorde Nagusiak uko egin zion boto elektronikorako “Sailau” sistema erabiltzeari hautesleek faltsifikazioei buruzko susmoak azaltzen baitzituzten.

Azken aldaketako data: